Unai Fernandez de Betoño

Etxebizitza Funtsaren funtsaz

Azkenean joan den urtean iragarritako Etxebizitza Funtsaren inguruko xehetasun batzuk eman dizkigu Eusko Jaurlaritzak. Astelehenean publikoki argitara emandako funts horren inguruan, orain arte, bi adjektibo baino ez geneuzkan: «handia» eta, noski, «soziala». 

Astelehenean Etxebizitza Funtsaren inguruko xehetasun batzuk eman zituzten.
Astelehenean Etxebizitza Funtsaren inguruko xehetasun batzuk eman zituzten. (IREKIA)

Tamainaz. Badirudi datozen zortzi urteetan alokairu eskuragarriko 10.000 etxebizitza egiteko baliatuko dela funtsa. 5.000 etxe legealdi bakoitzeko. Alderatzeko, Jaurlaritzak alokairuko 7.000 etxe agindu ditu soilik legealdi honetarako. Alegia, iragarritako funts «handiak» 2.000 etxe gutxiago egingo ditu legealdi bakoitzeko: Jaurlaritzak baino %30 gutxiago.

Gainera, 10.000 horietatik, 2027rako agindu dituzten lehen 2.000 etxeak dagoeneko martxan dira Jaurlaritzaren baliabideekin: horietako askoren diseinuak funtsaren aurkezpena baino lehenago jada lizitatuta zeuden. Eta guztiak, 2.000 etxe horiek, aspaldi daude eraikitzeko zain. Hain zuzen, Gasteizen agindu diren 653 etxebizitzek 2016tik daukate birpartzelazio proiektua onetsita. 2016tik eraiki zitezkeen: Gasteizko Udalak (EAJ-PSE eta PSE-EAJ) lehenago, eta Jaurlaritzak (EAJ-PSE) ondoren, hamarkada bat galdu dute.

Izaera sozialaz. Funtsak egingo ei dituen alokairuko 10.000 etxeak ez dira Etxebideren zerrendan okerren daudenentzat, urtean 25.000 eta 65.000 euro bitartean kobratzen dutenentzat baizik. Hau da: urtean 65.000 euro kobratzen dutenentzat egingo dugu, hemendik aurrera, etxebizitza politika publikoa. Merkatu librean bigarren eskuko etxe bat erosteko adina diru dutenak laguntzera dator funts “soziala”. Araudia aldatu beharko dute, jakina, gaur-gaurkoz alokairu babestua eskuratzeko gehienezko muga 46.500 eurokoa delako. Iragan maiatzean jada igo zutena.

Maizterrek hilero ordainduko dutena ere aurreratu zaigu. Nahita ala nahi gabe, logika progresiboa erabili ordez, erregresiboa aplikatu dute: 70 metro koadroko pisu batengatik hilean 680 euro ordainduko ei dituzte bai urtean 35.000 euro kobratzen dutenek bai 65.000 eurokoek. Hemendik aurrera politikaren izaera soziala klase ertainari gehiago laguntzean ei datza.

Jaurlaritzak proposatutako funtsa ez da sektore publikoaren eta pribatuaren arteko erdi banako kolaborazio orekatuan oinarrituko: Jaurlaritzak soilik %25-30 arteko kapitala jarriko du eta, ondorioz, bere ardura eta erabakimena oso mugatuta egongo da. Gainerako %70 eta %75 arteko kapitala, gainera, banku-fundazioei eta borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundeei zabaltzeaz gain, ohiko sustatzaile eta inbertsoreei ere irekita egongo da.

Hain zuzen, kanpoko inbertsore immobiliarioak erakartzeko, Jaurlaritzak argitu du funtsean inbertitutakoaren %6,6 bermatuko dela irabazi gisa. Ez da gutxi, bereziki ikusita tentsio handiko eremuetako alokairuen eguneratzeek ezin dutela IRAV indizea gainditu, oraintxe %2,5ean dagoena. «Ez dizuegu keinu bat eskatzen; zuei inbertsio bat eskaintzera etorri gara», aitortu zien Denis Itxaso sailburuak funtsaren aurkezpenera gerturatutako higiezin-sustatzaileei. Inbertsoreentzat erakargarria bada, oso-oso “soziala” ez da izango.

Eta kontrol publikoa?

Ez alferrik, funts honen diseinua kontsultora pribatu bati azpikontratatu zaio, Madrilgo Analistas Financieros Internacionales delakoari. Eta hain zuzen ere, AFI kontsultora horretako ordezkariak, Enrique Martin higiezin-aholkulariak, ondo argitu zuen astelehenean funtsaren gobernantza zein kudeaketa pribatuak izango direla. Hots, erabakiak pribatuak izango dira eta baita alokairuen eguneroko gestioa ere, Alokabide ez baita tartean izango. Kontrol publikoa ekuaziotik kanporatu da, beraz.

Kontrol publiko bakarra zoruen lagapenerako baldintzetan egongo da: eraikinak azalera-eskubidean eraikiko baitira zoru publikoen gainean. Formula teorikoki interesgarria, 75 urtera zoruak zein gaineko eraikinak Jaurlaritzaren eskuetara itzuliko liratekeelako. Baina aurrekariak ez dira itxaropentsuak: aurretik formula hori jada erabili da eta Jaurlaritzak dirua behar izan duenean salmentan jarri ditu. 2025eko azken salmenta zazpigarrena izan da. Funtsak hobeto kudeatuko du hori, jakinda Jaurlaritzaren erabakimena ez dela %30koa baino handiagoa izango?

Gutxienez, Jaurlaritza ohartu da alokairu eskuragarriaren eskaintza handitu behar dela, eta horretarako formula berritzaileak behar direla. EH Bilduk 2025eko maiatzaren 22an Legebiltzarrean aurkeztutako funtsa horretarako akuilu izan bada, gaitz erdi. Ea egiaz berritzailea den Jaurlaritzak aurkeztutako funtsa. Oraingoz ohiko higiezin-enpresa sustatzaileekin antz handiegia dauka.