NAIZ

«Egoismoaren aurpegiak» bat baino gehiago direla azaldu du Imanol Ansak

Agiri baten bidez, hilaren 13an Oriamendi 2010 enpresako arduradunek egindako prentsa agerraldiari puntua ezarri nahi izan dio Urnietako pilotariak. «Bere interesen alde bakarrik» jokatzen duela ukatzeaz gain, «irizpide argiak, denon jakinekoak eta guztiei modu berean ezartzea» eskatu du Ansak.

Imanol Ansa, bere azken prentsa agerraldian.
Imanol Ansa, bere azken prentsa agerraldian. (Jon URBE | FOKU)

Oriamendik hilaren 13an emandako prentsaurrekoari erantzuna eman dio Imanol Ansak, «egoismoaren aurpegiak» izenburupean. Xabier Gonzalez Oriamendiko kudeatzaileak eta Kike Elizalde intendenteak esanak ukatu ditu eta azken buruan, erremontistek jarraitu beharreko «irizpide argiak, denon jakinekoak eta guztiei modu berean ezartzea» eskatu du Urnietako pilotariak.

«Helburu bikoitza izan zuen: ni Buruz Buruko Txapelketatik kanpo uzteko erabakia zuritzea eta nire irudiari egoismoaren estigma itsastea. Gehiago ez omen dute hitz egingo Ansa-Oriamendi auziari buruz. Ni ere nazkatuta nago kontu honekin, baina pilotazaleak ezin ditugu utzi gezurretan eta manipulazioetan oinarritutako bertsioarekin», zabaldu du agiria.

Soldataren inguruan, «bost urtez 30 euro kobratu nituen partida bakoitzeko. Pilotariok onartu genuen gure soldataren zati bat Oriamendiren gastuetara bideratzea, modalitateari eusten eta enpresaren proiektuak aurrera eramaten laguntzeko. Besteak beste, Oriamendik Galarreta erostea. 2020an, frontoia erosi ondoren, soldata osorik kobratzen hasi ginen», hasi da.

«2026ra arte behin bakarrik eskatu nuen soldata-igoera. Ni omen naiz soldata igoera eskatu duen pilotari bakarra. Gezurra, Aritz Juanenea eta biok joan ginen bulegora. Aritzi banakako txapeldun izateagatik eman zioten igoera, ondo merezia. Nire kasuan, igoeraren truke, gazte profesionalak eta afizionatuak astero entrenatzea proposatu nien, enpresak behar hori behar bezala estaltzen ez zuela ikusita. Oriamendik entrenatzaile lana aparte egitea eskaini zidan, baina ez zitzaidan interesatu. Garai batean entrenatzaile izan nintzen, eta orduan ordainketetan atzerapenak izaten ziren; beste entrenatzaileak eta biok behin baino gehiagotan ibili behar izan genuen zor zitzaiguna eskatzen», jarraitu du.

«Oriamendik ez zuen nire 2026rako proposamena onartu. Hala ere, ahal izan dudan bakoitzean gazte remontistei laguntzen jarraitu dut. Azken egunotan jaso ditudan mezuek eta esker onek erakusten dute lan hori baliagarria izan dela», defenditu du bere burua Urnietakoak, «txapelketak irabazteagatik hitzartuta dauzkagun plusak zor dizkit enpresak», gogoraraziz.

Botileroaren inguruan. «eez da bigarren mailako kontua» azpimarratu du. «Konfiantzazko pertsona bat behar dut alboan, nire jokatzeko modua ezagutzen duena eta nire onespena duena».

«Oriamendik, gure oniritzirik gabe, erabakia ETBrekin batera hartzen zela argudiatu dute, baina nik berariaz galdetu dut eta ETBk ez du bikote bakoitzaren botileroa zehazten. ETBk Oriamendik proposatutako bikote eta parte-hartzaileak onartzen ditu. Gustuko botilero batek lagundu egin dezake, zurekin batere kimikarik ez duen batek, kalte. Horregatik, logikoa iruditzen zait pilotariak bere iritzia eman ahal izatea nor izan nahi duen alboan», azaldu du.

Horrez gain, «elkarrizketa pribatu bat publikoki» erabiltzea, «testuingurutik aterata» salatu du. «Elkarrizketa pribatu bat ez litzateke kirolari baten aurkako kontakizuna eraikitzeko erabili behar», iritzi dio.

Errenteriako jaialdiaren inguruan «ez nion kapritxoz uko egin. Bihurritu bat nuen orkatilan, ezin nuen hanka lurrean behar bezala jarri. Froga medikuak ditut. Fisioterapeutak ere ez jokatzea gomendatu zidan», zehaztu du.

«Aste hartan bi mezu bidali nizkion gerenteari eta ez nuen erantzunik jaso. Elkarrizketak gordeta ditut nik ere, baina erakusteko beharrik ez».

«Guztiz bidegabea» iritzi dio Errenteriako partidarena erabiltzea bere «konpromiso profesionala zalantzan jartzeko».

