«Osakidetza gurea da, publikoa eta kalitatezkoa nahi dugu»
Itziar Mujika Gil Donostialdeko Osasun Publikoaren Alde plataformako kidea da, eta gaur egun aurrera daramaten borrokaren aurrean herritarrak elkartu eta erantzun bat ematera bultza nahi du. Donostialdeko EAG zerbitzuaren beherakada salatzen du plataformak, eta honek biztanleekiko duen eragina.

Zer da DOPA?
DOPA siglek Donostialdeko Osasun Publikoaren Alde esan nahi du eta herri plataforma bat da. Helburutzat dugu diru publikoa jendearentzat gelditzea, eta ez zati bat batzuen poltsetan gelditzea. Egoeraren konpontzearen bidean lana egiten duen plataforma ere bada, lanpostu estrukturalak izateko, behar den bezala lan egiteko, eta herritar guztioi kalitatezko zerbitzu eta arreta emateko. Gainera, arreta hori euskalduna izatea bermatzea nahi dugu.
Etengabeko Arreta Guneen (EAG) egoera salatzen duzue batik bat, zein da egoera?
Gehiegi atzera joan gabe, ikus dezakegu, azken 20 urteko eboluzioa aztertuz, EAGren zerbitzuaren kalitateak eta kantitateak okerrera egin duela. Lehen baino gune gutxiagotan eskaintzen da zerbitzua eta hauetako askotan, gehiegitan, medikurik gabe. Pazienteen aldetik eskaera murriztu dela diote, baina errealitatea beste bat da, larrialdiak kolapsatu dituzte. Eta bestetik, zerbitzua bere osotasunean ezin betetzea mediku gabeziari egozten diote, baina atzera begiratuz gero, aspalditik jasaten dugun gabezi bat dela ikusiko dugu, Osakidetzako arduradunen arabera 2009tik gutxienez.
Donostialdeko arreta guneak egoerarik txarrenean daudela ere aldarrikatzen duzue.
Bai hala da, inguruko herrietan zeuden EAG zentroen eskaintza nabarmen jaitsi da, ordutegiak murriztu dira, eta medikuak falta dira. Txanda askotan medikuak egon behar badu ere ez da eskaintza hori izaten, eta erizainek zein administraziokoek jasaten dituzte pazienteen haserreak. Hala ere, ondorio nagusiak pazienteek jasaten dituzte, beharrezko arreta jasotzeko beste herri batzuetara mugitu behar izaten dutelako edota larrialdietara jo.
Nola garatu da gaur egungo egoera?
Murrizketek ekarri dute ordu gutxiagoz irekita egotea zentro batzuk, edota beste batzuk ixtea. Donostialdeko ESIak 320.000 biztanle baino gehiago artatzen ditu, eta hasiera batean osasun zentro guztietan larunbatetan ere pediatra bat egoten zen lanean. 2010etik aurrera hasi ziren esaten medikurik ez zegoela eta beraz, ixten hasi ziren. Ondoren, Covid-19ak nabarmen eragin zuen eta hori aprobetxatuz zentro asko itxi zituzten. Herriez gain, Donostian hainbat auzotan hasi ziren mugimenduak, eta horien artean Altza eta Intxaurrondo izan ziren.
Zentro askotan medikurik ez izatearen aitzakia probestuz murriztu dituzte ordutegiak, eta garai batzuetan, Gabonak, uda edota Aste Santua besteak beste, irekita mantentzen dituzte zentroak, baina medikurik gabe. Honen aurrean guk hausnarketa bat egiten dugu: zergatik langileek greba egin nahi dutenean gutxieneko zerbitzuen taldea osatu behar da, eta medikuek egon behar dute, eta horrelako uneetan ez da ziurtatzen gutxieneko zerbitzu hori? Ez nahastu gauzak, zentroak irekita nahi ditugu, baina beharrezko zerbitzuarekin.
Mediku falta da hutsune eta murrizketen arrazoi nagusia, nola ikusten duzue zuek hau? Zergatik ez dago medikurik?
Egia da ikasketei begira jarriz gero, ikusten dela familia medikuen plaza batzuk hutsik gelditzen direla, eta ez dakigu ziur zergatik baina orain graduatzen diren medikuek ez dute bide hori hartu nahi izaten, beraz, falta dago. Horrez gain, badakigu langile batzuen egoerak ez direla egokienak eta horren aurrean guk argi dugu sistema behar den bezala jarri behar dela, partxeak jartzea alde batera utziz eta konponbide estrukturalak emanez.
Zerbitzu publikoaren barneko pribatutasuna ere salatu duzue.
Noski, atzera begira jarriz gero, ikusten da Osakidetza kudeaketa pribatuko erakunde publikoa bihurtu zutela, eta hor hasi ziren arazo handiak. Merkantilizazioaren baitan mugitzen den zerbitzu publikoak beti ere bakoitzaren interesaren alde egitea erraza baita. Era horretan, pazienteak bezero bihurtu direla uste dugu plataforman, hala tratatzen gaituztela.
Honek guztiak pazienteei nola eragiten die?
Oso era negatiboan eragiten digu. Gure gizartea asko aldatu da, indibidualismora jotzen ari gara, eta horrek ekarri du poliza pribatuak %35 batean igotzea. Honek esan nahi du gure osasun arazoak eta arreta bermatu behar ditugula batik bat, eta pribatuen aurka ez bagaude ere, publikoan indar handiak jarri behar dira. Pertsona zaurgarrienei eragiten die publikoa ez zaintzeak, mediku faltagatik zentrotik zentrora mugitzen aritu behar direlako, edota larrialdietara joan behar izaten dutelako; eta orain larrialdiak beteak daude ondorioz.
Egoera honi buelta emateko ari da DOPA lanean?
Hori egitea da asmoa bai. Gu indartsu gaude herri askotan gure herriagatik lanean ari garelako, eta beste hainbat mugimendurekin elkarlanean gabiltzalako. Osakidetza gurea da, eta publikoa eta kalitatezkoa nahi dugu. Beraz, jar dezatela sistema behar bezala, bete ditzatela oraindik hutsik dauden lanpostu estrukturalak, eta une bereziak daudenean har ditzatela neurri bereziak. Egoera honen aurrean borrokatu nahi duen orori dei egiten diogu gurekin elkartzera, zentro guztiak martxan eta hornituta nahi ditugulako.

«Pertsona normalek» Donostiaz gozatu dute 21. Irrikitaldian, «pirata malapartaturik gabe»

Cuatro hombres detenidos en Bizkaia acusados de agredir sexualmente a una menor de 14 años

Fallece un trabajador de 51 años en la papelera de Iurreta

Laredo no es Bilbo ni menos Altsasu: el alcalde del PP reduce los ataques a «gamberradas»
