Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad
Elkarrizketa
Aritz Galarraga
Idazlea

«Gizonok ez dugu feminismoa lortzeko bidean parte hartzen»

Jaiotzetik gara garen bezalakoak edo, Simone de Beauvoir parafraseatuz, gizonak ere gizon bilakatzen dira? Eraikuntza baten prozesua aztertu eta fiskalizatu du Aritz Galarragak ‘Izan gizona’ saiakera literarioan. Gibelera eta barrenera begirako ariketa egin du, nora joan jakiteko lehen pauso gisa. 

Aritz Galarraga idazlea, Hondarribian.
Aritz Galarraga idazlea, Hondarribian. (Jon URBE | FOKU)

Aritz Galarragaren ‘Izan gizona’ liburuak (Alberdania, Patrika) ez dio modari segitzen. Bertan ez dago militantziarik eta hausnarketa abstraktu sakonik ere. Barne behar edo bulkada bati jarraituz idazten du hondarribiarrak eta, kasu honetan, bazuen kezka bat gaiaren inguruan: Zer da gizon izatea? Nola osatzen da gizon bat? Bizitza propio bat indibiduala baino sozialagoa dela susmatuta, gizontasunaren eraikuntzarekin lotutako pasarteak arakatu ditu bere biografian, gizon aunitzengana iristeko gogoz.

Kontent zaude liburua izaten ari den harrerarekin?

Bai, nahiko interes berehalakoa sortu duela iruditu zait aurreko liburuekin konparatuta. Gero, egia da azken egunetan gauza bat hausnartu dudala: maila publikoan kasu egin didazuen bakarrak emakumezkoak edo gizonezko homosexualak izan zarete. Bitxia egiten zait; eta ez hainbeste. 

Generoarekin eta batez ere generoen arteko harreman desberdin eta menderatzaile horrekin zer egiten dugun gure garaiko galdera handienetako bat da, ez bada handiena. Eta gizon gehienak bertze aldera begira?

Nik uste dut baietz. Galdera horri aurrez aurre begiratu eta erantzuten saiatu beharrean, are gehiago, jakinda gizonezkook garela printzipioz alde diskriminatzailea, hau da, guk eragiten diogula beste generoari menderakuntza hori, iraultza feminista horri gehitu beharrean, historian beste iraultza guztiei gehitu garen bezala –ez gehitu bakarrik, protagonista izan ere bai– beste aldera begiratzen dugu. Eta kasu honetan agian ez dagokigu protagonista papera, baina zerbait egitea bai. 

Zergatik ez da egiten?

Gizonezkoen parte bat dago feminismoa kasik haiek akabatzeko konplot bat bezala ikusten duena. Baina gehiengoa pentsatu nahi dut ez garela horrelakoak. Eta hala ere, feminismoaren ideia nagusiekin bat egin arren, ez du parte hartzen hori lortzeko bidean. Beldurra izan daiteke faktore bat, anaidi horretatik ateratzen dena zigortua baita oraindik ere. Ezjakintasuna beste bat: nola parte hartu? 

Gizonezko talde batzuk biltzen hasi dira.

Eta talde baliagarriak direla esango nuke. Egin beharreko ariketa da. Ez da erraza gizonezko bezala kontziente izatea emakumezkoek zeozer irabaz dezaten pribilejioei uko egin behar diegula. Baina konbentzituta nago gizonezkook ere irabazten aterako ginatekeela. Ez naiz ongi sentitzen jakiten badut beste bat nire erruagatik gaizki pasatzen ari dela, diskriminatua dagoela, nik menperatzen dudala. Hor okerrago sentitzen naiz pribilejio batzuei uko eginda baino.

 

Zergatik ez dugu gogoratzen gogoratzen ez duguna? Nik ez ditut gogoratzen, adibidez, nire klasekideei institutuan irakasle batek egin zizkien abusuak

 

Liburu honek oinarri bat ematen ahal du gizonak honetaz mintzatzen hasteko.

Has gaitezen hitz egiten, ariketa hau egiten, begira diezaiegun geure bizitzei eta ikusi hor nola gizon bezala izan ditzakegun abantaila batzuk. Patuaren zori hutsagatik, nik ez baitut aukeratu zer genero rol tokatu zaidan, pribilejio batzuk ditut eta horretaz kontziente izatea da lehenengo pausoa. Hurrengoa horiek aldatzen saiatzea litzateke.

Jendarte justuago eta ez bereziki gizarte binario baten alde?

