
Euskaltel-Euskadik datorren urteko txirrindulari multzoa osatzeko lanean jarraitzen du. Hala, talde laranjak ostiral honetan iragarri du Julen Arriolabengoa txirrindulari arabarra hurrengo bi denboraldietan, 2027an eta 2028an, Euskadi Fundazioarekin arituko dela. 2001eko otsailaren 16an Erentxunen jaioa, Caja Rural-RGA taldearekin eman ditu bere profesional ibilbideko aurreneko hiru denboraldiak.
Euskadi Fundaziotik esan dutenez, Arriolabengoa «2024tik profesionaletan» dabilelarik, eta «kirol heldutasun osoa lortzeko eta mendateetan sendotasuna emateko helburuarekin» emango duela urratsa Euskaltel-Euskadira.
Ongi etorri, Julen!!🟠🟠🟠 pic.twitter.com/6zZHKnI9f0
— Euskaltel Euskadi Team (@euskaltelteam) August 21, 2026
«Aurten WorldTourreko hainbat proba lehiatu ditu, hala nola Itzulia, Kataluniako Volta eta Auvergne-Rhône-Alpes Tourra, eta duela gutxi hogeigarren izan da Burgosko Itzulian», gehitu dute. Arriolabengoak «igotzaile dohainak» dituela eta «itzulietarako txirrindulari aproposa» dela iritzi dute Fundaziotik.
Euskal Herrian hazitakoa
Erentxungo txirrindularia goitik behera euskal harrobian hazitakoa da: Aguraingo Arabarrak Kirol Taldean eman zituen lehenengo urratsak kadete mailan, juniorretara pausoa ematean Arabarrak taldeko egituran jarraitu zuen eta Murgiako Zuiano Txirrindulari Elkartean artean ekin zion gero. Ostean, 23 urtez azpikoen mailara Caja Rural taldearekin eman zuen jauzia, 2023an Euskaldun Txapelketa bereganatuz.
Julen Arriolabengoaren beraren aburuz, «hurrengo bi denboraldietan Euskaltel-Euskadin lehiatzea da etxeko taldean hazten jarraitzeko aukerarik onena». «Oso berezia da edozein txirrindularirentzat, baina bereziki euskal txirrindulari batentzat. Heldutasun puntu batera iristen ari naizela nabaritzen dut, eta taldearentzat oso baliagarria izan naiteke, bai etapa menditsuenetan, bai sailkapen nagusietan», gaineratu du txirrindulari arabarrak.
«Oso eskertuta» azaldu da, halaber, Caja Ruralekin «18 urte nituenetik eman didan babesagatik; txirrindulari gisa landu naute». «Orain, berriz, prest ikusten dut neure burua Euskaltel-Euskadirekin beste urrats bat emateko eta datozen bi denboraldietan naizen baino txirrindulari hobea izateko», zehaztu du Erentxungoak.
Arriolabengoarena Euskaltel-Euskadik egiten duen seigarren fitxaketa da, Mikel Landa, Marco Martin, Hodei Muñoz, Ander Okamika eta Felipe Ortsen ondoren.
Alex Aranburu, birritan bigarren
Bestalde, ostiral honetan amaitu da Limousingo Tourra eta Cofidis taldeko Alex Aranburu gipuzkoarrak garaipenik lortu ez arren, ez du aoparte aparte izan. Aurreko pare bat etapetan. hirugarren amaitu ostean, azken etapan bigarren amaitu du esprintean, Noa Isidore Decathlon taldeko gaztearen atzetik.
Sailkapen nagusian, berriz, Ezkio-Itsasoko txirrindulariak bigarren amaitu du ere, Groupama taldeko Ewen Costiou irabazlearengandik 15 segundora. Hirugarren lekuan, ostera, TotalEnergies taldean ari den MatteorVercher sailkatu da, Alex Aranbururekin berdinduta.
Gaviriak beste urtebete Caja Ruralen
Bestalde, Caja Ruralek Fernando Gaviria esprinter kolonbiarra beste urtebeterako lotu du. «Hain talde gaztean oso eragin positiboa izan du» onartu du talde nafarrak prentsa ohar baten bitartez.
32 urteko txirrindulariak ez du garaipenik erdietsi orain arte, baina bai ohorezko zenbait postu. Kolonbiarra bigarren izan zen Belgikako Ronde van Limburg lasterketan, Omango Tourreko etapa baten eta baita Hungariako Tourreko etapa beste baten ere. Horrez gain, bosgarren postuan amaitu zuen Panamerikar Txapelketan.
Alaphilippek, agur
Bestalde, txirrindularitzak azken orduetan agurra eta esker ona adierazi dio Julian Alaphilippe handiari, 34 urterekin erretiroa hartzea erabaki baitu, nahiz eta berez Tudor taldearekin beste urtebeterako kontratua izan oraindik. Kontratu horri uko egitea erabaki du txirrindulari frantsesak.
34 urterekin orotara 45 garaipen aldean dituela hartu du erretiroa Saint-Amand-Montrond herrian jaiotako «mosketeroak». 2020 eta 2021. urteetan Munduko txapeldun, ezustean 2019ko Tourra irabazteko lehian izan zen eta azken egunetara arte maillot horia soinean eraman zuen, sailkapen nagusia azkenean Egan Bernalek eraman bazuen ere. Bestalde, Tourreko sei etapa irabazteaz gain, Vueltan eta Giroan etapa bana ere eraman zituen, sailkapen nagusia bazterrera utzita.
Izan ere, egun bakarreko lasterketak eta aurrez markaturiko etapak izan dira Alaphilipperen garaipen gehienen iturburua. Bestak beste, Flecha-Valona hiru bider irabazi zuen, Donostiako Klasikoa 2018an bereganatu zuen edo Strade Bianche eta Milano-San Remo 2019an. Euskal Herriko Itzulian, esaterako, bi etapa garaipen pilatu zituen. Bere azken garaipena 2025ean erdietsi zuen, Quebec-eko Sari Nagusia.
Patrick Lefevere zuzendariarekin lotuta egongo da beti ‘Juju’ Alaphilippe, nahiz eta harreman gatazkatsua izan zuten Quick Step, gero Soudal, taldean elkarrekin distira egin ostean. Tudor taldearekin, berriz, ez du beste garai batzuetako lan onik borobildu, amaitu berri den Tourra 125. lekuan amaitu ondoren, ihesaldietan ia azaltzeko aukerarik gabe.

¿Guerra sucia o gamberrada macabra? 25 años de la tragedia del Txioka

Fallece la joven de 18 años que cayó desde 30 metros en el Anboto

El relevo de Xabier Lapitz por Miriam Duque en ‘En Jake’ genera controversia en redes

El revuelo en la diócesis de Donostia por el veto a las cenas solidarias llega a Insausti
