Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria
KRITIKA PERLAK

Iraganaren itzalpean

WILD HORSE NINE
Britainia Handia, 2026. 118’. Zuzendari eta gidoia: Martin McDonagh. Aktoreak: John Malkovich, Sam Rockwell, Steve Buscemi, Mariana Di Girolamo. Musika: Carter Burwell. Argazkia: Ben Davis.

‘Wild Horse Nine’ filmeko fotograma.
‘Wild Horse Nine’ filmeko fotograma. (DONOSTIAKO ZINEMALDIA)

Martin McDonagh-en film gehienek Coen anaien zinemaren kutsua dutela ukaezina da. Film berrian ere erreferentzia hori nabaria da, baina, aurreko lanekin alderatuta, indarkeria fisikoan baino gehiago indarkeria moralean jartzen du arreta. 

‘Wild Horse Nine’ Violeta Parraren ‘Gracias a la vida’ abestiarekin hasten da, 1973ko Txileko irudiekin uztartuta. Salvador Allenderen gobernua kolokan dago, goi-klaseen oposizioak eta CIAren esku-hartzeak areagotuta. Izan ere, CIA, Txileko armadarekin batera, Augusto Pinochet diktadorearen erregimena ekarriko duen estatu-kolpea prestatzen ari dira. 

John Malkovich eta Sam Rockwell dira protagonistak: Chris eta Lee, Txilen lanean ari diren CIAko bi agente. Hasiera batean espioitza eta konspiraziozko istorio bat dirudiena, pixkanaka, adiskidetasunari, erruari, zahartzaroari, heriotzari eta memoriari buruzko filma bihurtzen da. Testuinguru politikoa ez da desagertzen, baina McDonaghek, funtsean, bere pertsonaien barne-gatazkak islatzeko erabiltzen du. 

Thriller politiko bat espero duenak, beraz, bestelako film batekin egingo du topo. Dimentsio politikoak pertsonaien gainean proiektatzen den itzal baten moduan funtzionatzen du, baina filmak ez du CIAren jarduna zehatz-mehatz aztertzen. Horren ordez, bi protagonisten bizitzan eta barne-gatazkan jartzen du arreta. Urte askoan ekintza moralki lazgarriak egin ondoren, bizitzaren amaierara iristen ari dira, eta orduan hasten dira beren buruari galdetzen zer zentzu izan duen orain arte egindako guztiak. 

Sam Rockwellen eta, bereziki, John Malkovichen interpretazioak bikainak dira. Malkovichek indar handiz eraikitzen du bere pertsonaia, eta bien arteko kimika da filmaren ardatz nagusietako bat. Pertsonaiak ere oso ondo idatzita daude: konplexuak, kontraesankorrak eta, aldi berean, zaurgarriak.

Film honek beren bizitzaren amaierara iristen ari diren pertsonaiei buruz hitz egiten du; horregatik, espazioa eta denbora eskaintzen dizkie hitz egiteko, gogoratzeko eta beren buruarekin zein besteekin kontraesanean sartzeko. Baina horrek filmaren erritmoari eragiten dio, kosta egiten zaio aurrera egitea, eta zenbait unetan narrazioa gehiegi luzatzen da.

Umore beltza ere oso presente dago, eta hori eskertzekoa da. Baina hemen sortzen dira zalantza nagusietako batzuk. Filma dibertigarria da, eta bere asmo politikoa argia da, baina bi dimentsio horiek kontraesanean sartzen dira une batzuetan. McDonaghek inperialismo estatubatuarra eta CIAren jarduna kritikatzen ditu, baina, aldi berean, bere protagonistei gizatasun eta sinpatia handia ematen die. Horrek, zenbait pasartetan, haien ekintzen larritasuna gehiegi leuntzeko arriskua dakar.