NAIZ

Jon Sarasua euskaltzain oso izendatu du Euskaltzaindiak

Jon Sarasua soziolinguista euskaltzain oso izendatu du Euskaltzaindiak eta, horrela, Mikel Zalbideren hutsartea beteko du. Aretxabaletakoak zortzi hilabeteko epea du sarrera-hitzaldia prestatzeko. 

Jon Sarasua, Iruñeko saioan.
Jon Sarasua, Iruñeko saioan. (EUSKALTZAINDIA)

Euskaltzaindiak Jon Sarasua soziolinguista euskaltzain oso izendatu du ostiral honetan Iruñeko udaletxean egin duen iraileko osoko bilkuran. Euskaltzain osoek bozketa egin dute Mikel Zalbide emeritu izatearen ondorioz sortutako hutsunea betetzeko, eta Jon Sarasuak erdietsi du Euskaltzaindiaren Arautegiak eskatzen duen gehiengo osoa. 

Euskararen Akademiatik gogora ekarri dute Mikel Zalbide emeritu izatera igaro zela maiatzaren 9an, 75 urte bete baitzituen egun horretan Donostiako hizkuntzalariak, eta hilabete horretan bertan zabaldu zela hautagaiak aurkezteko epea. Hautagai bakarra (hain zuzen, Jon Sarasua) aurkeztu zuten euskaltzainek uztaileko osoko bilkuran. 

Orain, zortzi hilabeteko aldia izango du euskaltzain oso berriak sarrera-hitzaldia prestatzeko, eta epe berdina izango du erantzunezko idazkia egin behar duen euskaltzainak berea prestatzeko. Geroago, harrera-ekitaldia egingo da.

Jon Sarasua Maritxalar Aretxabaletan jaio zen, 1966ko apirilaren 13an, eta Mondragon Unibertsitateko irakasle eta ikertzailea da. Hezkuntzan ibilbide luzea eegin du, bereziki, irakasle, prestatzaile eta irakaskuntzarako euskarazko material sorkuntzaren zein egokitzapenaren eremuan. 

Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) Informazio Zientzietan doktorea, 28 urtez jarraian irakasle titular izan da Mondragon Unibertsitatean (1998-2026). Era berean, HUHEZI fakultateko Gizarte Zientzien Saileko zuzendaria izan zen 1999tik 2002ra, eta HUHEZI fakultateko Komunikazio Saileko zuzendaria 2003tik 2005era.

Kooperatibagintza arloan, munduko ekonomia sozialaren arloan, munduko hizkuntza gutxituen arloan eta euskal kulturgintzaren arloan hainbat graduondoko eta masterren sustatzailea izan da Sarasua, 2007. urtetik 2026ra, eta Garabide elkarteko zuzendaritza-taldeko kidea da, 2006tik. 

Dozenatik gora liburu eta ehunka artikulu argitaratu ditu bakarka edo elkarlanean. 

Euskaltzaindiak urgazle izendatu zuen 2021eko azaroan. Akademiaren Sustapen Batzordeko kidea da 2021etik, eta Euskararen Gogoetagunearen koordinatzailea 2022tik aurrera. Mintzola proiektuaren zuzendaria ere bada, Eñaut Agirrerekin batera (2022tik aurrera), eta Herri-kulturgintzari buruzko ikerketa proiektuaren eratzaile eta haren arduraduna 2025etik.