Etxebizitzaren arazoaren soluzio autoritarioa
Etxebizitzaren arazoaren aurrean eskuineko hedabideak zabaltzen ari diren mezua arriskutsua da: «Atzerritarrak gureak diren baliabideak berenganatzera datoz, bereziki etxebizitzak». Erabaki politikoek bideratu behar dute gaia, eta bi aukera daude: berdinzaletasunetik konpondu, edo autoritarismotik.

Etxebizitzaren arazoa berdinzaletasunetik konpontzen ez bada, autoritarismotik izango da. Eta azken hilabeteotan badirudi soluzioa bigarren bidetik doala. Ideia arriskutsu bat ezarri nahi dutelako batzuek, tiro bakarraz bi txori akabatzeko: «Etxebizitzaren arazoa immigranteen errua da». Langabezia gutxiagoko testuinguru berrian, immigranteek jada ez dizkigute enpleguak kentzen, etxeak baizik. Batzuek zeharka esaten dute, beste batzuek zuzenean. Etxebizitzak pilatzen dituzten dirudunengan eta espekulatzaileengan arreta jar ez dezagun, gu baino txiroagoak direnengan jartzen da fokua. Gora apuntatu ordez, behealderantz nahasten dira bazterrak. Estrategia ondo funtzionatzen ari da, zoritxarrez.
Hedabide batzuk azpijoko xenofobo eta aporofobo horren parte ezinbesteko dira. Vocentok ez du argitaratu “El Diario Vasco”-ren partzelaren birkalifikazioko 252 etxe berriekin zenbat diru irabazi duen, baina babes publikoko etxeak immigranteek pilatzen omen dituztela zabaltzeko ez du tintarik aurreztu, horretarako gezurra erabili behar izan badu ere. Abuztuaren 13an hurrengo lerroburu digitala ondu zuen: «EAEko alokairuko babes ofizialeko etxeen erdiek atzerriko maizterrak dituzte». Kontua ez da soilik “erdi” gisa definitzen duena egiazki %36 dela, baizik eta kopuru hori ez dela babes publikoko etxeetan dauden atzerritarrena: iturri moduan erabilitako azterlanean ez dator datu hori. Asmatua da. Datua alokairu osoan, librea barne, dauden atzerritarrena da. Altua, ezinbestean, ezin dutelako etxerik erosi: klase ertaineko etxejabe errentadunek alokatzen dizkiete pisuak, haien soldata erdiaren edo gehiagoren truke.
Etxebizitzak pilatzen dituzten dirudunengan eta espekulatzaileen-gan arreta jar ez dezagun, gu baino txiroagoak direnengan jartzen da fokua
Garrantzitsuena ez da egia, baizik eta helarazi nahi den mezua: «Atzerritarrak gureak diren baliabideak berenganatzera datoz, bereziki etxebizitzak». Etxe babestuen esleipenetako benetako datua, ordea, Etxebizitza Sailak eman zuen uztailaren 6an, Alderdi Popularraren, nola ez, galdera parlamentario bati erantzuteko: 2025ean esleitutako alokairu sozialeko ia 1.500 etxeen esleipendunetatik %84 NANarekin identifikatu ziren, eta soilik %16 AIZ edo pasaportearekin. Vocentok maltzurki zabaldutakoaren herena.
Xenofobia eta klasismoa
Datuek, baina, ez dute asmo txarreko errelatoa hiltzen. Kontakizun xenofoboak giroa blaitzen duelako. Xenofobiaz harago doana klasismoa da. Eta klaseak existitzen ez zirelako klase borroka ez zegoela ziotenak orain klase ertainaren babesle ageri zaizkigu. Ekainaren 10eko elkarrizketa batean Pradales lehendakariak babes publikoko etxeek gazteentzat eta klase ertainekoentzat izan behar dutela agindu du. Maiatzaren 12an EAJ-PSEren Jaurlaritzak etxebizitza dekretu berri bat jarri du indarrean; eta, bertan, alokairu sozialeko etxe bat esleitzeko errolda minimoa EAEn urtebetetik hiru urtera igo du. Soluzio autoritarioaren adibide ona. Ondorio zehatzak dituena: martxoan esleitzen hasitako Hondarribiko Biteriko 42 etxe sozialetako bat alokatzeko urtebeteko errolda eskatu zen, baina ekainean esleitzen hasitako Bilboko Boluetako 100 etxeetarako jada hiru urte eskatu dira. Horrela, gure zergekin ordaindutako etxeak pilatzera ei datozen atzerritarrek zailago dute.
Abuztuan esleitzen hasi den Eltziegoko hamalau etxeren promoziorako bezala, non beste datu deigarri bat dagoen: 36 urtetik beherako gazteen kupoa %46,2koa da, inoizko altuena, eta etxebizitza eskubide subjektiboa aitortua dutenena, %7,7koa, inoizko baxuena. Urtean 46.000 euroko soldata duen gazte batek etxebizitza eskubide subjektiboa aitortua duen eta urtean soilik 9.000 euro kobratzen duen heldu batek baino sei aldiz aukera gehiago ditu etxe bat lortzeko.
Hori gutxi balitz, Gasteizen 100 immigrante abandonatuta zeuden bi industria pabiloitatik kaleratzen zituzten bitartean, Donostiako kaleko afari solidarioak debekatzen ziren bitartean eta Melgosa sailburuak Ceutako «inbasioko» (ETBk erabilitako terminoa) immigranteak onartuko ez dituela artikulu baten izenburura eramaten zuen bitartean, Etxebizitza Sailak hurrengoa iragarri du: hemendik aurrera Etxebiden kupo berri bat sortuko da, %30ekoa, 20.000 eta 46.000 euro bitarteko soldata dutenentzat. Hortik beherakoak, eskatzaileen %70, hor konpon.
Abuztuaren 6an Koldo Casla Nazio Batuetako etxebizitza errelatore donostiarrak gutuna bidali dio Espainiako Gobernuari, PP-VOXen «lehentasun nazionalak» etxebizitza politikan edukiko duen eraginaz ohartarazteko. Andaluzia, Aragoi, Gaztela eta Leon eta Extremadura dira kezka iturri. Susmoa: politika eskuinerantz lerratzen ari den soluzio autoritarioaren garaiotan EAE ez ote zaien batu(ko).

Ester Muñoz, desde Madrid al rescate de la alicaída txosna del PP en Bilbo

Hernani y Errenteria responden con hechos a las insinuaciones de Insausti sobre el sinhogarismo

Fallece un ciclista que se ha salido de la calzada cuando circulaba por Zaratamo

«Guk nahi dugun jai eredua lortzeko hau da bide bakarra»
