Andoni Arabaolaza
Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

Yerupajako hirukoteak historia egin du Piolet d’Or ekimenean

Bru Busom eta Marc Toralles katalanek eta Ruben Sanmartin aragoiarrak lehen aldiz eraman dute beren herrialdeetara alpinismoko sari preziatua iaz Peruko seimilakoan sortutako 'L’essencia del compromis' bideari esker. Beste hiru jarduera ere saritu dituzte Urrezko Pioletetan.

Busom, Toralles eta Sanmartin protagonistak izango dira sari banaketan.
Busom, Toralles eta Sanmartin protagonistak izango dira sari banaketan. (YERUPAJAKO ESPEDIZIOA)

Piolet d’Or edo Urrezko Pioleta ekimenak prest du dagoeneko aurtengo edizioa. Gogora dezagun Estatu frantziarrean antolatzen den ekimenak iazko jarduera alpino onenak saritu edo aitortzen dituela. Askok diote 'Alpinismoko Oscarrak' direla. Azken urteotan bezala, sari banaketa ekitaldia egin baino lehen ezagutarazi dituzte aurten ere Urrezko Pioletarekin aitortutako protagonista guztiak. Alpinista sarituak, berriz, hilaren 21etik 25era jasoko ditu Meije-Oisansek. 

Jarduera alpino aitortuei dagokionez, lehenik eta behin Bru Busom eta Marc Toralles katalanak eta Ruben Sanmartin aragoiarra aipatuko ditugu. Izan ere, historia egin dute: lehen aldiz eramango dute beren herrietara sari preziatua. Gogora dezagun, hori bai, Silvia Vidal eta Jordi Corominas aurretik bigarren mailako aitortzekin eginak zirela. Vidalek 2021ean jaso zuen emakumeen aipamen berezia, eta, Corominasek, 2024an ibilbidearen saria.

Aipatu dugun hirukoteak Yerupajan eginiko eskaladarengatik jasoko du saria. Busom, Sanmartin eta Torallesek 'L’essencia del compromis' bidea (6c+, M6+, 95º, 3.000 m) sortu zuten Yerupajako (6.634 m, Huayhuash mendilerroa, Peru) ekialdeko horman. Horrez gain, seimilakoaren lehen zeharkaldia sinatu zuten, hegoaldeko aurpegitik jaitsita.

Urrezko Pioletaren antolatzaileek adierazi digute epaimahaia txundituta geratu zela taldeak hego hemisferioan lerro ausartak irekitzen jarraitzeko duen gaitasunarekin: «Himalaiatik kanpo kalitate goreneko abenturak bizi daitezkeela erakusten dute. Zeharkaldiaren ezaugarri nagusia konpromiso handia izan zen –goiko ertzera iritsitakoan erretiratzeko aukera errealistarik gabe eta istripua gertatuz gero kanpoko laguntza jasotzeko aukera urriekin aritu ziren–. Gainera, estilo bikainarekin osatu zuten zeharkaldia. Prestakuntza sakon batek, zalantzarik gabe, igoeraren arrakastan eragin erabakigarria izan zuen».

Eskalada horretaz gain, beste hiru igoera aitortu dituzte. Lehena, Ethan Berman, Maarten van Haeren eta Seba Pelletik Ultar Sar mendian (Karakorum) irekitako 'Shooting the Moon' bidea (M5, WI4, 3.100 m). Bigarrena, Aikache Chhok mendiko 'Secrets, Shepherds, sex and Serendipity' (M7, A2+, AI5, 3.000 m, Karakorum), George Ponsonby eta James Priceren eskutik. Eta hirugarrena, Ekialdeko Jannuko 'Sommet des Pieux' (M6, WI5, 2.300 m), Nicolas Jean eta Benjamin Vedrinesek sinatuta. Thipaine Duperierrek eramango du emakumezkoen aipamen berezia eta Peter Habelerrek ibilbidearen aitortza.

Hirukote katalan-aragoiarrak jarduera bikaina osatu zuen Yerupajan. (YERUPAJAKO ESPEDIZIOA)

Marc Torallesekin hitzordua lortu du NAIZek, eta, hala, Yerupajako jarduerari arreta jarriko diogu hurrengo elkarrizketan.

Epaimahaiak eginiko balorazioa aipatu dugu. Eta horrekin batera adierazi du zuen jarduera diskretua, autentikoa eta independentea izan dela: «Beraiek finantzatu dute eta askatasun osoz aritu dira». Zuk zeuk, ze irakurketa egiten duzu jaso duzuen aitorpenaren inguruan? 
 
Jarduera alde batera utzita, azken horri dagokionez, bitarteko gutxirekin egiten ditugu espedizioak. Horrez gain, oso lagun gutxiri esaten diegu zer egingo dugun. Ez dugu saltzen gure eskalada, eta horregatik ez dugu inolako presiorik. Ez dugu gustuko jendearen begiradapean egotea. Eta, bueno, badirudi epaimahaiak gauzak egiteko gure modua nabarmendu nahi izan duela. Bruk eta biok uste dugu duela lau urte Siula Granden sortutako 'Anima de corral' (7b, A3, AI5, M6, 1.100 m) bidea, Yerupajakoa baino osoagoa dela. Guretzat handiago izan zen bizipena; publiko orokorrarentzat, ez dakit. Yerupajakoan, berriz, konpromisoa handiagoa izan da. Uste dugu epaimahaiak gure ibilbidea saritu nahi izan duela nolabait; batez ere, jarduera horiek nola egiten ditugun aitortu nahi izan dute. Finean, alpinismoaren esentzia, abentura eta igo ditugun mendiak baloratu ditu epaimahaiak.

