Gordetako irudien bigarren bizitza
ITZALAK ARGITZEN
Euskal Herria, 2025. 60’. Zuzendaria: Koldo Almandoz, Gorka Bilbao. Gidoia: Koldo Almandoz, Gorka Bilbao. Elkarrizk.: Anjel Lertxundi, Alfonso Ungría, Xabier Elorriaga, José Julián Bakedano, Arantxa Urretabizkaia, Arantxa Rentería

«Zergatik zaharberritzen dugu pelikula bat? Kontserbatzeko eta, batez ere, aro digitalera ekartzeko». Ion Lopez Barrenak, Euskadi Filmategiko Kontserbazio Saileko arduradunak, esaldi horiekin irekitzen du 'Itzalak argitzen' dokumentala.
Gorka Bilbaok eta Koldo Almandozek zuzendutako lanak 1980ko hamarkadan estreinatutako lau euskal filmen zaharberritze-prozesuak jasotzen ditu: 'Hamaseigarrenean aidanez' (Anjel Lertxundi, 1985), 'Zergatik panpox' (Xabier Elorriaga, 1985), 'Ehun metro' (Alfonso Ungria, 1985) eta 'Oraingoz izen gabe' (Jose Julian Bakedano, 1986). Lau film, lau memoria zati, zeluloidean gordetako lau garai. Denboraren joanak urratu dituen irudiak dira, baina oraindik zerbait kontatzeko gai direnak.
Boloniako L’Immagine Ritrovata laborategiak garai eta herrialde askotako film ugari zaharberritu ditu. Zaharberritze horietako asko urtero Bolonian egiten den Il Cinema Ritrovato jaialdian aurkezten dira, zinema zaharberrituari eskainitako ekitaldi garrantzitsuenetako batean. Jaialdiak topagune eta erakusleiho garrantzitsua eskaintzen die bai zinemazaleei bai profesionalei, bestela galduko liratekeen film zaharberrituez gozatzeko aukera izan dezaten.
Zaharberritze-lanak egiteko, gordeta zeuden 35 mm-ko jatorrizko negatiboak erabili dituzte. Prozesua, hein batean, arkeologia lan baten antzekoa da: material fotokimikoa garbitu, mekanikoki prestatu eta digitalizatu; denborak utzitako arrastoak kendu; kolorea eta soinua zuzendu.
Lau filmen zuzendariak Boloniara bidaiatu zuten zaharberritze-lanak bertatik bertara gainbegiratzeko. Almandozek eta Bilbaok bidaia eta prozesu hori jaso dituzte dokumentalean. Protagonisten eskutik ezagutzen dugu zaharberritze-prozesua, baina, horrekin batera, pelikulen mundura ere itzultzen gara. Fikziozko espazioetara, benetako paisaietara, iraganeko aurpegietara.
Ez da dokumental iraultzailea ikuspegi formaletik. Nahiko protokolozkoa da, eta zenbait unetan «enkargu» baten kutsua ere transmititzen du. Mahai gainean dituen baliabideek, ordea, beren eginkizuna betetzen dute. Muntaia ez da bereziki deigarria, musika ere ez, eta eszenaratzea telebistako erreportaje eta dokumentaletatik gertu dago –hau berez zerbait mespretxuzkoa izan gabe, jakina–. Baina, agian, hemen ez dago beste ezer gehitu beharrik. Kontatzen denak berak badu nahikoa indar.
Elkarrizketez gain, Filmategiko langileen lana, artxiboko irudiak eta zaharberritutako filmen pasarteak tartekatzen dira. Irudien artean bidaiatzen dugu, zeluloidetik pixelera, oroitzapenetik pantailara.
Baina dokumentalaren zatirik ederrena Boloniara egindako bidaian dago; zuzendariek beren filmak nola zaharberritu dituzten ikusten duten une horietan, iraganeko lanari berriro aurrez aurre begiratzen diotenean. Eta, batez ere, bertako arduradunekin sortzen den harreman naturalean eta zintzoan.
Eta gero, Boloniako plaza dago. Pantaila handia. Iluntasunaren erdian argitzen diren irudi zaharrak. Ikusleak eserita, begira, beste garai bateko istorioei isilik, adi. Hor dago zaharberritzearen zentzurik ederrena, film bat ez baita amaitzen gordailu batean sartzen denean, berriro argitzen denean baizik.

Zupiria dice que en las fiestas del Carmen los agredidos fueron los ertzainas

Un local hostelero reclama 50.000 euros a una asociación de Abando por sus quejas vecinales

Vitero completa en Gasteiz las ocho candidaturas de EH Bildu; siete repiten y seis son mujeres

La alcaldesa de Santurtzi afirma que lo recogido en el vídeo es «difícilmente justificable»

