NAIZ

Larraunek garraio publikoaren «murrizketa larria» izango duela salatu dute

Nafarroako Gobernuak Larraungo eskualdeari dagokion garraio publikoaren inguruko proposamen berria egin du, Larraungo Udalak eta kontzeju guztiek proposamen hori gaitzetsi dute «udalerria isolamendura kondenatzen» duelako. Egun dituztenak baino baldintza kaskarragoak jasotzen ditu proposamenak.

Nafarroako Gobernuaren proposamenarekin kenduko luketen geltoki bat.
Nafarroako Gobernuaren proposamenarekin kenduko luketen geltoki bat. (Larraungo Udala)

Larraungo Udalak eta kontzeju guztiek Nafarroako Gobernuak eskualdeari dagokion garraio publikoaren inguruko proposamen berria gaitzetsi dute, «udalerria isolamendura kondenatzen duela eta beste eskualde batzuekiko tratu desberdina dakarrelako». 

Azaldu dute gobernuak aurkeztutako proposamenak beren herrien mugikortasunean «atzerakada larria» dakarrela, «eta Administrazioak berak defendatzen omen dituen despopulazioaren aurkako politiken aurka egiten duelako».

Izan ere, proposamen berriak nabarmen murrizten ditu Larrraungo herri gehienen loturak, «gure haranak garu egun dituen konexioak galduko ditu», ohartarazi dute eta xeheki azaltzen dute proposamenak eragingo lukeena: «2025eko abenduan egindako bileran jakinarazi ziguten Uitzik bakarrik mantenduko zituela geldirik NA-1700 errepideko linea nagusiak. Gainera, A-15 errepideko Gorriti, Mugiro eta Arruizko geltokiak eta NA-1300 errepideko Azpirotz eta Lezaetako geltokiak desagertu egingo lirateke, indarrean dagoen araudia betetzen ez dutela argudiatuta. Alternatiba gisa, Gobernuak eskaerapeko garraio-sistema bat eskaintzea planteatu du, bailarako herri guztiei zerbitzua emango liekeen ibilgailu bakar batekin, 22 km-rainoko distantzia duten herrien artean».

Azpimarratu dute Larraun despopulazio-arrisku handiko udalerri gisa sailkatuta dagoela, eta hala ere, zerbitzuak indartu beharrean murrizketak planteatzen direla, «ikasteko, lan egiteko, mediku- kontsultetara joateko, administrazio-kudeaketak egiteko edo oinarrizko edozein zerbitzu eskuratzeko aukerak mugatuko dituena». 

Nafarroako Gobernuaren proposamena gaitzetsi ostean, «arrazoizko alternatiba bideragarri bat» aurkeztu zutela kontatzen dute: Larraunen inguruko udalerrientzat (Ultzama, esaterako) aurreikusitakoaren antzeko zerbitzu- maila izan dezala eskatzen dugu. Egunero eskariaren araberako bost zerbitzu erregular beharko lituzke, baina gure kasuan, bailara zeharkatzen duten tronkaletara lotuta. 

«Eskubide bera»

928 biztanle ditu Larraunek, eta beste nafarrek duten eskubide bera dutela garraio publiko duina, nahikoa eta egungo beharretara egokitua izateko aldarrikatu dute: «Garraiorako sarbidea ezin da posta-kodearen araberakoa izan, ezta lurralde-desberdintasunaren beste faktore bat bihurtu ere». 

Garraioa zuzenean lotzen dute despopulazio-arriskuarekin, «ez da kontraesan bat soilik, landa-ingurunetik alde egitea indartzen duen erabakia da». Horregatik, Nafarroako Gobernuari proposamena zuzentzeko eskatu diote, kaltetutako udalerriei entzun diezain eta herritar guztientzako aukera berdintasuna bermatuko duen garraio publikoaren eredu bat eraikitzeko deia egin dio.