
Euskal Herrian Euskaraz (EHE) erakundeak urriaren 12ra begirako bere irakurketa egin du. Ohar bidez azaldu duenez, astelehen honetan hainbat instituzio eta eragile «espainiar kolonialismoa eta inperialismoa goraipatzeko eguna» ospatzen ari dira Euskal Herrian bertan zein munduko beste bazterretan, baita «espainiar supremazismoaren izenean zapaldutako» beste hainbat lurraldetan ere.
Horren aurrean,baina, gogora ekarri du munduko txoko ezberdinetan hainbat erakunde eta herritar batu direla «herrien suntsitzea goraipatzen» duen eta «espainiar hizkuntza eta kulturaren nagusitasunean oinarritzen den ideologia horren»» aurkako ekimenak gauzatzeko.
«Egun hau baliatu nahi dugu, beraz, espainiar kolonialismo arrazista, etnozida eta linguizida pairatzen duten herri guziei gure elkartasuna adierazteko», jarri du azpimarra, eta ohartarazi du euskaldunek «ardura bikoitza» dutela zeregin horretan. Batetik, «gure herria zapaltzen duten estatuek —Espainiak eta Frantziak— Euskal Herrian zein beste herrien aurka aurrera eramaten dituzten politika eta jarrera zapaltzaile guztien aurka egitea dagokigu, supremazismo europar eta zuriaren logikak salatuz eta haiei aurre eginez», iritzi du.
Bestetik, Euskal Herritik, euskaratik eta euskaraz, «gure kultura eta hizkuntza aldarrikatu» behar direla uste du. Izan ere, euskarak eta euskal kulturak ekartzen dituen mundu-ikuskerak «kolonialismoak zein inperialismoak inposatu nahi duten homogeneizazioaren aurrean erresistentziarako tresna ezinbestekoak» direla uste du.
Aldi berean, iritzi du noberak bere esku dagoena egin behar duela euskara eta euskal kultura Euskal Herrian herri zapalduen arteko elkartasuna bultzatzeko izan daitezen. «Ez dugu onartuko euskara izatea diskurtso faxistak elikatzeko tresna. Alderantziz, euskarak faxismoaren aurrean harresia eta herrien arteko elkartasunerako zubi izan behar du», nabarmendu du.
Zentzu horretan, espainiar eta frantziar estatuek euskara eta euskal kulturaren «desagerpena» helburu duten «politika eta lege asimilatzaileak» salatu ditu. «Azkenaldian, euskararen kontrako oldarraldi politiko-mediatiko-judiziala bihurtu da estrategia. Baina aspalditik ezagutzen ditugu euskararen eta euskaldunon kontrako legeak. Lege horietako bat dugu Nafarroa garaiko Vascuencearen legea. Euskal Herrian Euskarazeko kideok Izpegin egin genuen prentsaurrekoan erran genuen gisara, heldu den abenduaren 15ean 40 urte beteko dira lege zapaltzaile hori gure gibelean dagoen parlamentuan onartu zenetik», ekarri dute gogora.
Prentsaurreko hartan iragarri zuten gisara, «lege zapaltzailea» salatzeko eta Euskal Herri osoan euskarari lehentasuna emanen dion ofizialtasuna aldarrikatzeko nazio mailako ekimena abiatu dute. Hala, euskaltzale guziak 2026ko abenduaren 15ean Euskal Herriko txoko desberdinetan ‘Euskarari lehentasuna emanen dion ofizialtasuna, orain!’ lemapean mobilizazioak antolatzera gonbidatu dituzte beste behin: «19.00etan denek ‘Euskal Herrian Euskaraz’ kantua abestuko dugu, eta horrez gain, bakoitzak nahi duen gisara mobilizazioa osatzeko gonbita luzatzen dizuegu».
Azkenik, bien bitartean, eskualde ezberdinetan batzar irekiak egingo dituztela ekarri dute gogora: «abenduaren 15eko ekitaldia aurkezteaz gain, Frantzia eta Espainia Estatu zapaltzaileek euskara desagerrarazteko aspalditik egiten duten ahaleginari buruz eta horri aurre egiteko borrokari buruz eztabaidatuko dugu».

EH Bildu propone sus candidatos para el 29-N: Matute, Otero, Etxebarrieta y Maiz

Asiron, tras los incidentes por Vito Quiles: «Tengo muy claro de dónde vino la provocación»

La provocación de Quiles con un acto fallido genera cargas y heridos en Iruñea

Trasladan a la plaza de Yamaguchi el acto de Vito Quiles ante el muro antifascista anunciado
