Heldutasunaren beldur
CLUB KID
AEB, 2026. 126’. Zuzendari eta gidoia: Jordan Firstman. Aktoreak: Jordan Firstman, Reggie Absolom, Diego Calva, Cara Delevigne. Musika: Cristobal Tapia de Veer. Argazkia: Adam Newport-Berra.

Filmaren une batean Jordan Firstmanek gorpuzten duen Peter pertsonaiak Greg Araki maite duela aitortzen du, eta ‘Mysterious Skin’ filmak beregan izan zuen eraginaz hitz egiten du. Erreferentzia metazinematografiko hori ez da kasualitatea. ‘Club Kid’-ek Arakiren zinemarekin lotzen duen genealogia estetiko eta emozionala du. Tarteka, Sean Bakerren zinemaren arrastoak ere ageri dira: bazterreko komunitateen erretratu intimoa, naturalismoaren eta estilizazioaren arteko oreka eta pertsonaiek bizi duten prekarietate emozionalaren aurrean begirada epaitzaileari uko egitea.
Firstmanek, filma zuzendu eta idazteaz gain, Peter izeneko pertsonaiaren rola ere jokatzen du. Peter gizon homosexuala da eta New Yorkeko underground gaueko festetako sustatzailea. Drogak, sexua, musika eta after-ak dira bere egunerokoa, eta gaua bere bizitzaren ardatz bihurtu da. Halako batean, Arlo, hamar urteko semea –ordura arte ezagutzen ez zuena–, ustekabean agertuko da haren bizitzan, eta horrek goitik behera kolokan jarriko du bere ekosistema hedonista, kaotiko eta autosuntsitzailea.
Peter LGTBIQ komunitatearen barruan bizi da. Klubak, after-ak, drogak, sexua, lagunak, kode linguistikoak, gorputzak eta musika ez dira kanpotik begiratzen diren elementuak, pertsonaiaren eta filmaren munduaren parte organikoa dira. New Yorkeko LGTBIQ+ eszenaren erretratuak, beraz, barrutik bizitako unibertso baten itxura du. Ikuspegi hori garrantzitsua da “Club Kid”-ek ez baitu mundu hori ez idealizatzen ez demonizatzen. Gauaren askatasuna eta bere alde autosuntsitzaileak batera ageri dira.
Abiapuntua ehunka aldiz ikusitako aitatasunaren inguruko komedia dramatiko konbentzionala dirudi –badakizue, betikoa, heldu arduragabea + ustekabean azaltzen den semea = elkarrengandik ikasi eta, bidean, elkar eraldatuko diren bi pertsona–. Firstmanek formula ezagun hori erabiltzen duen arren, ikuspegi zinematografiko oso aberatsa gehitzen dio. Festa, drogak, sexua eta gehiegikeria protagonistak jartzen duen babes edo harresi moduko bat da, denboraren joanari aurre egiteko modu bat.
Pelikularen tonua berezia da. Drama da muina eta oinarria, baina tarteka jaiotzen den umoreak bikain funtzionatzen du. Firstmanek ez du istorioaren alde emozionala solemnitatez zamatzen, eta horrek filmari freskotasuna ematen dio. Umorea pertsonaien zaurgarritasuna ezkutatzeko erabiltzen den mekanismoa da.
Firstmanek 35 mm-tan filmatu du eta oso aurrekontu baxuarekin, baina emaitza harrigarriro aberatsa da. Irudiaren ehundurak, argiak eta gaueko eszenen energia fisikoak Peterrek bizi duen mundua ez ezik, mundu horren barruan harrapatuta dagoen pertsonaiaren egoera emozionala ere transmititzen dute. Musika ere ezinbesteko elementua da. Abestiek Peteren egoera mentala eraikitzen dute, baina baita pertsonaien arteko loturak ere.
Samurra, tristea, dibertigarria eta zintzoa da. Jordan Firstmanen lana zinez ederra da.

Muere Peón Kurtz, fundador del grupo Def con Dos

Ningún militar puede llevar una camiseta de un partido neonazi

El apoyo a Sertorio pudo desencadenar la destrucción del poblado vascón de Irulegi

Desahucian a una familia con dos menores en Gasteiz

