
Hasi aurretik, zerbait aitortu behar dut: azken urteotan Bilboko Astiberri argitaletxeak bidali dizkidan ‘Heartstopper’ komikiaren ondoz ondoko entregak jaso ditudanean, arretaz irakurri izan ditut. Are, nire harridurarako, ‘erantsi’ egin ditut. Badakit sailaren publiko ‘naturala’ nerabeek osatzen dutela, baina esango nuke helduoi ere behatxulo bat zabaldu digula jada ezezaguna egiten zaigun mundu batera.
Beste xehetasun garrantzitsu bat: mundu mailako ‘Heartstopper’ fenomenoa ez da bakarrik albiste gurean euskaraz argitaratu delako. Tartean bada beste datu interesgarri bat ere: mundu osoan argitaratu den aldi berean argitaratu da euskaraz ere.

«14 urtetik aurrerako bihotz suharrentzat» gomendatzen du Bilboko argitaletxeak uztailaren 2tik liburu dendetan salgai dagoen komiki saga honen seigarren eta azken liburua. ‘Txirikordaturik’ izenburua du, eta, bertan, Alice Oseman (Kent, Ingalaterra, 1994) komikigile, idazle, ilustratzaile eta gidoilariak istorioari bukaera ematen dio, hamar urteko ibilbidearen ostean.
Osemanek LGBTQI+ giroko maitasun harremanak landu ditu irakurle nerabeentzat. Britainia Handiko institutu batean elkar ezagutu zuten Nickek eta Charliek –14 eta 15 urte zituzten, hurrenez hurren, komiki saga hasi zenean–, eta, seigarren liburu honetan, bikotea dira eta dagoeneko denek dakite elkarrekin egongo direla betiko, bikote perfektua osatzen dutelako... ala ez?
‘Gay Times’ hedabideak idatzi zuen legez, «institutu garaian eduki nahi izango genukeen nobela grafiko queerra da ‘Heartstopper’».
Dagoeneko zortzi milioi kopia baino gehiago saldu dira munduan eta 39 hizkuntzatara itzuli dituzte komikiak.
Une goxoa bizi du egun Astiberrik, 25 urte bete duen urtean bertan, Argitalpen Lanik Onenaren Sari Nazionala eman diotelako. Europa mailako komiki argitaletxe garrantzitsuena da, eta lehen mailako egileen lanak kaleratzen ditu.
Astiberri argitaletxeko haur eta gazteentzako komiki lerroaren editore Marion Duc Madrilen harrapatu dugu. Frantsesa da, ez du euskara menderatzen –«lanarekin, interesa piztu zait euskararekiko»–, baina Bilboko argitaletxean dagoenetik bere publikoarentzat euskarazko ekoizpenak ere egon daitezen du xede.
«Gaur egungo haur eta gazte literaturako klasiko edo arrakasta handiko komikietan zentratu eta euskaraz ateratzea pentsatu genuen, orokorrean liburu dendetan eskuragarri ez daudelako –azaldu du Ducek–. Raina Telgemeierren ‘Irri egin’ lanarekin hasi ginen, nazioartean oso arrakastatsua den haurrentzako komikia. 8 urte inguruko irakurleen artean benetako grina eragiten du. Gaztelaniaz, katalanez eta orain euskaraz ere argitaratzen da. Niretzat zentzu handia zuen horrela egiteak, kalitate handia duelako, eta, nire ustez, ausartu beharra genuelako. Kontua zera da: ‘Heartstopper’ atera arte ez genuela inoiz ezer argitaratu nerabeentzat».

