Andoni Arabaolaza
Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

Laura Rogorak astindu ederra eman dio ‘Bibliographie’ bideari

Eskalatzaile italiarrak sei eguneko lanak behar izan ditu soil-soilik, Céüseko 9b+ mailako 'Bibliographie' kateatzeko. Bide horren inoizko igoera azkarrena egiteaz gain, hura kateatu duen bigarren emakumea da.

Céüseko ibilbidetik jaitsi bezain laster, Laura Rogorak lagunekin partekatu zuen arrakasta.
Céüseko ibilbidetik jaitsi bezain laster, Laura Rogorak lagunekin partekatu zuen arrakasta. (@LAURA.ROGORA)

Zalantzarik gabe, joan den abuztuan Laura Rogorak 'Bibliographie' bidean (9b+, Céüse) erdietsi zuen arrakastak kirol eskaladako muturreko mailan ezarritako hainbat muga hautsi zituen. Inoiz ez bezalako jarduera 'eroa' sinatu zuen; izan ere, eskalatzaile italiarrak orain arteko igoerarik azkarrena sinatu zuen: sei eguneko lana behar izan zuen soilik. Horretaz gain, lerro horretan arrakasta lortu duen bigarren emakumea da, eta 9b+ mailara iritsi den hirugarrena. 'Bibliographie'-ren zazpigarren igotzailea ere bada.

Bi hilabete eta erdi lehenago, Janja Garnbret bide hori igo zuen lehen emakumea bilakatu zen. Esloveniarrak zur eta lur utzi gintuen; batez ere, 9a mailatik 9b+ mailara egin zuelako jauzi. Baina Rogorari ez bezala, asko kosta zitzaion zirkulu hori ixtea. Hain zuzen ere, bost bidaia eta 60 egun behar izan zituen. Hori aipatu eta gero, zer esan dezakegu italiarrak 'Bibliographie' sinatzeko behar izan zuen denbora labur horren inguruan? Bada, arestian aipatu dugunez, ezarritako hainbat muga hautsi dituela. 

25 urteko gazte horrek jarduera ikusgarri horretan egin duena ia irrigarria suerta daiteke. Bederen, azken hamarraldi honetan egin den igoera adierazgarriena biribildu eta biharamunean bere sare sozialetan adierazpen bitxia egin zuen: «Céüsera iritsi nintzenean, ez nekien zer espero. Inoiz ez nintzen hain ibilbide zailean saiatu, baina berehala eroso sentitu nintzen tarte bakoitzean. Bi eguneko txango soil bat izango zena misio bihurtu zen: hura osatzea. Eta, nolabait, ametsa egia bihurtu zen sei eguneko lanean». 

Rogoraren 'erlojupeko' berezi horrek eliteko edo lehen lerroan dauden eskalatzaileak ere zur eta lur utzi ditu. Den-denek baieztatu dute italiarraren jarduera erokeria hutsa izan dela. Adam Ondraren adierazpenak ere, norabide horretan doaz: «Ez nau harritzen, baina, hala ere, erokeria da, Laura! 9b+ mailako bide batean inoiz egin den eskaladarik azkarrena izan da!».

Orain arte 'Bibliographie' bidean osatutako igoerei dagokionez, datu argigarri batzuk emango ditugu. Alex Megos izan zen lerro hori igo zuen lehena, 60 ekinaldi egin eta gero. 2020an izan zen, eta 9c maila proposatu zuen. Urtebetera, Stefano Ghisolfiren errepikapena heldu zen, eta 9b+ mailara jaitsi zuen; italiarrak 25 egun behar izan zituen arrakasta hori lortzeko. Hain zuzen ere, eskalatzaile italiarrak umore ukitu batekin Rogoraren igoera bikaina aipatu nahi izan du: «Erokeria bat, baina, mesedez, ez eman hasiberri itxura». 

Eta ondorengoek ere makina bat eguneko lana behar izan zuten katera erorikorik gabe heltzeko. Hortaz, 9b+ zailtasunean, Rogorarena, gizonezkoei aurreratzen, igoera azkarrena izan da.

Laura Rogora, artxiboko irudi batean. (@LAURA.ROGORA)

Askoren ustez, italiarrak Céüsen eginiko eskaladak ez du inor harritu. Gaztea da, baina eskarmentu itzela du bederatzigarren esferan. Adibidez, 19 urterekin, Rodellarreko 'Ali Hulk sit Extension' (9b) kateatu zuen. Maila hori egiten bigarren emakumea izan zen Angela Eiter austriarraren 'Planta de Shiva'-ren (Villanueva del Rosario, Malaga) ostean. Duela bost urte, 'Erebor' (9b/+, Arco) heldu zen, baina lerroaren errepikapenen ondoren 9b mailan geratu da. Ezin dugu ahantzi ere egin bistan 8c+ ('Ultimate sacrifice', Gorges du Loup) egin duela; munduan oso eskalatzaile gutxi daude maila hori estilo horretan sinatu dutenak.

