
Mertxe Aizpurua ez da Kongresura itzuliko azaroaren 29ko bozen ondoren. Madrilen hiru legealdi eman eta gero, EH Bilduren hautagai ez izatea erabaki du Aizpuruak, koalizioak ETBri jakinarazi dionez.
66 urte bete berri ditu Aizpuruak eta erretiroa hartzeko asmoa zuela adierazi zien aspaldi gertukoei. Orain asmo hori konfirmatu egin da.
2019an hautatu zuten lehen aldiz Aizpurua diputatu EH Bilduren Gipuzkoako zerrendaburu bezala. Talde subiranistaren eledun gisa aritu izan da urte luzez eta, adibidez, Pedro Sanchez presidente izendatzeko osoko bilkuretan hitz egin zuen. Hori lortzeko negoziazioetan ere aritu izana da. Urte hauetan EH Bilduk Madrilen izan duen aurpegi ezagunenetakoa izan dela esan daiteke.
Xn paraturiko txio batean ziklo bat bete duela eta egindako lanarekin harro dela adierazi du Aizpuruak. «Erretiroa hartzera noa, baina ez naiz EH Bildutik erretiratuko. Asko dago egiteko. Herri honek merezi du, eta egin egingo dugu», nabarmendu du.
Bizitzako ziklo bat bete dut, eta egindako lanarekin harro hartu dut erabakia. Proiektua badago, taldea badago eta anbizioa badago. Ezin lasaiago noa. Urte intentsuak izan dira: une zailak bizi izan ditugu, lorpenak eskuratu ditugu tarteka, eta ikasi egin dugu denbora guzti horretan. Asko. Bihotzez eskerrak eman nahi dizkizuet urte hauetan guztietan bidelagun eta konplize izan zaituztedan guztioi. Madrilgo familia osoari, han eta hemengo aliatuei, EH Bildu osatzen duen komunitate osoari, eta, etxekoei, noski. Erretiroa hartzera noa, baina ez naiz EH Bildutik erretiratuko. Asko dago egiteko. Herri honek merezi du, eta egin egingo dugu. Aurrera!
— Mertxe Aizpurua (@MertxeAizpurua) October 11, 2026
Kazetaria, Usurbilgo alkatea eta Udalbiltzako presidentea
Madrilera salto egin aurretik, Usurbilgo alkatea izan zen 2011tik 2015era, Xabier Mikel Errekondo ordezkatuz. Udalbiltzako presidentea ere izan da Aizpurua, 2013tik 2016ra.
Ogibidez kazetaria da Mertxe Aizpurua. ‘Punto y Hora de Euskal Herria’ aldizkarian aritu zen. Ondoren, ‘Egin’ eta ‘Euskadi Informacion’ egunkarietan izan zen. GARAren lehen zuzendaria izan zen, 1999 eta 2004 urteen artean. ‘Zazpika’ aldizkarian ere ardurak izan zituen.
EH Bilduren eskertza
X sarean zabaldutako mezu batean, EH Bilduk eskerrak eman dizkio Aizpuruari egindako lanarengatik eta ekarpenarengatik. Honekin batera, «zintzotasuna, eredugarritasuna, umiltasuna, lasaitasuna eta euskal herritarrei emandako hitza betetzea» izan direla politikagintzan izandako ezaugarriak gaineratu du.
Zintzotasuna, eredugarritasuna, umiltasuna, lasaitasuna eta euskal herritarrei emandako hitza betetzea. @MertxeAizpurua|k ezin hobeto gorpuztu du politika ulertzeko eta egiteko beste modu bat, urteotan erakutsi duen bezala. Eskerrik asko uzten diguzun ekarpen izugarriagatik! Elkarrekin urratutako bidean aurrerantzean ere fruituak emango ditu!
— EH Bildu (@ehbildu) October 11, 2026

Mertxe Aizpurua (EH Bildu) ez da Kongresura itzuliko

Una entrevista inaudita, una maniobra reconocible

El PNV se mete en un lío interno que atravesará la precampaña del 29N

Entre renovación, descontrol y escabechina







