Beñat Zaldua
Iritzia saileko arduraduna / Coordinador de la sección de opinión

Utopiak bai, baina nondik eta zertarako?

Ez moztu hegoak utopiei, eskatzen du Alba Garmendia filosofoak. Politika eraldatzaileei eskatu eraldaketa zehatzak, eta utopiei, gaur egingarria ez dirudien hori. Tentsio horren hegien artean joan-etorrian ibili dira Ikaztegietako alkatea eta Beñat Irasuegi kooperatibista.

Landare hazi berri bat, Rhin ibaiaren ubide idortuan, uda honetan.
Landare hazi berri bat, Rhin ibaiaren ubide idortuan, uda honetan. (Ina FASSBENDER | AFP)

Bada esaldi ezagun bat dioena errazago irudikatzen dugula munduaren amaiera, kapitalismoarena baino. Iruditeria alternatiboak kamustu zaizkigula dirudi. Behar ditugu utopiak? Zeintzuk eta zertarako? Eduardo Galeanoren ortzi-muga marrazteko? Gaurkoan, Alba Garmendia filosofo eta Ikaztegietakoa alkatea, eta Beñat Irasuegi kooperatibista hurbildu dira “Petroherria” podcastaren mikrofonoetara gaiari heltzeko. 

Lehenengoa saiatu da erantzuten Jon Urzelai esatariak airean utzi dituen aurreneko galderei. «Ez dakit inportanteak diren, batzuetan baietz uste dut, beste batzuetan iruditzen zait ez ote dugun fede gehiegitxo jartzen utopietan». Adibide batekin jarraitu du: «Krisi klimatikoaz hitz egiten ari garela, badaude krisi klimatikoa gainditu duten utopia ekosozialak, baina horrek ez du konpontzen daukagun arazoa, pixka bat eszeptikoa ere banaiz».

Edonola, ‘‘Etxeko leihoak unibertsora. Utopiak pentsatzeko marko bat’’ (2025, Txalaparta) liburuaren egileak ez die balioa kentzen utopiei, ezta gutxiago ere, baina propioak nahiko lituzke, hemen sortuak. «Uste dut utopiek badutela potentzial bat gaur egungo kritika egiten duten zentzuan, gaur egungo mundua pentsatzeko edo hausnartzeko, eta ekintzara ere bideratzeko inspiratu gaitzaketela. Baina neurrian».

HEGORIK GABEKO UTOPIAK

Iritsi den moduan hartu du hausnarketa Urzelaik, liburuko pasarte batzuk mahaira ekartzeko. «Diozu utopiak ez duela zertan egingarria izan, badela tentsio bat politika eraldatzailearen eta utopien artean».

Literatura utopikoa eta praktika politiko eraldatzailea bereizten «tematu» dela dio Garmendiak, eta horrela azaltzen saiatu da: «Uste dut badaukagula joera bat politika eraldatzaileetan, zerbait egitera ausartu beharrean, iradokitzen dugula horrelako mundu desiragarri, utopiko oso lauso bat, hor gelditzeko. Eta ausardiaz egin daitekeen horretan indarra jarri beharrean, iradokitzen dugula zerbait polita eta kito. Eta horrek haserre puntua, pena pixka bat, ematen dit, iruditzen zaidalako, bai politika eraldatzaileak, bai utopiak, beren alde askeago horretatik, asko eman dezaketela».

Garmendiaren obsesioetako bat da literatura utopikoa eta praktika politikoa bereiztea: «Uste dut badaukagula joera bat politika eraldatzaileetan, zerbait egitera ausartu beharrean, iradokitzen dugula zerbait polita eta kito. Haserre puntua eta pena pixka bat ematen dit».

Irasuegik «irudimen aldetik jendea oso mugatua» dabilela uste du, eta alarma piztu du: «Distopiez hitz egiten dugunean, ez zait iruditzen kasualitatea denik. Iruditzen zait hori ere bilatutako zerbait dela, beldurrarekin eta distopiak saltzen duen etorkizun horrekin, marko mentalak mugatzen dituzte». Praktika eraldatzaileen eta utopien arteko tentsio horri bere jardunetik begiratu dio: «Afera da nola uztartzen ditugun biak egunerokoan. Guk esaldi bat erabiltzen dugu proiektugintzan: ‘Pentsatzeko ekin egin behar da’». «Pragmatismoak jaten gaitu batzuetan, sistema honek ezartzen dizkigun mugetatik ateratzeko tresna bezala ulertzen dut nik utopia, ez hainbeste helburu bezala», gehitu du.

Ñabardura proposatu du Garmendiak: «Tresna bezala erabiltze hori ulertzen dut, baliagarria iruditzen zait, sistemaren zurrunbilo horretan ez kateatzeko. Baina utopiak irudikatzea horretarako bakarrik bai iruditzen zait pobrea, zeren batzuetan, zientzia fikziora joanda, utopiak gaur egun egingarria ez den zerbaitera eraman dezake gure irudimena, eta horrek agian inspiratu gaitzake». Mesedez, ez moztu hegoak utopiei, dirudi eskatzen duela Garmendiak.

EUSKAL HERRI FOTOVOLTAIKO BAT, UTOPIA?

