
Metroak betidanik liluratu du Bertol Arrieta. Hala aitortu du bere bigarren eleberri grafikoaren aurkezpenean asteazken honetan Donostian. «Niretzako zerbait oso berezia da, nik irudikatzen dut hiriaren itzala bezala, baina ikusten ez dena. Gainazalean bazaude ez duzu ikusten baina, nolabait, hiriaren azpian dago eta hiriaren irudia ematen du. Hiriaren itzal ikusezina da». Arrietaren ustetan «labirinto» itxura du metroak eta bertan, lurrazpiko mundu horretan, errealitate eta pertsona asko nahasten dira: langileak, trajedunak, turistak edo migranteak zerrendatu ditu autoreak, besteak beste.
Helena Azkarragaurizar ilustratzailearekin batera ondu du ‘Jende modernoa’. Komikiak Satrurnino, «agure alargun erretiratua» du protagonista, Satur. Berak ere metroak eta trenak ditu maite, hain zuzen ere, urtetan horiek eraikitzen lan egin baitu fabrikan. Saturren semea Idiazabaletik Bartzelonara joan zen eta hura bisitatzera joango da. Mikel semeak hiria erakutsi nahi dio, Saturrek ordea metroan bidaiatu nahi du.
Garai desberdinetan, baina bi autoreek bisitatu dute Bartzelona. Arrietak egonaldi literarioa egin zuen hiriburuan. «Metroan aurrera eta atzera egiteko aukera» izan zuen. Hainbat kontu egin zituen bertan, linea bat hartu eta azken geltokiraino joan, ezezagunekin hitz egin, ausaz linea batetik bestera jauzi egin... Hiru egun igaro zituen bertan Azkarragaurizarrek eta antzekoak egin zituen bertan.
Minimalismoa, isiltasuna eta kontrasteak
Arrietak azaldutako moduan, «istorioa minimalista samarra da baina, inplizituago edo esplizituago, pertsonaia hauek barruan daramatzaten itzal ikusezin horiek ere garatuko dira». Pertsonaien moldeatzea izan da bidearen lehen urratsa. «Saturrengan pentsatuz bururatu zitzaidan ezkertiarra, aurrerakoia, ateoa, sindikalista, Palestinaren aldekoa izan zitekeela. Baina aldi berean homofoboa».
Kontraste bila zebilen idazlea eta aitaren pertsonaia osatzeko Evo Moralesen pentsatu zuela azaldu du. «Morales inspirazio bezala izan dut eta garai hartan izugarriko pena eman zidan halako pertsona batek halako komentarioak egitea. Hori izan da kontrasteak bilatzeko abiapuntua».
Eta hari horretatik tiraka otu zitzaion Mikel, Idiazabaldik Bartzelonara joandako, semea homosexuala izatea. Elkarrekin pasako duten asteburuan «sekretuak ere agertuko dira», bien arteko harremanean «lurrikara txiki ez hain txiki bat» azaleratuko baita. Izan ere, hirira iristerako Saturrek ez du jakingo oraindik semeak gizonezkoak dituenik maite.
Isiltasunek, zentzu horretan, pisu berezia dute komikian. «Garrantzi handia izaten dute isiltasunek komikian, zer esanik ez elipsiek. Komikia niretzat elipsiaren artea da, biñeta bakoitzetik bestera elipsia dagoelako. Erabaki garrantzitsua da zer erakutsi eta zer ez», azaldu du Arrietak. Horrekin batera, eta hiri handien ematen duten ikuspegia kontuan hartuta, «ezezagunen arteko enkontru efimeroak ere kontatu nahi izan ditugu». Eta horretan egin du ekarpena Azkarragaurizarren ilustrazioak.
Estilo berri bat
Gidoia jaso zuenean begi onez ikusi zuen egitasmoa Azkarragaurizak: «igarri nuen istorioa minimalista zela eta horrek atrebentzia moduko bat eman zidan. Egingarria zela ikusi nuen, metafora handiegirik gabe». Bere estiloarekin bat egin zezakeela iritzita, elkarlanari ekin zion. Arrietaren gidoiarekin burura antzerkia zetorkiola azaldu du ilustratzaileak, keinuei garrantzia handia emanez, esaterako. «Pertsonaiak teatralizatu ditut».
Beretzat lan egiteko modu berri bat ekarri duela aitortu du. Izan ere, orain artean fondo zuridun irudiak marrazteko ohitura baitzuen. Oraingoan baina, «kontrako efektuarekin» tematu da «pertsonaien atzean gauzak gertatzea» bilatu baitu. Hala, paisaiak, ekintzak eta bestelako elementuak bilatu eta sortu behar izan ditu bigarren planoan.
Marrazki guztiak arkatzez eginda daude. Lana «analogikoa» eta partekatua izan da bi egileen artean. «Story-borda batera egitean elkarri egin dizkiogu ekarpenak. Elkar-ezagutza prozesua izan da». Hala, hainbat erabaki hartzen joan dira idazle eta ilustratzailea: «une batean planteatu genuen nobela erdia Bartzelonako gainazalean gertatzen dela eta beste erdia azpian».
Zalantza izan zuten nola ebatzi hori eta, Azkarragaurizak azaldutako moduan, kolorea izan zen horretarako bitarteko nagusietako bat. Gainazala koloretsuagoa da, arrosa eta berdea dira presente adibidez. Metroko unean ilunagoak dira, eta urdin monokromatikoaren hainbat «flash» irudikatu dituzte.
Pozik dago ilustratzailea emaitzarekin, baina baita prozesuarekin ere. Lakuako Gobernuak emandako dirulaguntzari esker «dena oso samur joan da. Baina ordu pila bat izan dira. Eta niretzako hori oso garrantzitsua izan da. Benetan marrazkilaria sentitu naiz, orduak eta egunak eman ditut horretan».

La Policía Municipal abate a un vecino de Hondarribia y la comunidad senegalesa pide «justicia»

Ruidosas memorias del pionero y alternativo punk euskaldun

Muere Peón Kurtz, fundador del grupo Def con Dos

Deportazioa apurtu zuen Ramon Sagarzazu ‘Xenpe’ oiartzuarra hil da