Ulertzen dut generoak eraikuntza sozial bezala, hain justu desberdintasun sozialak aztertzeko oso egokiak direla, hau da, hitz egin dezakegu emakume eta gizonen arteko soldata arrakalaz. Baina gero egunerokoan ez zait interesatzen, ez dut egiten halako banaketarik pertsona batekin egoteko, ezagutzeko edo irakurtzeko, berdin zait zer generorekin identifikatzen den edo identifikatzen dugun edo ez. Emakumezko askorekin askoz ere harreman estuagoa eta interesgarriagoa daukat gizonezkoen gehiengo handi batekin baino. 

Pila bat gustatu zait memoriari buruz egiten duzun gogoeta: zergatik ez dugu oroitzen oroitzen ez duguna eta, aldiz, tontakeriak bai? Haurtzaroari buruzko oroitzapen handirik ez duzu, baina zubitik behera erortzen den edo bere burua botatzen duen panpina baten irudia bai.

Eskertzen dizut honi buruz galdetzea ze nik ez nuen saiakera akademiko bat egin nahi. Badakit bukaera aldera liburua horra lerratzen dela, baina hasierak liburu osoari ematen saiatu naizen ukitu literario bat du. Justu memoria literaturako gai inportanteetako bat da. Beste bat da zoria. Memoriari dagokionez, zergatik gogoratzen dugu gogoratzen duguna eta, batez ere, zergatik ez dugu gogoratzen gogoratzen ez duguna? Nik ez ditut gogoratzen, adibidez, nire klasekideei institutuan irakasle batek egin zizkien abusuak. 

Ze gogorra den kapitulu hori.

Gogorra da gertaerengatik eurengatik, baina gogorra da ere egiten den hausnarketagatik: nola demonio ez ditut gogoratzen terrorearen institutu hartan gertatu zirenak? Ikaskideek gaur egunean kontatzen didate nola ateratzen zituen irakasle honek arbelera eta nola jartzen zien eskua ipurdia hasten den lekuan, nola deitzen zituen banan-banan bulegora eta, aldiz, nola joaten ziren beste neska batek lagunduta... Eta nik, benetan, eta pentsa kontrakoa nahiko nukeela, baina ez dut gogoratzen. Hor egiten den hausnarketa da gauza guztiak bezala memoria ere generoak zeharkatzen duela. Seguru nago neska banintz, eta ez derrigor abusatua, den-dena gogoratuko nukeela. Ni libratu nintzen, eta zoria sartzen da hemen, hain justu pederastari neskak gustatzen zitzaizkiolako.

 

Pentsatu nahi dut niri ere geratu zaizkidala emakumezko haien ezaugarri batzuk: bestea entzuteko ez gaitasun bat baizik eta kasik behar bat

 

Garbi izan zenituen instituzioak?

Egia esan bai, nahiz eta ariketa kontrakoa izan zen. Lehenengo biografian arakatzen hasi nintzen eta ikusten ea zer bizipenek esplika zezaketen generoaren eraikuntza hori. Baina gero konturatu nintzen bizipenek derrigorrean harremana dutela instituzio nagusi horiekin. Hau da, lehenik eta behin familia, gero eskola, lagunartea, gizarte zabala, futbola, musika, jaiak... 

Zure bizitzaren lehen 25 urteak hartu dituzu.

Adin horretatik aurrera zabaldu eta instituzio horiek ez dutelako hainbesteko eraginik. Ez dut esan nahi adin horretarako dena finkatuta dagoenik eta ezer egin ez daitekeenik; kontrakoa. Justu helduaroan sartzean inoiz baino kontzienteago zara, aurreko urteen irakurketa kritiko bat egin dezakezu eta, beraz, gauzak alda daitezke bizitza osoan zehar. Baina instituzio horiek bizitzaren lehen urteetan izan dezakete indar eta eragin gehien.

Gainera ez duzu ateratzeko modurik.

Askotan ez dakizu atera daitekeenik ere. Pentsa familian edo hain euskalduna den kuadrillan. Hasieran uste duzu hori bakarrik dagoela. Urteak aurrera joan ahala konturatzen zara hori ere modu kritiko batean begiratu dezakezula eta dauzkan alde onak, noski, apreziatu, baina funtzionatzen ez duten gauzak baldin badaude horiek aldatzen saiatu. Are, kontua ez bada bideragarria, beste zerumuga batzuk bilatu. Hau da, ezer ez da, agian bizitza baten lehen urteetan irudi dezakeen bezala, erabat finkoa, eta batez ere gauzek ez dute derrigorrean diren bezala izan behar. 

Umoreak ere badu tokia liburuan.

