Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria
KRITIKA ZINEMIRA

Talde baten azken taupadak

AGUR ESAN BARIK
Euskal Herria, 2026. 82’. Zuzendaria: Jabi Elortegi. Gidoia: Jabi Elortegi. Argaz.: Lander Andonegi. Muntaia: Hannot Mintegia.

Gatiburen gaineko dokumentaleko irudi bat.
Gatiburen gaineko dokumentaleko irudi bat. (DONOSTIAKO ZINEMALDIA)

‘Agur esan barik’ deitu zion Gatibuk bere azken birari. Izenak berak badu zerbait paradoxikoa: agur bat iragartzen zuen, baina agurra bera ukatu egiten zuen. 2025ean eman zuten azken kontzertua, eta Jabi Elortegi zuzendariak ibilbideko azken urtean bildutako irudiak baliatu ditu izen bereko dokumentala osatzeko. Elortegik zaleentzako elektrokardiograma moduko bat marraztu du, talde baten bihotzaren azken taupadak neurtzen dituen aparatu zinematografikoa.

Bira baten kronika hutsetik harago, filmak denboraren joanaz, eraldaketa pertsonal eta kolektiboaz, heldutasunaz eta, batez ere, agur esaten ikasteaz hitz egiten du. Haimar Arejita gitarra-jotzaileak dokumentalaren hasieran aipatzen du: «Zenbat taldek irauten dute 25 urte?». Galdera horrek, nolabait, film osoa zeharkatzen du.

Ezaugarri hauetako dokumentalek, normalean, bi kontatzeko modu izan ohi dituzte. Batetik, musika taldea gurtu eta goraipatzea, haren distira azpimarratzea eta argazkiaren alde ederra bakarrik erakustea. Bestetik, taldea izan den bezala erakustea, bere argi-ilunekin, eztabaidekin, kontraesanekin eta une zailekin. Bigarren bidea da benetan interesgarria. Musika-dokumental mamitsuenek badakite idoloak haragiz eta hezurrez osatutako pertsonak direla erakusten eta  oholtza gaineko argiek ez dutela beti atzean dagoen itzala ezabatzen.

‘Agur esan barik’ lanak, neurri batean, bigarren bide hori aukeratu du. Oholtzatik haratago begiratzen du. Une intimoak, kontzertu sinbolikoak, une politak eta hunkigarriak eta aldaketa pertsonal zein kolektiboak biltzen ditu. Baina artxiboko irudiak, elkarrizketak eta azken agur horren prestaketa erakusteaz gain, hain gozoak ez diren uneei ere tartea egiten die. Talde baten erretratua ez ezik, denborarekin aldatu den gizatalde baten erretratua ere bada.

Sonatuena, elkarrizketa batean Sarduik euskal musikagintzan diskriminaziorik ez dela existitzen eta inoiz egon ez dela aipatu zuenean sortutako polemika da. 150 euskal musikarik baino gehiagok salatu zituzten haren hitzak, eta, ondoren, barkamen-bideo bat zabaldu zuen Sarduik. Egia da pasartea apur bat azaletik lantzen dela, baina eskertzekoa da dokumentalak hari ere begietara begiratzea eta tartea eskaintzea. Entseguetako eztabaida pare bat, taldekideen egoera mentala, Mikel Caballero Gatibu taldeko baxu-jotzaile ohia zendu zeneko unea...

Boisera egindako bidaia, autoan gidatzen doazen uneak, abesti jakin batzuen atzean dagoen sormen-prozesua eta kanta horien eragina –‘Euritan dantzan’, ‘Musturrek Sartunde’, ‘Urepel’...– eta, jakina, azken kontzertuaren irudiak dira dokumentaleko unerik politenak. Une horietan, kamera bera ere taldekide bihurtzen da.

Kamera aipatzen hasita, ikuspegi zinematografikotik ere lan txukuna dela esan beharra dago. Ez da iraultzailea, eta antzeko lanen forma bertsua darabil, baina gustu handiz eraikita dago guztia. Elkarrizketetatik harago grabatutako uneetan, kamera ez da batere inbaditzailea. Tartea uzten die protagonistei ahalik eta naturalen azaltzeko eta une pertsonal eta intimoetan askatasunez mugitzeko. Batzuetan, badirudi ikusleok behatxulo txiki batetik begira gaudela. Muntaiak ere arnasa ematen die irudiei. Oso ondo tartekatzen dira une intimoak, elkarrizketak eta kontzertuetako irudiak, eta erritmo horretan taldearen bi aurpegiak agertzen dira: oholtza gaineko Gatibu eta oholtzatik jaitsi ondorengo Gatibu.

Filmak, gainera, nostalgiari uko egiten dio, eta taldeak betidanik lagun izan dituen alaitasunari eta dantza egiteko gogoari tarte zabala eskaintzen die. Ez du amaiera negarrez kontatu nahi. Ez du azkena azkena balitz bezala erakutsi nahi.

Duela 25 urte euroak eta pezetak kalkulatzen ikasi genuen, Messengerrean txateatzen genuen, bideoklubetara joaten ginen, telefono-kabinak kaleetako paisaiaren parte ziren, musika CDan entzuten genuen eta mundua beste era batera ulertzen hasiak ginen. Testuinguru horretan sortu zen Gatibu. Denborak aurrera egin ahala, gauza asko aldatu dira, baina haien abestiek hor jarraitzen dute.

Musika ez da amaitzen taldea amaitzen denean; geratzen dena ahotsa da, doinuak, oroitzapenak, zaleak. Horregatik dira hain garrantzitsuak era honetako dokumentalak. Belaunaldi askorentzat erreferente izan diren taldeen irudiak eta bizipenak birgogoratu, berriz ikusi eta, batez ere, berriz sentitzeko aukera ematen dutelako.

«Hasi eta bukatu egiten diren gauzen multzo horretan dago maitasuna», zioen Berri Txarrak taldeak. Azken kontzertua bukatzen da, oholtza hustu egiten da, argiak itzali, kableak bildu eta aretoa isildu. Baina gero zaleen ahotsak geratzen dira. Eta amaierako audioetan entzuten diren ahots horiek, ezin hobeto transmititzen dute Gatiburekiko egon den eta oraindik dagoen maitasun kolektiboa.