
Udara CaixaBank Txapelketaren III. edizioak amaiera bikaina izan zuen ostiral arratsaldean Iruñeko Labrit pilotalekuan. Ados Pilotak antolatutako eta besteak beste CaixaBanken eta Iruñeko Udalaren babesarekin jokatutako txapelketak giro ederrean eman zion amaiera aurtengo edizioari.
Finalean, Barrokal-Agirre bikoteak 22-8 irabazi zion Iturriaga-Arrastia bikoteari. Maddi Barrokalek eta Naroa Agirrek berriro erakutsi zuten txapelketa osoan zehar izan duten sendotasuna, eta final handian ere maila bikaina eman zuten. Hala ere, markagailuak ez du guztiz islatzen partidak izan zuen gogortasuna; izan ere, ordubete inguruko neurketa lehiatua jokatu zuten lau pilotariek.
Hasieratik bi bikoteak ongi sartu ziren neurketan, eta lehen tantoetan lehia estua izan zen. Markagailua parean joan zen 5na berdindu arte, eta urdinek 5-6 aurreratzea ere lortu zuten. Hortik aurrera, ordea, Barrokal-Agirre bikoteak partidaren erritmoa bereganatu zuen, eta zortzigarren tantotik aurrera aldea zabaltzen hasi zen.
Maddi Barrokalen bizitasuna erabakigarria izan zen, bereziki sakearekin min handia eginez. Atzean, berriz, Naroa Agirrek lan bikaina egin zuen, pilota ederki mugituz, bikoteari segurtasuna eman eta aurkariei min eginez.
Iturriaga-Arrastia bikoteak ere tanto ikusgarriak egin zituen eta saiatu zen neurketari eusten, baina atzokoan Barrokal-Agirre bikotea gehiago izan zen. Finalean erakutsitako jokoagatik eta uda osoan egindako ibilbide bikainagatik, merezitako txapela jantzi zuten.
Sari banaketa eta jaialdi solidarioa
Sari banaketan parte hartu zuten Maider Belokik, Iruñeko Udaleko zinegotziak; Estibaliz Igoak, CaixaBankeko Nafarroako Negozio Arloko zuzendariak; eta Ilargik, bere gurasoekin batera.
Ostiraleko hitzorduak izaera solidarioa izan zuen, Hodei Ilargiri eta bere familiari laguntzeko. Labriten bildutako zaleek pilotaz gozatzeko aukera izateaz gain, elkartasun keinu eder batean parte hartu zuten. Harmailek itxura bikaina izan zuten, eta 500 pertsona inguruk bat egin zuten emakumezkoen pilotarekin eta Hodei Ilargiren aldeko jaialdi solidarioarekin.
Finalaren ondoren, jaialdiak beste hitzordu berezi bat ere izan zuen: Mikel Goñi-Ivan Azanza eta Oinatz Bengoetxea-Antton Apezetxea bikoteen arteko desafioa, Labriteko arratsaldeari amaiera borobila emateko.

Una violenta y fuerte tormenta inunda calles y provoca cortes de luz en Bilbo

«Puta», grabado en la espalda con un cúter; el detenido ha quedado libre

Las derechas tumban los decretos de vivienda y dejan tocada la legislatura de Sánchez

Etxebizitza eskubidearen aldeko aldarria Hego Euskal Herriko hiriburuetan