Urrezko Pioletaren saria jasoko duzue, baina ez dakit gure ingurumarian aitortza horrek behar bezalako oihartzuna izan duen. Maiz esaten den bezala, alpinismoak, antza, ez du saltzen.

Neurri handi batean, alpinistok ere ez diegu behar bezalako agerikotasuna ematen aktibitate zehatzei. Jordi Corominasen kasua hor dago. Duela pare bat urte Urrezko Pioletak ibilbidearen saria eman zion, eta Jordik ia isilean izan ditu egindako jarduera handi asko. Intimitatea gustuko dugu, eta ez eginiko jarduera bat lau haizeetara zabaltzea. Oreka bat bilatzen saiatzen gara. 

Gure filosofiaren oinarria da, eta saiatzen gara belaunaldi berrientzat erreferente izaten. Gaur egun, eskalada bat egin eta jarraian sare sozialetan argitaratzen da; hori ez dugu gustuko. Aurretik zeuden erreferenteei begiratu nahi diegu; hemen, Herrialde Katalanetan, zein Euskal Herrian, batzuk-batzuk baditugu. Gauza asko aldatu dira. Bitxikeria bat kontatuko dizut: joan den astean gure lurraldeko teknifikazio taldeko gazteekin egon ginen, eta Jordi Corominas ez zuten ezagutzen! Finean, lagun talde bat bildu, mendi edo pareta erakargarri batera joan, ahal den guztia eman… Hori da bilatzen duguna.

Oro har, Yerupajakoa bezala, aurrera eramaten dituzuen espedizioak zuen patriketatik ordaintzen dituzue. Hots, babesle esanguratsurik ez duzu. Zer garrantzia ematen diozu gai horri?

Askatasun edo autonomia hori gure filosofiaren parte da. Kanpaleku nagusi batzuk profesionalekin partekatu ditugu, eta azken horiek beste mentalitate batekin jarduten dute; ez dute gehiegi arriskatzen. Gure kasuan, proiektuak motibatzen bagaitu, gure patriketatik jartz­en­ dugu dirua. Profesional­ek, gainean duten presioarengatik, jarrera ezberdina izaten dute. Askok urtea justifikatu behar dute.

Baina ziur aski Urrezko Pioletaren aitortza horrek ateak zabalduko dizkizue eta babesleak ate joka izan ditzakezue. 

Askatasun puntu hori bilatzen dugu guk; gaur arte, behintzat, horrela jarraitzen dugu. Baina zuk diozun bezala, babesleen kontu hori gerta daiteke. Espedizio bat antolatzeko dirua jasoko banu, ez dakit nola gestionatuko nukeen. Ez da erabaki erraza izango, eta horregatik jasotako aitortzak alertan jarri nau. 

Andeak baino garaiagoak diren mendilerro batzuetara joan gara. Baina Andeetan aurrekontua merkeagoa da, eta hori ere bilatzen dugu. Aipatu dugun autonomia oso garrantzitsua da guretzat. Guk erabakitzen dugu nora joan eta emaitzaren berri ez dugu modu 'eroan' ematen. Profesionalen artean gertatzen da dirua jaso, hala moduzko espedizioa egin eta gero kaka saltzen dutela. Aitortu behar dut gai delikatua dela.

Era berean, aitortu behar dizut guk ez dugula babesle sendorik bilatzen. Jakin badakigu Karakorumen edo Himalaian espedizio bat egiteko aurrekontua handiagoa dela. Baina gure lanarekin eta hitzaldiekin ateratako diruak aukera ematen digu, adibidez, Andeetara joateko. Aipatu ditudan bi mendilerro horietan ere baditugu proiektuak, baina ikusiko da zer gertatzen den. 

Nire kasuan babesle gutxi batzuk ditut, eta diru pixka bat ematen didate. Baina ez didate ezer exijitzen. Horregatik eskertu nahi diet marka horiei duten jarrerarengatik.

'L’essencia del compromis' da iaz sortutako ibilbidea. (YERUPAJAKO ESPEDIZIOA)

Urrezko Pioletetan ez da ohikoa izaten Andeetan eginiko jarduera bat saritzea. Zuek, lortu duzue. Hori ere azpimarratzekoa da, ezta? 

Zalantzarik gabe, bai. Saiatu gara Hindu Kushen bide berri bat sortzen, duela bi urte K7-tik igaro ginen… Baina bietan ala bietan arrakastarik gabe. Andeetan, ordea, arrakasta lortu dugu. Mundu zabalean abenturak bizitzeko mendi asko daude. Andeak eta Himalaia aipatuta, esango dizut lehenbiziko mendilerr­oan konpromisoa handiagoa dela bigarrengoan baino. Izan ere, Nepalen erreskateak ia 7.000 metrora arte egiten dira. Andeetan, mendi txikiagoak badira ere, ez dago erreskaterik. 

Guk ez dugu maila oso handia, baina konpromisoaren arloa oso ondo kudeatzen dugu. Taldea da garrantzitsuena, eta sokakide bakoitzak argi izatea une jakin bakoitzean zer egin eta lideratu behar duen. Elkarren artean giro ona izatea eta ez haserretzea ere garrantzitsua da. Jarduteko estiloari azpimarra jartzen diogu guk.