Zestoaren inguruan «beti jarri ditut pilotari guztien eskura zestogilearekin batera lortu ditugun hobekuntzak», adierazi du.

«Besteak beste, saihetsak babesteko nylonezko babesa eta plastikozko takoa. Plastikozko takoa ez zen izan nik neure aldetik asmatu eta neuk bakarrik erabilitako aldaketa. Julen Loitegik 2024an erabili zuen lehen aldiz, Erremontari txapelketan, Endika Barrenetxearekin bikotea osatuz, eta Endikak baimena eman zion homologatuta erabiltzeko», azaldu du.

«Oriamendiren betiko zestogilearekin harreman profesionala daukat, eta erremontearen aldeko etorkizuneko proiektu batean lanean ari gara. Garai batean harreman hori mugatzen saiatu ziren,
baina nire ustez pilotari batek bere konfiantzazko zestogilearekin zuzenean hitz egiteko eskubidea izan behar du», gehitu du.

«Nire kontratuan ez dago klausularik esaten duenik zestoa derrigorrez enpresari erosi behar zaiola. Zestoa pilotariok ordaintzen dugu, 300etik hasi eta 600 eurotara iritsi daiteke prezioa. Zesto polemikoaren kasuan, aurten enpresak zestogileari baimena eman zion edozein pilotariri zestoak saltzeko, bai gure enpresakoei, bai Nafarroakoei. Txapelketaren erdia zesto horrekin jokatu nuen eta, finalera iritsi nintzenean, kasualitatez, arau berri bat atera zuten zesto horrekin jokatzeko aukera kentzeko», azaldu du ere.

«Finala jokatzera atera aurretik, J.M. Barrenetxea jabeak eta Xabier González gerenteak aldageletan geldiarazi ninduten, finala zein zestorekin jokatu behar nuen kontrolatzeko. Nik hori intimidazio saiakera bezala bizi izan nuen, baina ez zuten lortu», erantsi du.

Set-a "botatzea" leporatzeari buruz, «set bat ia galduta duzunean, hurrengoari begira alferrikako desgaste fisikoa saihestea estrategia bat izan daiteke. Beste kiroletan ere erabiltzen da eta, nire kasuan, azkenean estrategia horrek funtzionatu zuen, partida irabaztea lortu baikenuen», defenditu du bere burua.

Horrez gain, «esaldia finalaurreko batean esan nuen. Denok jokatzen dugu mikrofonoekin, baina horrek ez du esan nahi tentsio une batean esandako edozein komentario gure konpromisoa zalantzan jartzeko erabili behar denik», kexatu da «Nire ibilbideak nahikoa erakusten du erremontearekiko dudan konpromisoa», gehituz.

«Zigortu gabe zigortuta?»

Banakako Txapelketan hirugarren geratzeari buruz «Oriamendik dio hirugarren geratzeak, ez duela Banakakoa jokatzeko eskubidea bermatzen. Baliteke hori kontratuaren ikuspegitik egia izatea, baina urteetan enpresak berak azaldu du aurreko txapelketetako emaitzak kontuan hartzen direla Banakakoan parte-hartzaileak erabakitzeko. Nire atzetik geratutakoak jokatzen ari dira», esan du Imanol Ansaren agiriak.

«Gainera, esan zidaten ez nengoela zigortuta. Zigortuta ez banengoen, zergatik ezin izan dut jokatu? Eta arrazoia beste bat bazen, zergatik ez zidaten argi azaldu?», adierazu du bere zalantza.

Azken buruan, bi hausnarketa egin ditu Urbietakoak. «Ez zuten espero nire jarrera publikoki defendatzera ausartuko nintzenik. Ez daude ohituta inork kontra egitera, langile otzanak nahi dituzte. Baina nik kontra egin diet. Eta orain, nire argudioei erantzun beharrean, WhatsAppeko elkarrizketa pribatuak erabiltzen ari dira nire irudia zikintzen saiatzeko», adierazi du.

«Gure kontratuek pilotariok jaso behar dugun akta edo diziplina-araudi bat dagoela ezartzen dute. Inoiz ez digute eman. Ez zait bidezkoa iruditzen gero inoiz eman ez dizkiguten arauak erabiltzea pilotari baten kirol-ibilbidean eragina duten erabakiak justifikatzeko», aipatu du.

«Nik ez dut pribilegiorik aldarrikatzen, askoz ere sinpleagoa da: irizpide argiak izatea, denok ezagutzea eta guztiei modu berean ezartzea», gaineratu du.

Ondorioz, «garesti ordaindu dut nire jarrera. Buruz Buruko txapelketatik kanpo utzi naute, Binakakoa ere ez dut jokatuko. Erremontea nire bizia da, ordea. 2027an zer egoera izango dugun ez dakigu, baina nik argi daukat ipar-orratza non jarrita izan behar dugun: erremontearen etorkizun duinean, pilotarien batasunean, aukera berdintasunean. Kantxa horretatik ez naute kanporatuko. Gainera, bi enpresetako erremontista guztien babesa dut», idatziz amaitu du.