BABESLEDUN EDUKIA

Abian dira Donostia, Zarautz eta Ordiziako euskal jaiak

Irailarekin batera, euskal jaien tartea iritsi ohi da Gipuzkoara. Donostian, sagardo eguna eta estropadak izango dituzte asteburu honetan, Ordizian «Emaneurre euskarari» eguna larunbatean eta Zarautzen haurren euskal jai eguna igandean. Azken bi horietako egun nagusiak hilaren 9an ospatuko dituzte.

Donostiako sagardo eguna izango da asteburu honetako hitzordu nagusietako bat.
Donostiako sagardo eguna izango da asteburu honetako hitzordu nagusietako bat. (NAIZ)

Donostiako Euskal Jaiak irailaren 13ra arte luzatuko dira eta lehen asteburu honetan bi ekitaldi nagusi izango dira: sagardo eguna eta Kontxako Banderaren lehenengo jardunaldia. Ohikoa den moduan, sagardo eguna larunbat goizeko 11etan abiatuko da Konstituzio plazan eta bertan 31 sagardo ekoizlek parte hartuko dute. Aurtengo omendua Hernaniko Rufino sagardotegiko Jabier Ansorena izango da. 

Egun horretan bertan, Donostiako nekazaritza ekologikoaren XXV. azoka egingo da Boulevard zumardian, eguerdian Kantujira herrikoia ibiliko da eta arratsaldean, bolo txapelketa, Esku Dantza eta txistularien erromeria izango dira. Igande arratsaldean, bestalde, dantza sueltoko txapelketa egingo da Konstituzio plazan.

Horrekin batera, egun guztian zehar Gaztelu Eguna ospatuko da. 1813ko suntsiketaren ostean Donostia nola berreraiki zen gogoratuko da herri martxa, kapitulazioen irakurketa, herri bazkaria Urgullen eta, azkenik Zubietako aktak irakurtzeko Boulevardeko amaiera ekitaldiarekin.

Egitarauak, esan bezala, irailaren 13ra arte jarraituko du eta aurten musikak eta poesiak txoko berezia izango dute Victoria Eugenia Antzokiko Club Aretoan, "Poesia orduak" zikloarekin: irailaren 7an Miren Agur Meabe eta Ibon RGren eskutik, eta irailaren 8an, Fertxu Izquierdo eta BlekingeKale Banden taldearekin.

Edizio honetako ardatz nagusietako bat María Elena Arizmendiri egingo zaion aitortza izango da, euskal kulturaren eta jantzien transmisioan egin duen lana eskertzeko. Hori dela eta, "Euskal Jantziak" erakusketa bisitatu ahal izango da irailaren 5etik 12ra San Jeronimoko aretoan, eta gaiari buruzko hainbat hitzaldi entzuteko aukera egongo da. Hitzordu nagusia irailaren 10ean izango da, arratsaldeko 20:00etan, Udalbatzan egingo den aitortza ekitaldiarekin eta batelarien zortziko bereziaren dantzaldiarekin.

Bigarren asteburuko egitaraua borobiltzeko, irailaren 11n, ostiralean, erromeria izango da Trinitate plazan Zatekeen taldearekin. Larunbatean, irailaren 12an, Muxikoak (12:00etan) eta XVIII. Larrain Dantza (13:30ean) dantzatu ahal izango dira Konstituzio plazan; eta gaueko 20:00etan, "Donostia Bertsotan" jaialdi handia ospatuko da Trinitate plazan puntako bertsolariekin.

Lehiaketa gastronomikoek ere tartea izango dute, izan ere, irailaren 11n Marmitako Lehiaketaren VIII. edizioa ospatuko da eta irailaren 12an, XIV. Luis Irizar Legatza Donostiar Erara lehiaketa solidarioa. Azkenik, irailaren 2tik 13ra, VI. Artisautza Azoka egongo da zabalik Alderdi Ederren.

Donostiako euskal jaietako informazio honen babesleak: Izadi21 ingurumen aholkularitza, Fasprint inprimategia.

Dantza eta antzerkia izango dira, aurten ere, Zarauzko euskal jaietako zutabe nagusiak. (Jon URBE | FOKU)

Zarautz

Zarautzen ere abian dira Euskal Jaiak. Egun handia datorren asteazkenean izango bada ere (irailak 9), egitaraua pasa den astean zabaldu zen bertsolari gazteen Lizardi Sariaren kanporaketa saioekin eta frontoi txikin egiten ari den fandango eta arin-arin ikastaroarekin.

Pasa den asteazkenean, trikitixa jaialdia ospatu zen, ostegunean bikote gazteen dantza txapelketa eta ostiral honetan bertsolari gatzeen 50. Lizardi sariaren finala izango da. 