Duela urte eta erdi, jendeak bere buruari galdetzen zion ea emakumeren batek inoiz 9b+ bat igoko zuen. Gaur, denek egiten duten galdera da: nor izango da, Rogora edo Garnbret, 9c bati aurre egiten lehena?

Eraginkorra 

Gazte honek 'Bibliographie'-n izan zuen prozesu azkarrari buruz, aurreratu behar dugu lehen bi eguneko bisitaren helburua mugimenduak ezagutzea eta ulertzea izan zela: «Lehen saialdietatik harrigarria izan zen, baina ondo sentitu nintzen sekzio ezberdinetan. Mugimenduak egin nitzakeen eta ez nuen sentitzen sekzio bakar bat ere niretzat guztiz ezinezkoa zela». 

Ondoren, Estatu frantseseko eskalada eremu batzuk ezagutu zituen, baina lehen bisita horrek arrasto sendoa utzi zion. Hots, esplorazio horrek motibazioa eman zion berriro itzultzeko. Zergatik atzeratu 'Bibliographie'-ren erronka? 

Sei egun beranduago, Céüsera daraman aldapa gogorrean ikusi zuten Rogora. Prozesuan aurrera egiteko, lerrootako protagonistak bazekien hainbat alderdi lerrokatu behar zituela. Eta ez bakarrik sasoia: «Nire ustez, faktorerik garrantzitsuena bidea ulertzeko izan nuen azkartasuna izan zen. Nahiko azkar, ondo funtzionatu zidaten metodoak aurkitu nituen, eta ez nuen denbora askorik behar izan atal desberdinak ulertzen saiatzeko».

Oso azkar, esku artean zuen proiektuaren atalak ahokatzen hasi zen. Hori menderatu bezain laster, buru hausgarriaren azken pieza kokatzea falta zitzaion. Aldez aurretik beste eskalatzaile batzuen bideoak ikusiak zituen –hots, informazio zehatza zuen–, baina Rogorak zati gogorrenetan edo bidearen giltzetan bere metodoak erabili zituen. Berriro diogu: oso gaztea da, baina egundoko eskarmentua du bederatzigarren esferan. Gai horren inguruan bi hitz egin ditu: «Orain eskarmentu handiagoa dut muturreko zailtasunean. Hobeto ezagutzen dut nire gorputza, hobeto dakit nola heldu proiektu zail bati, nire saiakerak kudeatu eta, ziurrenik garrantzitsuena: lasai egon prozesua okertzen bada».

Seigarren eguna iritsi zitzaion eskalatzaile italiarrari. Behin betiko ekinaldirako prest zegoen, baina onartu du ez zuela inolako ziurtasunik arrakasta hori lortzeko. Mugimenduak, metodoak, sekuentziak…den-dena menderatuta zuen. Berotzen ari zen bitartean ondo sentitu zen, baina burutik ezin zuen kendu 'Bibliographie'-k duen maila: 9b+.

Ibilbidearen lehen giltza edo sekzio gogorra iritsi zenean, gazte honek ondo estutu eta gainditu zuen. Italiarrak dio inflexio puntua izan zela: «Lehen tarte zaila gainditu nuenean, jakin nuen posible zela. Atseden pixka bat ondo hartu nuen eta dena arazorik gabe joan zen bilguneraino».

25 urteko italiarrak soilik sei egun behar izan ditu 9b+ mailako bide hori sinatzeko. (@LAURA.ROGORA)

Jakina, segurtatzaileak puntu horretatik jaitsi zuenean, pozez lehertu zen Rogora, eta, irudian ikusten den bezala, poz une hori argazki batean betikotu zuen. 'Bibliographie' patrikaratu, eta horrekin 9b+ mailan sartu zen; hirugarren emakumea munduan Brooke Raboutouren ('Excalibur', Arco, 2025) eta arestian aipatu dugun Garnbreten ostean.

Bide batez, eskalatzaile honek eskerrak eman dizkio bere entrenatzaile Alessandro Marrochiri: «Lanaren zati handi bat murru horretara iritsi aurretik egin da. ‘Bibliographie’-ri eskainitako sei egunak askoz ere prestakuntza luzeagoaren emaitza izan ziren. Horretaz gain, Marco Marottaren babesa ere eskertu nahiko nuke. Ekinaldi guztietan nire ondoan egon zen. Zorionez, talde bikain bat aurkitu nuen Céüsen. Giro ona izan genuen eta horrek animatu egin ninduen prozesu osoan zehar. Eskerrik asko proiektu hau amaitzen laguntzeagatik. Bide batez, esan behar dut oso harro nagoela arrakasta honek emakumeen eskaladan garrantzi handia izan duelako, baina proiektutik bertatik sortu zitzaidan motibazioa».