Sareetan jaio eta, azken hamar urtetan zehar, ibilbide oparoa egin du ‘Heartstopper’ sagak: : lehenengo komikia, gero Netflix plataformako telesail britainiar arrakastatua eta, aurten, pantaila handirako luzemetraia. Azken honek, zoritxarrez, ez du kritikoen on iritsia jaso.
Arrakastaren ‘erruduna’ Alice Oseman bera da. Istorioa sarean zintzilikatu zuenean, 13 milioi pertsonak baino gehiagok irakurri zuten; ondoren, Kickstarter webgunean plazaratu zen, eta hor ere arrakasta: helburu zuten diru kopurua baino bost aldiz gehiago bildu zuten bi orduan. Polemika sortu du toki batzuetan.
Azkenean, Hachette UK argitaletxeak paperean argitaratu zuen komikia, eta mundu osora zabaldu: jada 39 hizkuntzatara itzuli da eta zortzi milioi kopia baino gehiago saldu ditu. Arrakasta ikusita, Netflixerako ere egokitu zuten (uda honetan itxi dute hirugarren denboraldia). Egileak berak egin du egokitzapena; atalen gidoiak idazteaz eta telesaila ekoizteaz arduratu da.
Duela bi urte, 2024an hain zuzen, hasi zen ‘kozinatzen’ komiki saga euskarara ekartzearen asmoa. «Hachette argitaletxearekin izan dugun harremana oso ona da –azaldu du Marion Ducek–. Oso jatorrak dira eta denbora errekorrean ekin genion saga argitaratzeari, azken liburukia mundu osoan kaleratzean argitaratzeko asmoa genuelako. Uztailaren 2an izan zen; Ameriketako Estatu Batuetan salbu, uztailaren 4ko jai nazionala tarteko!».
«Marra fin batean mugitzen da, gai serioak jorratzen ditu, baina nerabeak ergeltzat hartu gabe»»
Naroa Zubillagak ekarri du euskarara, eta gurean beste lan bat ere izan du, euskal irakurleetara egokitzea. Horren erakusle, liburuaren bukaeran Euskal Herriko esteka batzuk gehitu dituzte, lagungarri izan daitezen: ACABE, Gehitu, Kattalingorri, Naizen edo Nafarroako Gazteriaren Institutuaren webguneen helbideak gehitu dituzte. Bueno, eta protagonisten playlist bat ere badago!
Lehen orrialdeetan hau irakurri dugu: «Edukiaren inguruko oharra: Kontuan izan ‘Heartstopper’ liburu honetan buruko osasunaren eta elikadura nahasmenduen inguruko eztabaidak agertzen direla, baita sexuaren inguruko erreferentziak ere».
Marion Duci xehetasun gehiago eskatu dizkiogu: «Alice Hoffman oso gazte hasi zen idazten. Lehenik, nobela batzuk argitaratu zituen, baina konturatu zen istorio honek, nobela gisa, ez zuela funtzionatzen, eta hobe zuela komiki bat egitea».
Aurretik marrazkilaria ez al zen galdetu diogu harrituta. «Autodidakta da –erantzuna–. Begi trebatuagoekin begiratzen baduzu komikia, bilakaera bat ikusten da. Hobetuz doa. Lehen lanak eta gerokoak alderatuz gero, estiloari dagokionez, askatu egin dela ohartuko zara».
“Heartstopper” sagak nerabe batek bere burua aurkitzeaz hitz egiten digu, eta horregatik da hain istorio baliotsua. Lehen maitasunaren samurtasuna eta kezkak daude islatuta, baita adiskidetasunaren indarra ere.
Askotariko lagun talde leiala dute Nickek eta Charliek, agian beraiek bezain interesgarriak direnak. Arrazakeria, genero kontuak... dena aurki daiteke orrialdeetan. Bide batez, adiskidetasunaren gorazarrea egiten da pantailak nagusi diren garaiotan.
Sentsibilitate berezia du egileak. «Argi dago LGTBI+ komunitatearekin kidetasuna duela, interes handia duela gaian. Oso ondo kontatzen du kontatu nahi duena, oso ondo ematen dio eman nahi dion mezua publikoari; nahiko modu ‘zurian’ egiten du, baina ez ditu gaztetxoak ergeltzat hartzen», nabarmendu du Ducek.

Lekeitioko Antzar Eguna bertan behera geratu da 20 urteko gazte bat kaian hil ondoren

Se entrega en Ondarroa el autor del homicidio de Azpeitia

Adiós a Juan Mari Feliu, referencia del montañismo, del antifranquismo y del abertzalismo

El españolismo sale a las plazas de Euskal Herria «Por Ceuta» y el antifascismo responde

