
Sakabanaketaren ondorioz gertatutako tragedia handienetarikoa izan zen. Orain dela 25 urte, Iñaki Saez eibartarra eta Asier Heriz soraluzearra hilik suertatu ziren Avilako Brievako espetxerako bidean. Lagun bat bisitatzera zihoazen eta istripu batek errotik moztu zituen beren bizitzak. Soraluzen gogoratu dituzte gaur, eta Egiari Zor fundazioak behingoz errealitate hori aitortzeko deia egin du: «Gizagabeko urrunketaren ondorioz izan zen».
Urte hauetan guztietan, eta oraintxe bertan ere, istripu arruntzat baino ez dituzte hartzen ofizialki heriotzak hauek, baita sakabanaketaren ondorioz jazotako gainerako hamalauak ere. Horretaz mintzo ziren, esaterako, Luis Mari Heriz eta Marifran Aizpuru (Asier Herizen gurasoak) GARAri 2011n emandako elkarrizketa batean: «Amorru handia sentitzen dugu hori entzuten dugunean, hori sinetsiarazi nahi duten bertsioa delako, baina ez da horrela: presoak etxetik ehunka kilometrotara egotearen ondorioa da hau».
Ildo beretik, adierapen horietatik beste hamabost urte pasata, Egiari Zorrek honako hau berretsi du gaurko ekitaldian: «Salbuespenezko espetxe-politika, gobernuek hartutako erabakien emaitza da, eta, beraz, arduradun zuzenak ditu, eta horiek bere gain hartu behar dute beren erantzukizuna. Aitortu beharko dute euskal presoei espetxe politika anker hau ezarri zitzaiela arrazoi politikoak direla medio, makurtze politikorik ematen ez zen bitartean, onartu egiten zutela preso horien osasuna fisiko edo psikologikoaren higadura; Baita beraien senide eta lagunena ere. Estatuek onartu beharko dute gatazka politikoaren baitan aintzat hartu zutela pertsona batzuk heriotzaraino eraman zitzaketela».
36 euskal preso eta 16 senide
Urruntze politikak eragindakoaren neurria eman du Egiari Zorrek, kasu honetatik haratago: «Azken 40 urteetan, demokrazia deritzon garai honetan zehar, 36 euskal preso politikok eta 16 senidek galdu dute bizitza, sistematikoki aplikatu diren salbuespen neurrien ondoriozko egoera ezberdinetan. Haien artean Iñaki Sáez Arreitunandia eta Asier Heriz Aizpuru lagunena. Horiez gain, beste bi pertsonak bere buruaz beste egin zuten kartzelatzea saihestu nahian».
«Heriotza hauek ekidin zitezkeen –nabarmendu du fundazioak–. Giza eskubideak mendekuaren, zigor erantsiaren, segurtasunaren edo beste edozein kontsiderazioren gainetik jarri izan balira, errealitatea oso bestelakoa izan zatekeen. Heriotza guzti horiek badute zerbait komunean: guztietan salbuespenezko neurri politikoen aplikazioa erabakigarria izan da».
Lege aldaketa eskatu du Egiari Zorrek, biktima hauek aitortza ofizialik gabe geldi ez daitezen. Herriarena badute, gaurkoan ere Soraluzen agerian geratu denez
«Beharrezkoa da salbuespenezko espetxe politikak eragin dituen urraketen egia itzaletik argira ateratzea. Pertsona guztien eskubide guztiak bermatzea izan behar da abiapuntua, inolako baldintzarik gabe», erantsi du fundazioak. Horren adibide garbia da Irantzu Benito: Iñaki Saez eta Asier Herizekin auto berean zihoan eta bera larriki zauriturik gertatu zen zorigaiztoko egun hartan. 2019an GARAri emandako elkarrizketa batean salatzen zuenez, «duela 18 urte gertatu zitzaidan hau eta orain arte ez dut honetaz hitz egiteko aukerarik izan, ez nik ez nuelako nahi, aukerarik ez didatelako eman baizik. Oraintxe hasi dira gure sufrimenduak azaleratzen».
Egiari Zorrek aukera baliatu du, beraz, lege aldaketa eskatzeko: «Giza eskubideen eta giza duintasunaren balio gorenari buruzko erreferentzia ugari entzuten ditugu. Baina errolda eta estatistika guztietatik kanpo geratzen dira salbuespenezko espetxe-politikaren ondorioak. Are gehiago, aitortza ofizialerako eskubideak ez ditu haintzat hartzen egungo Legeak ez duelako haien kasuistika jasotzen. Orduan, legea giza eskubideen nazioarteko parametroetara egokitu beharko da», berretsi du. Izan ere, «gertatutakoaren memoria ezin da ikuspegi partikular eta alderdikoiekin zerikusi handiagoa duten interesetara mugatu».

Los guardias civiles que crucen por la «pasarela» cobrarán más que los policías forales

Tres impactos con una escopeta de balines en cara y espalda contra un migrante en Donostia

Un trabajador de CAF reconoce haber colocado una cámara oculta en aseos de la fábrica

La Policía de Santurtzi no evaluó bien el estado de Ander S.T. y la ambulancia tardó una hora
