Arnaitz Gorriti
Kirol-erredaktorea, saskibaloian espezializatua / redactor deportivo, especialista de Baloncesto

«La vie de Sara Fantova», batzuetan

Sara Fantova 2025ean, Biarritzen Nouvelles Vagues zinema jaialdian.
Sara Fantova 2025ean, Biarritzen Nouvelles Vagues zinema jaialdian. (Guillaume FAUVEAU)

"Jone, batzuetan" filma ikusi du nire lagun batek Bilboko Aste Nagusian. Ezin zuen Jon beste izenik izan nire lagunak, hain bilbotarra eta hain Aste Nagusi zalea bera. Hunkituta idatzi dit. «Itzela da! Olaia Aguayo aktorearen aurreneko lan protagonista dela sinestea kosta egiten zait!». Eta horretan, Jone eta Adele Exarchopoulos berdindu ditu. Hobeto esanda, Abdellatif Kechiche, "La vie d’Adele" filmeko zuzendaria, eta Sara Fantova, "Jone, batzuetan" obraren egilea.

Adele Exarchopoulos eta Lea Seydoux aktoreek kokoteraino amaitu zuten Kechicherekin, istorioa nolabaiteko elitismo intelektual batetik morbo sentsual batera zarabandaka darabilelako, emakume bihurtzen den neskatxa, gizonaren begirada soiletik beha. «‘Jone’ beste kontu bat da. Istorioen garapen intimista, elkarrizketen sotiltasuna, protagonista eta gainerako pertsonaien arteko elkarreragin leun eta naturala... Ezingo diot Sara Fantova zuzendariari behar adina sekula eskertu! Nolatan baztertu ditu zinemak emakumeen begiradak mende oso batez?», diosta Jonek.

Adele eta Jone hain dira ezberdinak... Ama ezberdinen sabeletik sortutako alabak dira, ez dut beste azalpenik. Baina zinemak gero eta ama-alaba gehiago dituela konturatzen naiz azken urteetan hunkitu nauten filmen artean. Emakume adina zuzendari, zuzendari adina istorio: txarrak, onak, eta, zenbait, hunkigarriak: adibidez, Alauda Ruiz de Azua  –"Cinco lobitos" edota "Los domingos"–, Carla Simon –"Estiu 1993" edo "Alcarras"–, Irati Gorostidi –"Aro berriak"–, Iratxe Fresneda –"Irrintziaren oihartzunak", Mirentxu Loyarte gogoan–, Celine Sciamma –"Petite maman"–... Eta orain Sara Fantova, 2023ko Bilboko Aste Nagusian sugandilaren moduan kamerak jendartean zirela egiaz blai dagoen "Jone, batzuetan" sortzeko. Eta etorri behar dutenak...

Zergatik utzi dugu gizartearen erdia begiak estalirik eta ahotsik gabe hainbeste denbora? Zergatik hainbeste ahots mutu, kolore hits eta begirada itsu gure artean? Noizbait, begiak zabaltzen baditugu...