Kortsearen barruko askatasuna
IRON BOY
Estatu frantsesa, 2026. 90’. Zuzendaria: Louis Clichy. Gidoia: Louis Clichy, Franck Salomé.

Nerabezarotik heldutasunerako trantsizioari buruzko film eder honen protagonista Christophe da, hamaika urteko mutikoa. Chartresetik gertu dagoen etxalde batean bizi da, eta familiaren eguneroko nekazaritza lanetan laguntzen du. Egun batean, bizkarrezurrean arazo bat duela antzematen diote: mutila ezin da tente mantendu eta, ondorioz, kortse metaliko bat eraman beharko du. Bat-bateko aldaketa horrek, ordea, aukera berriak ere ekarriko dizkio: ordura arte ezagutzen ez zituen zaletasunak aurkituko ditu, hala nola igeriketa eta musika, eta bere bizitza betiko markatuko duten lagunak egingo ditu.
Gailu metaliko horrek sortzen duen paradoxa filmaren ardatz nagusietako bat da. Christophe zuzen mantentzeko sortutako gailuak, paradoxikoki, familiak berarentzat marraztutako bide zuzenetik aldentzera behartzen du. Kortsea muga da, baina baita askatasunerako abiapuntua ere; zama da, baina baita armadura; kartzela da, baina baita munduari beste angelu batetik begiratzeko leihoa ere. Gailu hori, beraz, kontakizun konplexuago baten abiapuntua da: familiak, inguruneak eta garaiak aurrez zehaztutako lekua onartu beharrean, bere gorputzak behartuta beste leku bat bilatu behar duen haur baten istorioa.
Filma desgaitasunari edo gainditze pertsonalari buruzko kontakizun konbentzionaletatik urruntzen da. Clichyk ez du Christophe heroi gisa aurkezten, gaixotasun bat gainditzen duen pertsona arrunt gisa baizik. Hasiera batean bazterketa eta bakardadea ekarriko dituela dirudien egoera horrek, pixkanaka, bere buruari buruzko galdera berriak egitera eta beste nortasun bat bilatzera bultzatzen du.
Filmak, gainera, berehala aurkitzen du kontakizun hori adierazteko hizkuntza bisual propioa. Egungo animaziozko estudio handien 3D ikusgarritasunetik urrun, Clichyk 2D animazioaren izaera artisau eta ukigarrian sakontzen du, marrazkiaren aztarna agerian utziz eta tinta eta akuarela gogorarazten dituzten testurak erabiliz. Irudia ez da perfektua; ez du mundua leundu edo distiratsu bihurtzen. Bere lerroen soiltasunean eta akaberen samurtasunean aurkitzen du edertasuna. Kolore paleta sotil eta neurtu baten bidez, filmak giroaren soiltasuna eta protagonistaren barne egoera uztartzen ditu. Irudia ez da guztiz garbia; badu tarteka halako bibrazio eta irregulartasun bat, baina horrek oroimenaren hauskortasuna eta haurtzaroko begiradaren subjektibotasuna transmititzen ditu.
Kolorearen erabilera ere bereziki adierazkorra da. Hasierako paleta nahiko laua eta neurritsua da, lur tonuek, urdinek eta beixek protagonismoa dute. Mundu soila, itxia eta eguneroko bizitzari lotua irudikatzen dute. Baina musikaren agerpenarekin batera, irudia ere aldatuz doa. Une bereziki esanguratsua Michelek Christoperi Walkman bat eta Gabriel Fauréren ‘Réquiem’-aren grabazioa uzten dizkionean gertatzen da. Haurra bizikletaz etxera itzultzen den bitartean, musikak paisaia eraldatzen du literalki. Lur tonuek berde biziagoak hartzen dituzte, eta ingurua udaberriko paisaia bihurtzen da. Christophek mundua ikusteko duen modua aldatu da.
Estudio handien formula ezagunak eta ikusgarritasun teknologikoa nagusi diren garaian, Clichyk kontrako norabidean egiten du aurrera. Marrazkiaren itxurazko ahultasunean indarra aurkitzen du, animazioaren artisau izaeran intimitatea, eta istorio txiki batean gai handiak lantzeko aukera.

En libertad con cargos los jóvenes detenidos por la agresión a los militares en Berriozar

Ningún militar puede llevar una camiseta de un partido neonazi

El Real Madrid y Juanma Castaño se enzarzan y en medio atacan a GARA

Ocho detenidos por la agresión a militares del pasado 19 de julio en Berriozar

