Beñat Zaldua
Iritzia saileko arduraduna / Coordinador de la sección de opinión

Egia-ostetik negazionismora, saltsa arriskutsu bat

Deseroso zaigun errealitateen aurrean ez ikusiarena egitea bulkada aski humanoa den heinean, inor ez dago negazionismotik salbu, ezta Euskal Herrian ere. Jon Urzelaik gidatuta, errealitatearen ukazioari aurre egiteko moduak aztertu dituzte Laida Arbizu filosofoak eta Ana Galarraga dibulgatzaileak.

Mobilizazio ekologista bat, negazionismoa salatzeko Europako Parlamentuaren aurrean, artxiboko irudi batean.
Mobilizazio ekologista bat, negazionismoa salatzeko Europako Parlamentuaren aurrean, artxiboko irudi batean. (Valeria MONGELLI-Hans LUCAS | AFP)

Negazionismo klimatikoak eta interes ekonomikoek bultzatuta, zientziaren eta politikaren arteko arrakala gero eta handiagoa omen da. Irene Velez Kolonbiako Ingurumeneko ministro ohiarena da esaldia eta Jon Urzelai “Petroherria” podcastaren gidariak gogora ekarri du, negazionismoaz, wokismoaz eta abarrez hitz egiteko abiapuntu gisa. Aldamenean ditu Elhuyar-eko zientzia dibulgatzaile Ana Galarraga eta negazionismoaren inguruko tesia ontzen ari den Laida Arbizu filosofoa. 

Azken horri dagokio, halabeharrez, negazionismoaren definizio iheskorra. Kontzeptua, akademian, holokausto nazia ukatzen dutenei buruz hitz egiteko sortu zen duela hamarkada batzuk. Gaur egun, forma ezberdinekin egin dezakegu topo, ordea. «Ebidentzia enpirikoetan oinarritutako errealitatearen ukazioa da. Ukatzen den objektua aldatzen den heinean, negazionismo forma ezberdinez hitz egiten dugu», azaldu du Arbizuk.

Arinegi erabiltzen ote den galdetuta, ikerlariak hainbat ñabardura gehitu ditu: «Zalantza egiten duten pertsona guztiak ezin dira negazionistatzat hartu, azken finean, zientzian bertan ere zalantzarekin lan egiten da, eta aurrerapen zientifiko asko hortik abiatu dira». Gauza da zalantza horrekin zer egiten dugun, erabiltzen dugun ikerketa sustatzeko, edo beste interes batzuk defendatzeko. Josu Jon Imaz ekarri du mahaigainera Urzelaik, eta ahobizarrik gabe erantzun dio Arbizuk: «Jarrera negazionista kutsua du, azkenean, egiaren gainetik, bere interes ekonomikoa defendatzen ari delako».

Hausnarketa bat gehitu dio Galarragak azalpenari: «Ebidentzian oinarritzeak, erabakiak hartzeko, ekartzen du erabakiak ezin dituela edozeinek hartu, eta edozein interesek ez duela balio. Logikoa da boterea nahiko negazionista izatea».

Zalantza egiten duen edonori ezin zaiola esan negazionista dio Laida Arbizuk, zalantza baita ikerketaren oinarrietako bat. Zalantzarekin zer egin da kontua, ikerketa sustatu edo beste interes batzuk defendatu. Negazionismoaren adibide gisa jarri du Josu Jon Imaz.

Negazionismo mota ezberdinez, Trumpena instituzionalizatua ote den galdetu du Urzelaik. Baietz dio Arbizuk. «Jarrera negazionista daukan pertsona batek boterea duenean, bere eragina askoz ere handiagoa da. Pertsona arrunt batek aldaketa klimatikoa ukatzea larria da, baina Trump bezalako pertsona boteretsu batek klima aldaketa ukatzeak ekar ditzakeen ondorioak sekulakoak dira». 

