Ibilian-ibilian, itzuli dira Kilometroak sorterrira

Kilometroak jaialdiaren 50. aldia ospatu dute gaur Lazkaon, 1977an lehen aldiz antolatu zuten herri berberan. Aurkezpen ekitaldian ikastolen garrantzia azpimarratu, eta datorren urtean Bergaran ospatuko direla aditzera eman dute. Bestalde, Gotzon Huegun artistaren lekuko berria aurkeztu dute. 

Kilometroen hasierako ekitaldia.
Kilometroen hasierako ekitaldia. (Aitor KARASATORRE | FOKU)
Aurreskua dantzatu duten unea.
Aurreskua dantzatu duten unea. (Aitor KARASATORRE | FOKU)
Datorren urtean Bergaran estreinatuko duten lekuko berria aurkeztu dute Lazkaon.
Datorren urtean Bergaran estreinatuko duten lekuko berria aurkeztu dute Lazkaon. (Aitor KARASATORRE | FOKU)
Josu Erguin, lehen Kilometroen bultzatzaileetako bat, lehen planoan.
Josu Erguin, lehen Kilometroen bultzatzaileetako bat, lehen planoan. (Aitor KARASATORRE | FOKU)
Dantzariak hasierako ekitaldian.
Dantzariak hasierako ekitaldian. (Aitor KARASATORRE | FOKU)
Ekitaldiaren beste une bat, jendez gainezka.
Ekitaldiaren beste une bat, jendez gainezka. (Aitor KARASATORRE | FOKU)
Adarra jotzen.
Adarra jotzen. (Aitor KARASATORRE | FOKU)
Paella erraldoia prestatzen.
Paella erraldoia prestatzen. (Aitor KARASATORRE | FOKU)
Gazte mordoa gerturatu da Lazkaora.
Gazte mordoa gerturatu da Lazkaora. (Aitor KARASATORRE | FOKU)
Txoznak ere ez dira falta Lazkaon, zintzurra busti eta tripa betetzeko.
Txoznak ere ez dira falta Lazkaon, zintzurra busti eta tripa betetzeko. (Aitor KARASATORRE | FOKU)
Beste herrialde batzuetako ordezkariak, berebereen banderarekin, Lazkao Txikiriren monumentuaren aurrean.
Beste herrialde batzuetako ordezkariak, berebereen banderarekin, Lazkao Txikiriren monumentuaren aurrean. (Aitor KARASATORRE | FOKU)

Mende erdiz ibili da Kilometroak jaialdia herriz herri, ikastolaz ikastola lekukoa pasaz belaunaldi berriei. Hain justu, Lazkaon ekin zion ibilbideari, eta bertara itzuli da aurtengo edizioan.

Zerua goibel esnatu den arren, eguzki izpiek herria goxatu dute. Goizeko hamarretan puntu-puntuan, adarrak dei egin die joaldunei, eta zintzarrien hotsekin eman diote ongietorria egunari. Haiekin batera, familia, irakasle eta ikasle andana bildu dira Benito Deuna ikastolan.

«Ikastolak herritik sortu ziren, klandestinitatean, guraso talde batek euskaraz ikasteko eskubidea genuela sinetsi zuelako», ekin dio aurkezpen ekitaldiari Irantzu Amundarain Lazkaoko ikastolako lehendakariak.

Era berean, Josu Erguin Kilometroen lehen edizioaren bultzatzaileetako bat bertan izan da. Buruan «ametsa eta ideia zoro bat» zituela azaldu dute haren ordezkariek, baina «irrikitan» zegoela desira hori ideia bera zuten lagunekin partekatzeko.

«Ibilian-ibilian, buelta» lelopean, egun osoko egitarau oparoa antolatu dute: puzgarriak etxeko txikientzat, eta tonbola, berriz, helduentzat. Aurkezpena amaitu orduko, lepo bete dira bi gune horiek. Gipuzkoako ikastolen alde apustu egin, eta ikasturte berrirako agenda bat eta gozokiak irabazi ditu guraso batek. Hori bai zortea!

