Ikasketa edo interes falta?

Ahoa betetzen zaigu euskara ondo ikastearen garrantziaz norbait gaizki hitz egiten entzuterakoan, baina berdina pentsatzen dugu «Bayonne» edo «San Juan de Luz» bisitatu ditugula esatean? Sare sozialetan ohikoa da Euskal Herriko herrien izenak gaztelaniaz zein frantsesez irakurtzea; hori, ordea, ez da zalantzan jartzen, normaltzat dugu. Zergatik onartzen dugu gure herriko izendegia ez ikastea?
Esaterako, Gorka Lasa eta Ibai Martin sare sozialetan edukia egiten ari diren bi gazte euskaldun «Frantziatik Afrikara doaz patinak bakarrik erabiliz». Horrela aurkezten dute abentura. Aldiz, bidea Donibane Lohizunen hasi zuten, baina, badaezpada, ez dute Euskal Herritik abiatu direla aipatu. Hala ere, ez nuke bikote honen bueltan gelditu nahi, zabalduta dagoen joera baita gure izendegia ez ikastea.
Jakin nahiko nuke ea Roncal, Salvatierra edo Estella izenez ezagutzen dituzten horiek euskarazko izenak badakizkiten. Jakitetik harago doa: ea izenak jakin eta erabiltzen dituzten. Gazteei begira jar naiteke, eta esan ez dakizkitela hitz eta izen asko sareetan beste hizkuntzak erabiltzen dituztelako. Pentsatzen jarriz gero, memoria eginez, esango nuke ordea, nire inguruan adin ezberdinetako asko entzun ditudala euskaraz ari direla gaztelaniazko zein frantsesezko izendegia erabiltzen.
Horrelakoetan asko zuzentzekoa naiz ni, eta ia beti erantzun bera jaso izan dut: «Bai, hori»; eta hurrengo batean berriro ere erdarara jo, interes falta nabarmena agerian utziz.
Ikasketa falta ere badelakoan nago. Etxeetatik hasi eta aurrean izan ditugun ikasgaietaraino. Espainiar historia gertaeraz gertaera ikasi dugu: geografian Estatuko ibaiak eta mendiak, baita hiriburu guztiak ere. Gure zazpi lurraldeetako izenak, ordea, ez dakizkigu gure hizkuntzan.
Gaitegia aztertu beharko litzateke, bai, baita gure interesak zalantzan jarri eta zuzenketak aberasteko erabili ere. Hala, beste batzuen euskara kritikatzerakoan, hiztegi potoloagoa izango baitugu buruan eta hipokrisia gutxixeago ahoan; nigandik hasita.

Ester Muñoz, desde Madrid al rescate de la alicaída txosna del PP en Bilbo

La huelga de técnicos condiciona una Aste Nagusia modificada para salvar el concierto de ETS

Tres hospitalizados y más de 40 heridos al explotar los cohetes de fiestas de Noain

Las autoridades de Nepal y Tíbet elevan a 1.400 las personas desaparecidas por la inmensa riada