Tentsio hori krisi klimatikoaren gaira ekarrita, «arazo estra bat» dagoela dio Irasuegik, eta da hain dela handia erronka, neurria jartzea ere kostatzen zaigula. «Gure egunerokotik egiten dugun edozein akziotik kanpo geratzen den zerbait da», dio. Edo hori dirudi. Horren aurrean «eskalatuak izan daitezkeen utopiak» defendatzen ditu. Utopia hurbilak. «Iritsi gaitezen leku batera, gero hurrengora jotzeko».

«Adibidez, gure herri guztietako teilatuak fotovoltaikoarekin estaltzea utopia bat izan daiteke, baina egingarria da, eta segur aski egin beharko dugun zerbait da», proposatu du Irasuegik, kezka bat agertuz: agian desiragarria den iruditegitik kanpo daude fotovoltaikoz jositako teilatuak, baita estetikoki ere.

Baina utopia al da hori? Ezetz uste du Garmendiak: «Iruditzen zait desiragarritasun horiek politikoki irudikatu eta erreklamatu behar behar ditugula, politika eraldatzailearen esparrutik. Eguzki plakak teilatuetan egotea desiragarria izan daitekeela politikoki erreklamatu behar dugu, eta beharbada ez dugu eztabaidatu behar ere desiragarria den, gauza batzuk egin beharko direlako, bestela beste aukerarik ez dugulako edukiko».

IRUDITERIA BERRI BAT: SOLARPUNK

Estetikaz eta iruditeriez ari direla, berriztagarriak desiragarriak ez direla zabaltzen ari den garai batean, Solarpunk mugimendua ekarri du mahaira Urzelaik, eta zer demontre den galdetu dio gaia jarraitu duen Irasuegiri.

«Ildo kultural bat da batez ere, fikzioari lotuta. Etorkizuneko errelato teknologiko nahiko soft batekin, irudikatzen du mundu bat non, eguzkiaren energiaren erabilerari esker, gizarte oparo bat daukagun». Baina zer da oparotasuna? «Ez da gaur egungo kapitalismoaren sobreabundantzia; oparotasuna da guztiok ongi bizi ahal izatea, neurrian, baina denok ongi». 

Solarpunk mugimenduak zabaldutako iruditeria azaldu du Irasuegik: «Mundu bat non, eguzkiaren energiaren erabilerari esker, gizarte oparo bat daukagun». Baina ez gaur egungo oparotasun kapitalista: «Guztiok ongi bizi ahal izatea, neurrian, baina denok ongi».

Puntu horretan, kezka handi bat agertu du Irasuegik, ordea, «azkenaldian, oparotasun banatu horren iruditeriak kontrakotasun bat pizten duelako».

Eta ñabardura, berriz, Alba Garmendiak: «Denak hobe biziko garen mundu hori matizatuko nuke. Agian gizonak okerxeago biziko zarete mundu horretan, edo kapitalista handiak ere okerxeago biziko dira. Mundu hori ere diziplinatu behar da nolabait».

BEGIRADA BAT EUSKAL HERRIARI

Eta nola ikusten dute gure gizartea? Nahiko leiho ireki baditugu? Non daude Azurmendi eta utopia xumeak? Garmendiak «errazena kritikara jotzea» dela onartu du, baina harago joateko saiakera egin du: «Uste dut gure kultur ekosistema honetan badaudela gauza oso interesgarriak egiten dituen jendea, marko propioetatik sortzen ari dena, euskaratik egitea bera bada zerbait, eta balioa ematea uste dut garrantzitsua dela».

«Zerbait esaten didan zeozer irakurtzen dudanean, iruditzen zait hori badela komunitate bizi batean gauden seinale», laburbildu du filosofoak.

Irasuegik bere jardunera eraman du galdera, «Euskal Herrian ditugun beharrei edo desirei modu kolektiboan erantzuteko eta autoantolatzeko daukagun gaitasuna» goraipatuz. «Han eta hemen, utopia xume horien eraikuntzak, agian oso modu inbisiblean, oso indartsu ikusten ditut. Iruditzen zait izugarrizko proiektuak, izugarri politak daudela, eta ez diegula onartzen daukaten eraldaketa gaitasuna». Energiaren alorrera ekarriz gaia, energia komunitateak aipatu ditu, besteak beste.

Garmendiak konpartitzen du antzeko ezinegona: «Badira ekimenak, lurralde edo eskualde batzuetan martxan jartzen ari direnak, baina badutenak ere nazio mailan proiekzio bat, edo eragiteko gaitasun bat». «Toki batean egiteak ez du esan nahi partikularra denik», amaitu du Irasuegik.

Lynchen betaurrekoak: Komunitate bat pentsatzeko eta ekiteko prest

Alba Garmendia: «Itxaropena ematen dit elkar ulertzeak, hitz egitean, beste aldean norbait dagoela konturatzeak, ulertzen zaituela eta zuk ulertzen duzula, eta badagoela hor komunitate bat pentsatzeko gai dena gauza hauen inguruan». 

Beñat Irasuegi: «Iruditzen zait ez daukagula ezer galtzekorik, eta, esperantza militante batetik, ikusten dut gero eta jende gehiago bere herri eta auzoetan lan egiteko eta bizitzeko gogoa daukana. Horrek sortzen dit esperantza, baina uste dut ere antolatu beharra dagoela, modu kolektiboan».