Ramon Sola

Sendotze bidean Alaves, talde oso orekatua batu ondoren... inork zapuzten ez badu

Moldaketa politak egin dizkio ‘etxeari’ Alavesek: Valentini atzean, Mikel Rodriguez erdialdean, Miguel Rodriguez aurrean... Merkatuaren azken egunetan inork zapuztu ez badu, talde egonkorra eta orekatua osatu du, laugarrenean bai, mailari erosoago eustearen bila.

Toni Martinez eta Angel Perez, gol bat ospatzen aurreko denboraldian.
Toni Martinez eta Angel Perez, gol bat ospatzen aurreko denboraldian. (Idoia Zabaleta | Foku)

Mikel Rodriguez eta Miguel Rodriguez. Ez da hitz-joku bat, Alavesek etorkizunari heltzeko gogoaren islada bikoitza baizik. 24 urte dauzka getariarrak, Sansetik etorria; 23 galiziarra, Herberehetatik Euskal Herriratua. Eta 25 ditu Nicolas Valentinik, atzekaldea sendotzeko aukeratua izan dena, jakina baita erdiko postu horiek buruhauste handiak ekarri dizkiotela ‘Glorioso’ri azken urteotan.

Ez da hor amaitzen taldeak hazten segitzeko itxaropena. Bi hegaletan txukun aritu ziren iaz Angel Perez eta Yusi beren estreinaldian; oraindik txukunago beharko lukete aurten. Golak sartzearen ardura, ordea, adinean aurrera doazen jokalari fidagarriengan jarri du talde babazorroak: Toni Martinez (14 iaz, erabakiorrak) eta Lucas Boyé.

Oreka handiko jokalarigoa bildu du Quique Sanchez Floresek, eta hori erdialdean frogatzen da bereziki: Antonio Blanco eta Protesoniren sendotasuna, Guevara eta Pablo Ibañezen ahalegin etengabea, Aleñá eta Denis Suárezen kalitatea... Adi Aitor Mañasekin ere, hamaikakoan sartzeko aukerak antzematen zaizkiolako. Hau guztia eta gehiago eskura izango du Quique Sanchez Floresek, eta denboraldi hasieratik gainera bere erara moldatzeko.

Valladoliden garaipena Chacho Coudetekin eta Barçrena aurkakoa Quiquerekin, biek irudikatzen dute Alavesek mailari eusteko azken denboraldietan igaro dituen estualdiak. Sailkapen erdira salto egiteko aukera du orain, gauzak ondo eginez gero. Horretarako irailaren 1a ahalik eta lasterren iristea behar du, hori bai, Sivera, Blanco edota Toni galtzeko arriskua begibistakoa delako. Getaferen aurkakoa baino, hori du lehenengo norgehiagoka: udako merkatua ustekaberik gabe amaitzea.