«Gogoratu behar da, gainera, Trump ez zela bakarrik iritsi boterera, eta egin zuen lehenengo gauza zientzialariak gainetik kentzea izan zela, jakin badakielako etengabe interpelatuko zutela», gogorarazi du Galarragak.

KULTURA ZIENTIFIKOAREN GARRANTZIAZ

Nola egin aurre? Dibulgatzaile gisa covidaren pandemian garai apasionantea bizi izan zuen Galarragak, «pixkat jokoz kanpo» harrapatu zituela onartu arren. «Oso aberasgarria izan zen ikuspegi zientifikotik, bat-batean informazioa askatu zelako. Erronka eta ardura handia zen hori nola kontatu, informazio uholde hori ongi bideratzeko».

Inpotentzia ere aipatu du Galarragak, mina ematen baitzuen ikustea «agintariek batzuetan jendearen kontra eta ebidentzia zientifikoaren kontra erabakiak hartzen zituztenean, nola elikatzen zen konspirazionisten diskurtsoa». Sinemia hitza ikasi zuen garai hartan: «Krisiek bat egiten dutenean, haien arteko harremanek bultzatzen dute areagotzera, fenomenoa bera indartzen dute».

Horren aurrean, maiz entretenimendura bideratuta dagoen dibulgazio tradizionala baino, kultura zientifikoaren hedapena aldarrikatu du Galarragak. «Interesgarriagoa iruditzen zait jendeak barneratzea zientziaren balioak». Eta horien artean, pentsamendu kritikoa eta metodo zientifikoa aipatu ditu. «Horiek barneratzen badituzu eta begirada horretatik ikusten baduzu errealitatea… hori da gure lana, gure ekarpena».

Negazionismoaren aurrean, entretenimendura bideratutako dibulgazioa baino, kultura zientifikoaren hedapena aldarrikatu du Galarragak: «Interesgarriagoa da jendeak zientziaren balioak barneratzea», hala nola pentsamendu kritikoa eta metodo zientifikoa.

Misio horretan horizontaltasuna aldarrikatu du Galarragak, kontrakoa pixka bat perbertsoa dela iritziz: «Lehenengo gainetik jartzen naiz, distantzia hartzen dut, eta gero hurbiltzen naiz gainetik eta ematen dizut. Nik ez dut dibulgazioa horrela ulertzen. Kultura zientifikoaren harremana ez da goitik beherakoa, baizik eta horizontala».

Negazionismoaren eta egia-ostearen artean Covidaren pandemiak negazionismoa hauspotu zuela bat datoz hiru hizlariak, baina arazoa berria ez dela ere defendatzen dute. Urzelaik Oxford-eko hiztegiak 2016an dagoeneko egia-oste urteko hitz bezala izendatu zuela gogorarazi eta gero, Arbizuk hartu du hitza: «Argitu behar da zeri buruz ari garen zehazki, askotan ulertzen delako egia-ostea egiaren ondoren dagoena bezala, edo egiatik harago dagoena, baina ulertu behar da egiarekiko axolagabekeria moduan. Nahiz eta jakin egia zein den, esaterako klima aldaketa gertatzen ari dela, horren aurrean axolagabekeriaz jokatu edo ezikusiarena egitea». «Negazionismoak egia-ostetik edaten du», ondorioztatu du filosofoak.

Galarragak hartu du hitza gero, «ultraeskuinak lur hori ongarritzen hamarkada bat baino gehiago» daramala gogoratzeko, eta azalpen borobil bat eskaintzeko: «Ezjakintasuna ez da ez jakitea, ez dakienak ikasi dezakeelako. Ezjakintasuna jakin nahi ez izatea da, ez inporta izatea ez dakizula. Ez daukate lotsarik esateko ‘ez dakit eta berdin zait’, eta jakina, jarrera horri buelta ematea askoz zailagoa da».

