
Euskaltel-Euskadik ofizial egin du Ander Okamikaren fitxaketa 2027ko denboraldirako. Lekeitioko txirrindulariak urtebeterako sinatu du eta Burgos BH taldetik dator, sei denboraldiz aritu den taldetik.
Okamika «sendotasuna eta esperientzia» emateko asmoz iritsi da talde laranjara, «Vueltako hiru ekitaldi lehiatu ondoren», adierazi dute Euskadi Fundaziotik. «Eliteko triatloitik etorria, estatuko txapeldun izatera iritsi zen. 2020an txirrindularitzara eman zuen urratsa, agerraldi bikainarekin, erlojupeko Espainiako txapeldun eta ordekako txapeldunorde izan zen elite mailan, hain zuzen ere», gehitu dute.
Bestalde, Ander Okamikak berak esan duenez, «Euskaltel-Euskadi taldearekin sinatzeak ilusio berezia egiten dit etxeko proiektu da-eta. Alde batetik, talde honetan lehiatzeko aukera izateagatik; bestetik, jende ezagunarekin taldea partekatzeko aukera izateagatik. Eta Mikelen (Landa) itzulerak ilusio asko piztu ditu. Horrek guztiak itxaropen handia helarazi du taldearen inguruan datorren urteari begira. Pertsonalki, urte gogorra izaten ari da lesio batengatik. Baina talde proiektu honek egunero lanean jarraitzeko gogoa ematen dit. Hori dela-eta, datorren urtean nire maila onena lortzea espero dut».
Ongi etorri, @oka_ander!! pic.twitter.com/Zzdb711uWk
— Euskaltel Euskadi Team (@euskaltelteam) August 20, 2026
Okamikak eroriko bat izan zuen Euskal Herriko Itzulian, eta horrek belaunetako batean kalteak eragin zizkion. Egun lesio hori sendatzeko azken fasean dago. Lekeitioko txirrindulariarena Euskaltel-Euskadoren bosgarren fitxaketa da 2027ko denboraldirako, Mikel Landa, Marco Martín, Hodei Muñoz eta Felipe Orts fitxatu ondoren.
Iuri Leitao
Bestalde, Iuri Leitao portugaldarrak (Viana do Castelo, 1998) Caja Rural-Seguros RGA taldearekin jarraituko du, gutxienez, hurrengo bi denboraldietan.
Talde berdearekin fitxatu zutenetik, Leitaok garaipen erdietsi ditu: Classic Loire Atlantique, Grande Prémio Anicoloroko bigarren etapa eta Tour of Magnificent Qinghaiko azken jardunaldia, beste hainbat ohorezko postu lortzeaz gain.
Bere ibilbidean, Hellaseko Tourreko bi etapa eta sailkapen nagusia irabazi ditu, baita Beiras Sari Nagusiko eta Alentejoko Voltako garaipen partzialak ere, baita CRO Raceko garaipen bat eta Frantziako Ronde de l'Oiseko beste bat ere.
Kontratu berritze horrekin, Caja Ruralek «taldearen lanarekin eta pentsamoldearekin erabat identifikatuta dagoen» txirrindulari bat lotzen du, eta «errepideko zein pistako ekitaldi nagusietan eragina bermatzen duena, gaur egun iraupen-probetako munduko figura handienetako bat baita», adierazi du talde nafarrak ohar baten bitartez.

¿Guerra sucia o gamberrada macabra? 25 años de la tragedia del Txioka

Fallece la joven de 18 años que cayó desde 30 metros en el Anboto

El relevo de Xabier Lapitz por Miriam Duque en ‘En Jake’ genera controversia en redes

El revuelo en la diócesis de Donostia por el veto a las cenas solidarias llega a Insausti
