
Euskal-Nafar Alpinismo Federazioak lehen urratsa egin zuenetik 102 urte igaro dira. Urte luze horietan guztietan Hego Euskal Herriko bi federazioen ibilbideek denetarik izan dute. Azken urteotan, berriz, saio oso garrantzitsua egiten ari dira batasunaren bidean Euskal Herriko Mendizaleen Biltzarrarekin eta beste hainbat egitasmorekin.
Erabateko batasuna oraindik oso urrun dago; ez soilik bi federazio horien artekoa, baizik eta Iparraldekoa kontuan hartzen duena ere. Alabaina, urratsez urrats ekimenak aurrera ateratzen ari dira. Sinbologiari dagokionez, adibidez, heldu den 11n, igandean, Euskal Herriko Erdigunera mendi martxa egingo da. Bi mendizale federazioek dioten modura, «mendizaletasunaz gozatzeko eta lurralde guztietako mendizaleen arteko loturak sendotzeko». Hortaz, hitzordu berezia da.
Helmuga Olibesarioko Saroia izango da, Nafarroako Andimendian, Lezitza menditik eta San Donato baselizatik gertu. Felix Isasa ingeniariak hantxe kokatu zuen Euskal Herriko erdigune geografikoa, barizentroaren kontzeptuan oinarritutako kalkuluaren bidez. 1.266 metroko altueran dagoen toki hori monolito txiki batek seinalatzen du 2004az geroztik.
Hego Euskal Herriko bi mendizale federazioek argi dute erdigune geografikoa elkargune bokazioari eusten diola: «Lehen euskal mendizale federazioa Elgetan sortu zenetik mende bat baino gehiago igaro den honetan, euskal mendizaletasunaren elkargune izateko bokazioari eusten dio martxak. Euskal Herriko Mendizaleen Biltzarraren bidez, bideak elkarrekin egiten jarraitzeko eta federazioen zein kirolaren esparruan elkarlana bultzatzeko borondatea adierazten du hitzorduak».
Egitarau
Martxak edo mendi ibilaldiak bi abiapuntu izango ditu. Lehenbizikoa goizeko 8:45ean Senosiaindik (Aska) abiatuko da. Bigarrena, berriz, 9:30ean Irañetako bordatik. Ekitaldi nagusia 11:30ean izango da, trikitilarien eta hizlarien parte-hartzearekin. Bide batez, Juan Mari Feliu eta Felix Isasari egingo zaie omenaldia.
Ondoren, jaiak Irañetako bordan jarraituko du: 13:30ean pintxopotea eta 14:00etan Idoia Granizo eta Sahats Karasatorre bertsolarien saioarekin. Euskal Selezioaren aldeko argazkia ere egingo da. 14:30ean bazkariaren hitzordua, Irañetako babak dastatzeko aukerarekin, 20 euroan. Bazkalostean, Euskal Kantari tartea egingo zaio. Bazkarirako izena emateko azken eguna ostirala, 9a, izango da. Horretarako, 620 190 277 telefonora deitu edo iratxomendi@gmail.com helbidera idatzi daiteke.
Irakurtzen den bezala, sinbologia handia duen ekimen horrek igandean hitzordua du. Mendi ariketa egiteaz gain, mendizale federazioetako ordezkariek dioten modura, aldarrikapenak ere indar handia du: «Helburua zazpi lurraldeetako mendizaleak elkartzea da. Martxa hau 1924ko lehen euskal mendizale federazioko fundazio horretako txartelik edo sibolorik onena da».

La Ertzaintza desahucia con extrema violencia a una familia con seis menores en Gasteiz

Astelehenean Bilbon Vito Quilesen agerraldiaren aurka mobilizatzera deitu dute

Exkixu eszenatokietara bueltatuko da, 2027ko apirilean, Gatibu eta Ken Zazpiko musikarien eskuz

Ansola tiró de consultora y descartó a Bengoetxea para Bilbo porque «no ilusiona»