IRITZI ASKO, EGIA GUTXI

«Egiak garrantzia galtzen du», bota du Urzelaik, Agustin Arrietaren hausnarketak aipatuz. Balio epistemikoen gainbehera; egiaren eta ezagutzaren balio galera. «Alderdi guztietan gertatzen ari da», dio Galarragak. «Esan ziguten 2030erako kotxeek elektrikoak izan behar zutela, hori zela helmuga eta horrela behar zuela izan, baina badakigu ez garela iritsiko, eta ez da ezer gertatzen. Inork ez du ardura hartzen eta inork ez du eskatzen», kexatu da.

Beste mikrofonoan Arbizu: «Balio epistemikoak, egia, ebidentziak gizartearen zutabe garrantzitsuak dira. Azken finean, errealitateari buruz hitz egin nahi badugu, eta ez bazaigu axola egia, ez daukagu nondik abiatu, dena iritzi hutsetara mugatzen dugu».
Azken puntua Galarragak: «Eta nik gauza bat esaten badut, eta zuk beste bat, nola adostuko dugu nork duen arrazoia?».

SALBU AL GAUDE?

Salbu al gaude? «Denoi gustatzen zaigu historiaren alde onean egotea», dio Galarragak, baina negazionismoaren tentazioa indartsu ikusten du Euskal Herrian ere. Adibide bat jarri du: «Duela ez asko, Espainiako Osasun Ministerioak atera zuen txosten bat homeopatiaren eraginkortasuna eta segurtasuna aztertzen zituena. Oso oihartzun txikia eduki du euskal prentsan eta euskal gizartean. Jende asko ezagutzen dut homeopatia hartzen duena eta galdetu nienean beren iritziaren inguruan, batzuek ez zekiten eta beste batzuek oraindik uste zuten Frantzian diruz laguntzen zuela Gobernuak, hori 2021ean amaitu zen arren». 

«Bakarrik sinesten dugu sinetsi nahi duguna, eta gainontzekoaren aurrean, begiak ixten ditugu askotan. Beste gai askorekin berdina gertatzen da. Adibidez, berriztagarrien instalazioak non egin eztabaidatzen denean», gehitu du Galarragak, eztabaida zuzenean auzi energetikora ekarriz.

Laidak ere ikusten du arriskua gurean: «Azken finean, negazionismoa bulkada psikologiko nahiko ulergarri batetik abiatzen da. Deserosoa zaigun egoera baten aurrean, askotan ukatzera jotzen dugu, beraz, posible da guztiok izatea jarrera negazionista bat».

AEBko egoeratik urrun egonagatik ere, covidaren garaian txertoen aurkako mugimenduak sortu zirela gogoratu du Arbizuk, eta alerta piztu: «Askotan, negazionismo forma bat izaten da beste forma batzuetara igarotzeko abiapuntua, behin zientziaren lana zalantzan jarrita, pasatu gaitezke txertoen eraginkortasuna ukatzetik klima aldaketa ukatzera. Badago nahiko saltsa arriskutsua».

Saltsa horri begira amaitu du Galarragak, atzera esandakoak gogorarazita: «Nik uste pentsamendu kritikoarekin lotuta dagoela. Behin hori itzaltzea erabaki duzunean, atea irekita uzten diezu beste diskurtso horiei, askoz ziurragoak baitira, eta zugandik gertuago sentitu ahal baitituzu».

Lynchen betaurrekoak: Itxaropena feminismoan, gazteengan eta mobilizazioan

Ana Galarraga: «Nik ikusten dut itxaropena feminismoan eta gazteengan, ez daukat inolako zalantzarik».

Laida Arbizu: «Badaukat itxaropena mobilizazio sozialarekin. Esate baterako, Gazako genozidioa gaitzestera kalera irteten garenean, hemen eta munduko beste mila puntutan. Horrek ematen dit itxaropena, ikusteak ez garela beti hain indibidualistak eta badaukagula gaitasuna elkarrekin borroka egiteko».