Elkarrizketa
Ion Martinez
Lazkaoko ikastolako zuzendaria

«Erronka da festaren komunitate sentimendua ikastolara eramatea»

Musikako eta Natur Zientzietako irakaslea izan da Ion Martinez Santamaria orain arte Lazkaoko Ikastolan. Egun zuzendaria ere bada, eta Kilometroak 2026ra begira bere aurpegia jartzea egokitu zaio. Igandean borobilduko du urte osoan zehar Gipuzkoako Ikastolen jaia antolatzen egin duen lan guztia.

Ion Martinez.
Ion Martinez. (Jon URBE | FOKU)

Zenbaki borobila da 50. edizioarena. Herritarrak inplikatu al dira antolakuntzan?

Hori da agian Kilometroak 2026ren ezaugarri nagusietako bat. Hasieratik oso garbi izan dugu “herritik eta herriarentzat” izan behar zuela. 2025eko ekainean bertan herriko topaketa bat egin genuen lazkaotarren proposamenak jasotzeko eta helburuak definitzeko. Hortik aurrera, urte osoan zehar herriko eragileekin elkarlanean aritu gara, eta erantzuna oso ona izan da. Herriko kultur taldeek, musika eskolak, kirol munduak, elkarteek, merkatariek, herritarrek... bakoitzak bere lekutik egin du ekarpena. Eta hori da guretzat benetan interesgarria: Kilometroak ez izatea ikastolak antolatzen duen festa bat, baizik eta Lazkaok bere egiten duen festa bat.

Kilometroak antolatzen hasi zirenean garai ilunak ziren euskararentzat.

1977an egoera oso desberdina zen. Kilometroak sortzeko arrazoi nagusietako bat euskararen aldeko aldarria eta ikastolen proiektuari baliabideak ematea izan zen. Hasierako garai haietan, euskarazko hezkuntza bera ere ez zegoen gaur egun dagoen egoeran. 50 urte hauetan asko aldatu da: euskarak presentzia eta aitortza handiagoa ditu, ikastolen sarea izugarri hazi da eta euskarazko hezkuntza hedatu da. Baina horrek ez du esan nahi erronkak amaitu direnik. Egun, guretzat erronka ez da soilik ikasleek euskara jakitea; euskara erabiltzea, euskaraz bizitzeko aukerak izatea eta hizkuntzarekiko atxikimendua sortzea ere bada.

Hemendik aurrera zer egokitzen zaio Ikastolari?

Kilometroak jaia amaitzen denean ez da ezer amaitzen. Beste buelta bat hasiko da. Gure erronka da Kilometroek ekarri diguten energia eta komunitate sentimendua eguneroko ikastolara eramatea. Hezkuntzan ezin gara geldirik egon. Gure proiektuan badugu etengabe berritzeko konpromisoa: metodologia, konpetentzien garapena, digitalizazioa, hizkuntzen trataera, aniztasunari erantzuna, ikasleen autonomia... Gainera, Kilometroak 2026ren bidez lortuko diren baliabideak proiektu pedagogikoa indartzera bideratuko ditugu. Bereziki, eraldaketa pedagogikoari bultzada emateko eta baliabide pedagogikoak sendotzeko erabiliko dira. Beraz, urriaren 4a ez dugu helmuga bezala ikusten. Buelta baten amaiera da, baina hurrengoaren hasiera ere bai. Eta hori da gure ikastolaren erronka: sustraiak sakon izanda, etorkizunerako prest egotea.