Larunbaterako ere hainbat ekitaldi daude iragarrita, hala nola AEKk antolatutako euskararen aldeko XL. Lasterketa, XXXVIII. aurresku txapelketa, EHEren bazkari herrikoia eta kalejira, eta lehen aldiz antolatu den pilota jaialdia, Yves Salaberri “Xala” txapeldunarekin. Igandean, irailak 6, etxeko txikienak protagonista izango dituen Haurren Euskal Jai eguna ospatuko dute goizeko 10.30etan hasita. Egun horretan ez dira faltako puzgarriak, erraldoi eta buruhandiak eta beste herrietatik etorritako dantzari gazteen emanaldiak eta kalejirak.

Astelehenean, irailaren 7an, ohiko bihurtu den herriko kultur taldeen emanaldia izango da, aurten “Sagardoa eta txakoliña, zarauztarron sendakiña” izeneko obraren antzezpenarekin. 

Asteazkenean, irailak 9, Euskal Jai Egunaren txanda iritsiko da eta goizean-goizetik musikaz eta kantuz beteko dira herriko kaleak. Aurten, Munoan egiten ari diren obrak direla eta, bertan ospatzen ziren ekitaldiak lekuz aldatu behar izan dira eta ondorioz, Alproja Taldearen emanaldia Zelai Ondoko kantxan izango da eta, aldiz, eguerdiko eta gaueko erromeriak, Lege Zaharren Plazan gauzatuko dira. 13:30ean, aurtengo Euskal Jaietarako egindako bi karrozak izango dira ikusgai, Amaia Zuazobidek eta Jose Luis Lasak egindakoak.

Arratsaldean, ohiko erromeria eta Lizarrako Larrain Dantza izango dira Iñurritzan. Kalejiraren ondoren, dantzaldia izango da Bide Batez taldearekin Lege Zaharren enparantzan eta erromeria trikitilariekin musika plazan.

Zarauzko euskal jaietako informazio honen babesleak: Paskin seinalizazioak, Eguzki taberna, Euskalduna taberna.

Ordiziako aparteko azoka eta gazta lehiaketa datorren asteazkenean izango dira. (Aitor KARASATORRE | FOKU)

Ordizia

Ordiziako Euskal Jaiak, azkenik, irailaren 4tik 13ra ospatuko dira. Ohikoa den moduan, egitarau zabala prestatu dute, eta, besteak beste, irailaren 9an egingo den Euskal Jaietako aparteko azoka eta gazta-lehiaketaren LIII. edizioa izango dira hitzordu nagusietako batzuk.

Hala ere, egitaraua ostiral honetan abiatuko da herri antzokian eskainiko den “Ama begira zazu” antzezlanarekin eta larunbatean, irailak 5, “Emaneurre euskarari” eguna ospatuko da; bertan ez dira faltako kuadrillen arteko herri kirolak, herri bazkaria eta musika emanaldiak: Andoni Ollokiegi, Hamarru elektrotxaranga eta Gozategi.

Igandean (irailak 6), Lazkao Txiki XXXV. bertso paper lehiaketaren sari banaketa eta “Bertso garbitzailea” haurrentzako ikuskizuna izango dira, eta asteartean (irailak 8) erraldoi eta buruhandien kalejira eta ardo eta sagardo dastaketak.

Esan bezala, aparteko azoka irailaren 9an izango da eta ohiko lehiaketa eta erakusketak bilduko ditu. Gazta izango da eguneko protagonista nagusietako bat eta Beti-Alai pilotalekua jendez beteko da beste behin, artzainek urte osoan egindako lanaren emaitza ikusteko. 

Goizeko 10:00etan hasiko da lehiaketa, eta hainbat sukaldari, gastronomia-aditu eta kazetarik osatuko dute epaimahaia, Pedro Subijana lehendakari dela. Aurtengo edizioan, gainera, epaimahaiko kide eta lehiaketaren sustapenean urteetan lan handia egindako hiru pertsonari hil ondorengo omenaldia egingo zaie. 13:30ak aldera jakingo da zein diren artzain irabazleak, eta ondoren saritutako gazten enkantea egingo da. Aurten, gainera, online parte hartzeko aukera ere izango da, munduko edozein lekutatik.

Aparteko azokaren barruan, Gipuzkoa mailako XXVII. Ordiziako Pirenaika Txapelketa ere egingo da irailaren 9an, Garagartza plazan. Txapelketa 10:30ean hasiko da, eta zortzi sailetan banatutako 50 bat behi izango dira lehian.

Gazta eta Pirenaika txapelketekin batera, fruitu eta barazkien lehiaketa, Euskal Oiloaren lehiaketa-erakusketa eta hainbat erakusketa ere izango dira. Halaber, Plaza Nagusian astero postua jartzen duten baserritarren lana aitortzeko Aipamen Berezia eskainiko da.

Ordiziako euskal jaietako egitarauak hurrengo asteburuan jarraituko du kultur, kirol eta gastronomia arloko hainbat ekitaldirekin.

Ordiziako euskal jaietako informazio honen babeslea: Mujika liburudenda.