Ariane Kamio
7k-ko editorea eta edukien erredakzio burua / editora de 7k y jefa de redacción de contenidos

Mike Leigh, ipurdia eta salbazioa

Mike Leigh zuzendariaren azken filman parte hartu duten aktoreak.
Mike Leigh zuzendariaren azken filman parte hartu duten aktoreak. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Kamio, Mike Leigh agertu zaizu telematikoki Zinemaldian. Gizatasunaz ari da pantailaren bestaldetik, humanitateaz, eta are gehiago aldarrikatu ditu hitzok munduari azalean arantzak atera zaizkion garaiotan. 

Kursaaletik Maria Cristinarako bidean zoazela oztopoa baino ez duzu topatu. Halere, ez jarri hain ezkor, pasa den ostiraletik igaro zaren guztietan semaforoak ez zaitu eta behin ere gerarazi, edo ez zara oroitzen behintzat geldialdirik egin behar izan duzun. 

Jarraitu esaten ari zinenarekin; bidean aurkitu dituzun oztopoak. Kursaal ondoko photocall-eko panelean ikusi duzu emakume heldu bat mutil gazte bati argazki bat atera diezaion eskatzen. Hark bere ibilia eten, eta abegikor baztertu da andrazkoaren irudia sakelakoarekin betikotzera. «Horizontala ala bertikala?», galdetu dio mugikorra zentzu desberdinetan biratuz. Aurrera egin duzu; irudia bertikalean ateratzea estetikoki egokiagoa dela iruditu zaizu. 

Victoria Eugenia antzokian harrera lanetan ari da alfonbra gorria. Beste argazki bat egiten jarri da bikote bat, eta erretratatuaren atzetik pasatzea besterik ez duzu izan. Bi pauso aurrerago, beste oztopo bat: bi lagun, bata besteari bideoz grabatzen. «Joan apur bat oinez eta gero eman buelta». Agindua bete du, txintik ere esan gabe. Ohartzerako, kamera zure bizkarrean zeneukan. 

Kamio, zutabe honen hasieran esan duzu semaforoak ez dizula gaurdaino oztoporik jarri, edo, behintzat, ez daukazula gogoan egun hauetan zain egon behar izan duzun. Gaur, behintzat, beste zerbaitez ohartu zara eta zalantza bat jaurti duzu zeure baitara: zenbat aldiz atera ote da zure ipurdia besteen argazkietan gaur izan bada lehenengo aldia horretaz ohartu zarela? Mike Leigh handiak Zinemaldian aurkeztu duena bere azken filma izango dela esan du. Domaia. Eta bigarren gauza batez ere ohartu zara: zinema aretoa mugikorrek argiztatuta geratu da hasierako segundoetan eta norbaitek oihukatu du: «¡Putos móviles!». Eta salbu garela iruditu zaizu, bederen.