Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria
KRITIKA PERLAK

Irudiaren poesia, hitzaren gehiegikeria

LA BOLA NEGRA
Estatu espainola, 2026. 155’ Zuzend eta gidoia: Javier Ambrossi, Javier Calvo. Akt.: Guitarricadelafuente, Miguel Bernardeau, Carlos González, Penélope Cruz. Musika: Raül Refree. Argaz.: Gris Jordana.

‘La bola negra’ filmeko irudia.
‘La bola negra’ filmeko irudia. (DONOSTIAKO ZINEMALDIA)

Iritsi da Zinemaldira Cannes-en estreinatu zenetik sekulako zalaparta sortzen ari den ‘La Bola negra’. Istorioak hiru garai ditu ardatz: 1932, 1937 eta 2017. Hiru gizon homosexualen bizitzetara hurbiltzen da, hiru une desberdinetan, eta denboraren distantziak bereizten baditu ere, hari ikusezin batek lotzen ditu haien istorioak: desira, beldurra, isiltasuna eta herentzia. 

Lehenengo istorioak ‘La bola negra’ lanaren beraren argumentua du abiapuntu, Federico Garcia Lorcak amaitu gabe utzi zuen kontakizunetik abiatuta. Lan horretan, gizon homosexual gazte batek Granadako elkarte batean sartzeko egindako eskaera bola beltz baten bidez baztertzen dute. Bigarrena Santanderren kokatzen da, matxinatuen frontean. Frankistek soldadu errepublikano baten bizia salbatuko dute, informazioa lortzeko asmoz, eta misio hori kartzelari gazte, hauskor eta beldurrez betetako bati aginduko diote. Hirugarren istorioan, 2017. urtekoa, dramaturgo bat da protagonista. Amarekin eta ia ezagutu ez zuen aitonarekin duen harreman konplexu eta traumatikoak bere familiaren iraganarekin aurrez aurre jarriko du.

Ez da Lorcaren biopic bat. Lorca mamu bat da hemen, narrazioaren gainetik dabilen presentzia, ia mende bateko bizitza zapuztuak lotzen dituen hari ikusezina. Poeta desagertuaren itzalaren azpian, memoria queer-a historiaren beraren parte bihurtzen da.

Aurreko lanetan erakutsitako barrokismo bisual eta narratiboari uko egin gabe, Calvok eta Ambrossik puzzle emozional erraldoia osatu dute. Baina piezak ez dira berehala elkartzen, pixkanaka egiten dute bat, eta, haien arteko hutsuneetan, pertsonaien zauriak, loturak eta belaunaldiz belaunaldi transmititutako isiltasunak agertzen dira.

Hasieratik amaierara zuzendariek eskura dituzten baliabide guztiak erabili dituzte ikuslea hunkitzeko eta harritzeko. Bisualki film txundigarria da, ia operistikoa. Gris Jordanaren argazkia, zuzendaritza artistikoa eta musikaren erabilera bikainak dira. Pop-sentsibilitate garaikidea eta zinema klasikoaren oihartzunak modu oso eraginkorrean uztartzen dituzte. Elurra, paisaia, gorputzak, argazkiak, objektuak eta musika denboraren aztarnak dira, iraganaren hondarrak. 

Filma bereziki indartsua da hitzak isiltzen direnean. Pertsonaiei tartea uzten dienean, begirada bati, gorputz bati edo abesti bati esanahia bere kabuz eraikitzen uzten dionean, ‘La bola negra’-k distira egiten du. Une horietan ez dago azalpenik, ez dago azpimarratzeko beharrik. Irudia nahikoa da. Irudiak berak hitz egiten du. 

Arazoa da 155 minututan zehar filmak ez duela beti sotiltasun horretan konfiantzarik. Metaforak behin eta berriz azpimarratzen ditu, irudiek dagoeneko esan dutena elkarrizketen bidez azaltzen du, eta une emozionalak aurrez markatutako bideetatik eramaten du ikuslea. Zenbait esaldi ez dirudite pertsonaiek modu naturalean esateko sortuak direnik, baizik eta ikusleak «ze esaldi ederra» esan dezan. Sotiltasunak ihes egiten du, eta haren lekuan manierismoa eta klixe narratiboak sartzen dira.

Calvok eta Ambrossik irudi gogoangarriak sortzeko talentua dute, eta emozioa eszena bihurtzekoa. Baina, batzuetan, gehiegi maite dute euren filma.  Eta hori asko nabaritzen da.

‘La bola negra’ hunkigarria eta gehiegizkoa da, anbizio handikoa eta irregularra, ederra eta, zenbaitetan, bere handitasunaren jakitunegia.