Bizirauteko azken txinpartaren bila
‘INURRI ITSUAK’
Euskal Herria, 2026. 101’. Zuzendaria: Igor Legarreta. Gidoia: Andoni de Carlos, Igor Legarreta. Aktoreak: Urko Olazabal, Itziar Ituño, Josean Bengoetxea, Miren Gaztañaga. Musika: Pascal Gaigne. Argazkia: Imanol Nabea.

Gozamena da euskal sortzaile bat generoko zineman murgiltzen den bakoitzean. Paul Urkijo da, ziurrenik, horren adierazgarririk onena, baina Igor Legarretak ere antzeko bideak jorratu ditu. ‘Inurri Itsuak’ eta Urkijoren filmak oso ezberdinak dira istorioei eta pertsonaiei dagokienez, baina antzekoak atmosfera eta tonuaren eraikuntzan. Urkijo beldurraren eta fantastikoaren kodeetan mugitzen den bitartean, Legarretak drama eta landa-westernaren ukituak nahasten ditu, giro zapaltzaile eta ilun batean bilduta.
Bere hirugarren filma estreinatu du Igor Legarreta zinemagileak Zinemira sailean. Legarretak eta Andoni de Carlosek euskaraz idatzi dute gidoia, Ramiro Pinillaren ‘Las ciegas hormigas’ eleberri ospetsuan oinarrituta.
Algorta, Bizkaia, 1935. Denborale gogor baten ondorioz, ikatz tona ugari zeramatzan itsasontzi ingeles bat hondartu da kostaldean. Gauean zehar, Algortako herritarrak kostaldean pilatzen dira ‘urre beltz’ hura berreskuratzeko. Sabas Jaureguik zorte-kolpe bat bezala ikusten du hondamendia; Josefak, haren emazteak, berriz, seinale txartzat. Bere erreguei jaramonik egin gabe, Sabasek seme-alabak ekaitzera eramaten ditu. Familiak ahal duen guztia egingo du negu gordinetik bizirik irauteko behar duen ikatza eskuratu eta babesteko.
Itsasontziaren lehen eszenatik bertatik, ekaitzak bere lehen hortzak erakusten dituen unera arte, filmak atmosfera ilun eta zapaltzaile batean harrapatzen du ikuslea. Guztiz bestelako proposamenak izan arren, eta, jakina, distantziak oso handiak izanik, lehen une horiek ‘The Terror’ (2018) edota ‘The North Water’ (2021) telesailen giro hotz, basati eta itogarri hura ekartzen dute gogora.
Legarretak garai gogor eta erabakigarri baten erretratua egiten du, baliabide gutxiko familia baten begietatik. Negua ate joka dute, eta hotzaren aurrean bizirik irauteko behar dena bilatzen ari dira. Kostaldean hondoa jota geratu den zamaontziaren ikatza da, kasu honetan, haien itxaropen beltza.
Hortik aurrera, landa-westernaren ukituak dituen drama historiko batean murgiltzen da filma, eta familia, naturaren indarraren, pobreziaren eta patuaren kapritxoen aurrean jartzen du. Biziraupena gorputzean sentitzen den hotza da, etxean falta den beroa, biharko egunerako gorde beharreko ikatz zatia. Horregatik, pobrezia energetikoa ere filma zeharkatzen duen itzal baten moduan ageri da. Garai hartako orden soziala erakusten da, botere ekonomiko eta politikoek pobrezia energetikoa eragiten zuten testuinguru batean, nahiz eta gai hori, zertxobait azalean geratzen den.
Funtsean, familia baten inguruan eraikitzen da istorioa, bereziki Sabas eta Josefaren begietatik kontatua. Bikotea dira, baina bi mundu ia kontrajarri dira. Sabas kaskagogorra, langilea eta beti aurrera egiten saiatzen den gizona da. Urteekin bere sentimenduak kudeatzen eta, nolabait, kutxa batean gordetzen ikasi du. Lana erabiltzen du aurrera egiteko motor gisa. Josefa, ordea, Konplexuagoa da, hausnartzaileagoa. Galderak egiten ditu, eta ez da erantzun errazekin konformatzen. Gauzen zergatia bilatzen du, baita zergati horiek mingarriak direnean ere. Hor sortzen da bien arteko talkarik interesgarriena: Sabas ekintzatik bizi den bitartean, Josefa galderatik. Batek aurrera egin nahi du; besteak, aurrera joan aurretik, nondik eta zergatik ari diren galdetu nahi du.
Eta film honetan, bereziki hasieran, eguraldia ez da eguraldia soilik. Ekaitza, euria, haizea, hotza eta iluntasuna istorioaren beste pertsonaia bihurtzen dira. Haien presentzia etengabea da, ia fisikoa. Pertsonaiak baldintzatzen dituzte, haien mugimenduak, erabakiak eta hitzak estutzen dituzte, baina, batez ere, barruan daramatenari forma ematen diote. Horretan, Pascal Gaignek sortutako musikak eta Imanol Nabeak egindako argazkilaritza-lanak ezinbesteko lana egiten dute.
Baina filmak eraikitzen duen atmosfera dentso eta itogarri horrek badu bere ordaina. Tarteka, erritmo irregular samarrarekin egiten du topo, eta ikuslea, pertsonaiak bezala, narrazioaren barruan apur bat itota senti daiteke. Kontakizunak eskatzen duen neurriko erritmoa da, baina pazientzia apur bat eskatzen duen horietakoa. Arnasgune batzuk falta zaizkio; une batzuk, ikusleari atseden hartu, ikusten ari dena barneratu eta istorioa lasaiago digeritzeko aukera emango lioketenak. Atmosfera hain trinkoa izanik, kontraste txiki horiek mesedegarriak izango lirateke.
Denok daramagu barruan indar ikusezin eta ezezagun bat, une zailetan aurrera egiten laguntzen gaituena, biziraupen-sena pizten diguna. Hori da filmak uzten duen mezurik politena eta unibertsalena. Egoerak muturrera eramaten gaituenean ere, badagoela gure baitan aurrera egiteko indar bat.

Zupiria dice que en las fiestas del Carmen los agredidos fueron los ertzainas

El Ayuntamiento de Zestoa condena la «brutal» agresión a una persona durante las fiestas

Hasta seis agentes de la Policía Local de Santurtzi redujeron violentamente a Ander Sáenz

Anulado el decreto del euskara en el sector público, a demanda de Vox y por cuestión de forma


