Arnaitz Gorriti
Kirol-erredaktorea, saskibaloian espezializatua / redactor deportivo, especialista de Baloncesto

Ezkurdia-Albisuk aukera bat dute Caixabank Mastersean irauteko; Larrazabal-Zabaletak, ez

Atzetik aurrerako lan gogorra eginda nagusitu da bikote gorria, ia 600 pilotada eman eta gero. Alabaina, garaipena ez dute nahiko finalerdietan aritzeko eta, bada, Unai Laso eta Julen Martijak nahitaez galdu egin beharko dute igande honetan Arnedon Zabala eta Iztuetaren aurka.

Gogotik lan eginda nagusitu dira Ezkurdia eta Albisu Altsasuko deman.
Gogotik lan eginda nagusitu dira Ezkurdia eta Albisu Altsasuko deman. (Aitor KARASATORRE | FOKU)

EZKURDIA - ALBISU 22

LARRAZABAL - ZABALETA 20

«Ez diogu inori ezer txarrik opa, baina ea galtzen duten Unaik –Lasok– eta Julenek –Martijak–. Eta irabaziko balute, zorionak eman eta aurrera». Horra Jon Ander Albisuren hitzak Larrazabal eta Zabaletari majo kostata irabazi eta Caixabank Mastersean bizirik segitzeko aukera lortu ostean. Izan ere, Amurrioko aurrelariak eta Etxarrengo atzelariak ez dute halako aukerarik izango, porrot honen ostean kaleratuta geratu baitira.

Baina Ezkurdiak eta Albisuk ez dute beraien etorkizuna beren eskuan une honetan. Finalerdietan aritzeko, nahitaez Arnedon Zabalak eta Iztuetak –dagoeneko finalerdietarako sailkatuta dagoen bikotea irabazi egin beharko diete Ezkurdia eta Albisuri; ez dago besterik. Beraien eskuetan zegoena bete dute eta ez da gutxi, baina destino petrala inoren eskuan dago orain.

Etsitzekoak ez dira bederen Arbizukoa eta ataundarra. Aurreneko erdira aurretik iritsi dira, neurri baten Larrazabalek egin ahala galdu ere egin dituelako hasierako tarte horretan, baina aurrelari arabarra asentatzen joan den heinean lanak beltz egin behar izan dituzte gorriek. Are gehiago, urdinen pilota latz askoak gauzak asko zaildu dizkie eta une batez, 12-9tik 16-19ra arteko tarte horretan, gorriek galdu behar zutela zirudien.

«Gainbeheratxo bat izan dugu eta ez dakit zergatik. Ezkerrez ez nuen batere gozatzen eta atsedenaldi bat erabili behar izan dugu Josebak eta biok lasaitu eta tantoz tanto joan behar genuela elkarri esan eta partidan berriro sartzeko. Gero pilota aldatu eta esan bezala, tantoz tanto joanda buelta ematea lortu dugu», gaineratu du Albisuk, partida luzea bezain gogorra izan dela erakutsiz bere hitzekin.

Atzelarien jokoa

Aurrean tanto eder asko egin dituzte bi aurrelariek, hasieran behar baino akats pare bat gehiago eginagatik. Alabaina, partidaren zoria atzeko koadro horietan erabaki da. Urdinek biek Ezkurdiaren gainetik pasa dute pilota eta ataundarra eten nahi izan dute, baina gipuzkoarrak, batik bat pilota aldatzea lortu ostean, ederki erantzun du. Tarteka Zabaletari bizkarra erakusteaz gain, txapa gainean moztutako tanto eder bat ere lortu du, baita Burunda pilotalekuko zaleek eskertu ere.

Baina partidaren azken aldera bromarik ez da egon. Egia da bikotearen gaizki-ulerturen baten ondoren pilota pare bat galdu dituztela Larrazabalek eta Zabaletak eta, era berean, zortez dejada ikusgarri bat sartu duela Ezkurdiak partida 20-19 aurretik jartzeko gorrientzat.

Oraindik ere lana gogotik egin behar izan dute gorri biek 22ra iritsi ahal izateko, baina beraien lanak behin-behineko fruitua izan du. Behin-behinekoa, esan bezala finalerdietan sartzea ez dagoelako Ezkurdiaren eta Albisuren esku, baizik eta Unai Laso eta Julen Martijak galtzearen menpe baino. Nafar biek Zabala eta Iztueta menpean hartuz gero hiruna punturekin berdinduko lukete Ezkurdia eta Albisurekin, baina aldeko eta kontrako tanto aldeari esker beraiek sartuko lirateke. Osterantzean, Arbizukoa eta Ataungo semea leudeke finalerdietan. Arnedok du azken hitza.

PARTIDAKO FITXA

Iraupena: 68 minutu. Pilotakadak: 590. Sakez: 1 Ezkurdiak eta 1 Larrazabalek. Jokoan egindakoak: 10 Ezkurdiak eta 2 Albisuk; 9 Larrazabalek eta 1 Zabaletak. Jokoan galdutakoak: 4 Ezkurdiak eta 5 Albisuk; 4 Larrazabalek eta 6 Zabaletak. Markagailua: 1-0, 1-1, 1-3, 2-3, 4-3, 4-4, 7-4, 7-5, 7-6, 8-6, 8-7, 10-7, 10-8, 11-8, 11-9, 12-9, 12-15, 13-15, 14-15, 14-17, 15-17, 15-18, 16-18, 16-19, 20-19, 20-20, 21-20, 22-20. Gorabeherak: Caixabank Masterseko partida, 400 ikusleren aurrean Altsasuko Burunda pilotalekuan, partida nagusian itxuratu bada ere. Aurreneko sakea, gorri.