Nostalgia protagonista

Egitarauari jarraiki, Joxe Migel Iztueta ‘Lazkao Txiki’-ren herrian ez da bertsorik falta izan. Eguerdiko 13:30ean eguzki grisek lekua egin diote bertsolariei.

«Lazkao Kilometroen abiapuntu, ardatza / Nahiz eta oraindik sortzen zaizkigun mila zalantza / Gaurkoak emango digu indarra eta esperantza», aditzera eman du Mikel Etxezarretak. 

Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak ere Lazkaoko seme den bertsolariak Oiartzunen behin bota zuen bertsoa gogorarazi du: «Egin ezazue kalean eta etxean gure mintzoaz, eraldatu betikotasun guztian, gure euskaran».

Kilometroen urteurren borobilaren bueltan, nostalgia protagonista nagusia izan da. Euskara batzordeak ‘Denboraren tunela’ deituriko ekimena antolatu du, hamarkada bakoitzeko informazio panel bana jarriz garaiko argazkiekin batera. 

Besteak beste, klandestinitatean lan egin zuten irakasleen irudiak edota Mikel Laboa eta Aita Barandiaran lehen Kilometroetan ikusi ahal izan dira. «Badakigu lan asko dagoela egiteko euskararen alde, eta horretan jarraituko dugu», adierazi dute antolatzaileetako bi gaztek. 

Haien aburuz, gazteei dagokie euskararen etorkizuna, eta seigarren tunel bat sortu dute horretarako, aurrera begira ekarpenak jasotzeko xedez. «Etorkizunerako prest gaudela ere erakutsi nahi dugu», berretsi dute.

Etorkizuna hizpide

Hain justu, gaurko egunean euskararen etorkizuna hizpide izan dute askok. Hamaiketakoa egiten harrapatu ditu NAIZek hiru emakume heldu, eta horri buruz hausnartzeko tarte bat hartu dute. «Ezerezetik hasi eta zerbait lortzea lortu genuen, baina agian gauza gehiegi eginda eman dizkiegu gazteei», aitortu du hiruretako batek.

1977ko lehen Kilometroen jaialdian izan ziren hirurak, eta «arrakasta handia» izan zuen festa «ederra» eta «oso hunkigarria» bezala gogoratzen dute. Gaur egun, ordea, «sistemak ikastolak jan» dituela dio batek, eta «gizartea dena jasotzera ohituta» dagoela. 

Haiek gazteak zirenean, euskaraz hitz egitea debekatuta zegoela nabarmendu du hirugarrenak, eta, beraz, ikastolen mugimenduak bultzada bat behar izan zuela. «Baina bokata bat jateko esperantzarik ez dugu inoiz galduko!», erantzun dio barre artean alboko emakumeak, hamaiketakoarekin jarraituz.

Bien bitartean, haien aurrean Bigarren Hezkuntzako gazteek ‘Erronka’ leihaketan parte hartu dute. Bergarako lau ikaslek, izerdi patsetan baina harro diote orientazio proba irabazi dutela. Eskaladako horma begiratzean, ordea, kikildu egin dira.

Goiz osoan zehar ibili dira Lazkao gurutzatuz alde batetik bestera, eta arratsaldean musikaz gozatu ahal izan dute Iturrialden: Edu Zardoya, Skabidean, Muxutruk eta Nafarroa 1512.

Datorren urteari begira, Kilometroak Bergaran ospatuko dira, eta horrekin batera, Antton Mendizabalek sorturiko lekukoari erreleboa eman eta berria estreinatuko dute.

Gotzon Huegun artistak eman dio forma lekuko berriari, «ikastolen langileak, gurasoak eta ikasleak irudikatzen dituen» zurezko eskulturaren bidez. «Erdiko hutsunea etorkizunari begiratzeko leihatila gisa irudikatu dut», zehaztu du egileak.