NAIZ

Ipar Euskal Herriko suhiltzaileek baliabide gehiago eskatu dituzte greba egunean

Ipar Euskal Herriko suhiltzaileek bat egin zuten ostegunean Frantziako Estatu osoan deitutako grebarekin, lan-baldintzen hobekuntza eskatzeko. Langile faltak eta larrialdien gorakadak zerbitzuaren gaitasuna zailtzen dutela ohartarazi dute, eta mobilizazio berriak iragarri dituzte.

Ipar Euskal Herriko suhiltzaileen artxiboko irudia.
Ipar Euskal Herriko suhiltzaileen artxiboko irudia. (Bob EDME)

Giza baliabide eta baliabide tekniko gehiago, lanbidearen aitortza eta larrialdi zerbitzuen antolaketa berrikustea eskatu dituzte Ipar Euskal Herriko suhiltzaileek. Ostegun honetan Frantziako Estatuko suhiltzaile profesionalek deitutako greba eta mobilizazioarekin bat egin zuten, sektoreak bizi duen egoerari arreta emateko.

Ipar Euskal Herrian, suhiltzaileen ordezkari sindikalek urteak daramatzate baliabide faltaren inguruko kezka agertzen. Franck Damestoyk, UNSA sindikatuko ordezkari eta Angeluko suhiltzaileak, azaldu duenez, gero eta zailagoa da lurralde osoan behar adinako operatibotasuna bermatzea, aldi berean beste lurralde batzuetan gertatzen diren larrialdietara errefortzuak bidali behar dituztelako. Uztailaren erdialdean Girondan izandako baso-suteetan, esaterako, Ipar Euskal Herriko suhiltzaileek ere parte hartu zuten. 

Sindikatuen arabera, langile falta, kontratazio arazoak eta plantillen zahartzea dira sektorearen arazo nagusietako batzuk. Horri gehitu behar zaio azken urteotan larrialdi egoeren kopuruak gora egin duela, besteak beste, suteak, uholdeak eta muturreko fenomeno meteorologikoak ugaritu direlako. Egoera horrek suhiltzaileen lan-baldintzak eta larrialdiei erantzuteko gaitasuna zailtzen dituela ohartarazi dute. 

Ipar Euskal Herriko suhiltzaileek, gainera, klima aldaketaren testuinguruan Segurtasun Zibilaren funtzionamendua osotasunean berrikustea eskatu dute. Izan ere, sute handien eta bestelako hondamendien aurrean gero eta baliabide gehiago behar dira. 

Lau hildako

Aurten, frantziar Estatuan lau suhiltzaile hil dira bero-boladekin lotutako larrialdietan, eta sindikatuek lanbidearen arriskuak eta baldintzak hobeto aitortzeko beharra nabarmendu dute. 

Greba eguna izan arren, larrialdi zerbitzuek martxan jarraitu zuten, eta esku-hartzeak bermatu ziren. Mobilizazioaren helburua, beraz, ez zen herritarren larrialdi arretari eragitea, baizik eta frantziar Gobernuari sektorearen egoerari erantzuteko eskaria helaraztea. 

Atzo, gainera, suhiltzaileen ordezkari sindikalek bilera egin zuten Laurent Nuñez Frantziako Barne ministroarekin. Bilera «etsipenez» amaitu zela azaldu dute sindikatuek, eta gobernuaren aldetik erantzun nahikorik jaso ezean mobilizazioak areagotzeko asmoa agertu dute. Hala, irailaren 29rako beste lanuzte bat iragarri dute.