
Zortziak baino lehentsuago, aurreneko bezeroak hitzordura azaldu dira. Saskiak eskuan, hiriaren erdigunetik atera dira herriko harresien gibelean den Zuharpetara joateko. Ohikoa den legez, beren erosketak egitera etorri dira, turistak eta Compostelarantz doazen erromesak oraindik iritsi ez direla profitatuz, ekoizleekin elkartu eta hitz batzuk trukatzen dituzte azken astean gertatu diren berriak jakiteko.
«Gure artean biltzen gara»
Jany Miñara hemendik lau kilometrotara bizi da, Irulegin. Astelehenero, Garazira dator, bailararen bihotzera, arrautzak eta oilaskoa erostera, eta «noizean behin, gazta ere bai!». «Berriketan aritzeko jendea aurkitzen dut», irribarre ironiko batekin kontatu digu erretretadunak. Udan zein neguan zabalik den Donibane Garaziko azoka elkargune bat da, bizilagunentzat, urte osoan instalatuak dauden saltzaileentzat, bai eta ohiko bezeroentzat ere.
«Udaran, benetan jende pila, mundu bat dabil hemendik», azaldu digu Pecotchia etxaldeko Chantal Parisek. «Neguan gure artean biltzen gara. Erakusketariok bazter hauetakoak gara eta bertako jendeak aktiboki parte hartzen du. Frantsesez edo euskaraz, elkarrekin hitz egiteko denbora gehiago daukagu», aitortu du bi bezeroren aurrean. Buztintze-Hiriberrin errotua, Chantal Parisek bere alabak ekoitzitako esnekiak saltzen ditu Garaziko azokan azken hamahiru urtean. Denak gauza berean bat datoz: maiatzetik aurrera azaltzen diren turisten etorrera masiboarekin azokak bere itxura aldatzen du.
Goizeko hamarretatik aurrera, azoka estalia errotik aldatzen da, promenatzen eta eskaintzen zaizkien jakiak dastatzen dabilen jendez betetzen dira pasabideak. Donejakue bidean doazen erromes batzuek bidaiarako jakiak erosten dituzten arren, «turista gutxik kontsumitzen dute benetan», baieztatu digu saltzaile batek. «Zerrenda batean markatu beharreko laukitxoa edo Donibane Garazi bisitatzen denean egin behar diren ekintzen artean beste bat baino izango ez balitz bezala», deitoratu du jantzien espezialista horrek.
Ongi hornituak
«Bertako jendeak ongi babesten gaitu» onartu du Sebastien Jaudek, era ekologikoan lan egiten duen Lasako barazki ekoizleak, «nahiz eta urte batzuetatik hona zuhurtasun handiagoa sumatzen dugun». Garaziko azokaren abantaila bere eskaintzaren aniztasuna eta ongi hornitutako mahaiak dira. Usain azukretsua duten plater kozinatuak, bertako produktu prozesatuak, arropa, larruzko produktuak, eta bertakoekin nahasten diren mota guztietako salgaiak. Eskaintza askotarikoa duten salmahaiak, non badirudien mundu guztiak aurkitzen duela bere gusturako zerbait, eta kostaldean baino merkeago.
Uda betean, badira 70 salmahai. Ongi ezberdintzeko, udalak bertako ekoizleak, salbuespen gutxi batzuk kenduta, duela hamar bat urte eraiki zen azoka estalian kokatzea erabaki du. Beren produktuak urte osoan saltzen dutenak dira. Besteak, lau eta zortzi hilabete artean presente daudenak, azoka estalian eta kanpoan kokatzen dira. Behe denboraldian, hogeiren bat baino ez dira.
Larresoroko Axola Gabe bio okindegiko Sylvain Sansoucyrentzat, urtarriletik abendurainoko presentzia hori ezinbestekoa egiten da.
«Ez gatoz bakarrik turistentzat edo erromesentzat, bertako bezeroek gure produktuen beharra dute. Presente egon behar dugu lurraldea biziarazten duten guztien alde». Ez ditu gutxiesten turismoak tokiko ekonomian dituen onurak, baina beldur da bere bezeroei ez ote dien azokara etortzeko gogoa kenduko. «Aparkatzeko arazoak, salmahai hutsak… udaran bertako bezero asko galdu ahal ditugu», dio kezkatuta. Eta hori, pena handia litzateke.

Bertsoak, txupina eta besoak zerura: «Bilbo, has daitela jaia!»

¿Guerra sucia o gamberrada macabra? 25 años de la tragedia del Txioka

Gladys Enean eta kantuan oroitu dute Sabino Ormazabal

El fuego en el puerto de Pasaia confina a los vecinos de Lezo durante horas