Baietz espero dut. Hori ere bada literaturak eskaintzen dizun gauza bat. Gainera, ez dut ulertzen giza existentzia umorerik eta ironiarik gabe. Iruditzen zait ongi erabilita izugarrizko arma indartsuak izan daitezkeela, bereziki pribilejiodunak erasotzeko, askotan ez baitituzte ulertzen halako tresnak.

Oin-oharretan sartzen dituzu sarri halako umore printzak.

Bai, egia esan ez zait erabat ongi atera ariketa. Printzipioz are ironikoagoak izatea nahi nuen, edo testuaren gorputzean garatu ezin zitezkeen gaiak hor apuntatuta uztea. Badut alde akademiko bat, irakasle naiz eta oin-oharrak ongi ere erabili ditut, hau da, erreferentzia bibliografikoak egiteko.

Emakumez inguratuta hazi zinen. Amonaren sukaldeko arkadia edo emekadia horretan imajinatzen zaitut...

[Barre egiten du]. Oso modu atseginean oroitzen dut. Inpresioa daukat ni elementu arrotz samarra nintzela. Alde batetik mutiko bakarra nintzelako; haur bakarra ere izan nintzen urte askoan, arreba jaio arte. Leku intimo bat zen, non emakumeek haien kontuez hitz egiten zuten, eta pentsatu nahi dut niri ere geratu zaizkidala emakumezko haien ezaugarri batzuk: bestea entzuteko ez gaitasun bat baizik eta kasik behar bat. Hori bai, harrotasunez diot. 

Komunikazioaz gogoetatzen duzu, nola solas egiten diogun elkarri. 

Gizontasun hegemoniko horren arabera, modu jakin batean komunikatu behar dugu gizonezkoen artean, sentimendurik aipatu gabe, benetan kezkatzen gaituzten gauzak partekatu gabe. Gizonezkook hezi gaituzte modu batera zeinean halako kontuen aurrean ezgai garen erabat. Gure artean gauzez hitz egin behar dugu, baina ez gauza horiek sortzen dizkiguten sentimenduez. Aldiz, txikitan gogoratzen ditut neskekin bestelako elkarrizketa batzuk eta ongi sentitzen nintzen halako gauzak partekatuz. 

 

Ez dakit zenbateraino moldatu edo behartu daitekeen zer desiratu eta zer ez. Maitasunaz eta sexualitateaz ari gara, baina bizitzako gainerako kontuetara zabal dezakegu

 

Ez duzu soldaduska bizitu, baina atal bat eskaini diozu osaba baten bidez.

Herentzian jaso dut solduskaren zauri hori. Osaba baten bizipena aipatzen dut, nola bazuen halako ezintasun bat esperientzia hartaz hitz egiteko, nik intuitzen nuena traumatikoa izan zela. Denborarekin jakin dut benetan esperientzia traumatikoa izan zitekeela eta askorentzat hala izan zela. Batzuk beren burua hiltzeraino iritsi dira. Kontraesanean, beste gizonezko batzuengan esperientzia hori zerbait iniziatiko eta kasik positibo bezala geratu da, halako anaitasun eta harreman hautsiezin gisa.

Soldaduskara gizon egitera joaten zela erraten zen.

Ideia zen mutil heldugabe bat bezala sartzen zinela eta esperientzia hark gogortzen zintuela eta bilakatzen zinela gizon. Berriz ere erritual sozial bat gizontasun mota jakin bat bultzatzeko, finkatzeko eta gero erreproduzitzeko. Emakumeak printzipioz ez ziren joaten soldaduskara. Printzipioz diot ze gaur egun ezarriko balitz seguru gizon-emakumezkoentzat jarriko luketela. Garai batean emakumeak ez ziren joaten, baina hala ere sufritzen zituzten ondorioak, eta nola, etxean, gizonezkoek halako jarrera autoritario eta biolentoak erreproduzitzen zituztenean. 

Gatazkarekin lotuta ere kultura militar hori edo gerraren kultura hori azaltzen duzu.

Biolentzia erabiltzea oso gauza maskulinoa da. Bestea baino gehiago izaten saiatzea. Are, zuk uste izatea eskubidea duzula beste bati min egiteko edo bizitza kentzeko. Aurretik beste armada batzuk aipatzen ditudan bezala, kasu honetan ‘gure’ armada ere aipatzen dut, hurbiltasun soziologiko batengatik. Bi esperientzia oso gertuko esplikatuta, nire ustean ikuspuntu maskulinoegia nola izan duen azaltzen dut. 

 

Aritz Galarraga, ispiluaren aurrean. (Jon URBE/FOKU)

 

Arinago, musikari eskaintzen diozu bertze atal bat.

Bazegoen halako erakusketa bat lehen aipatu ditugun balio maskulino horiena: harrokeria bat, bortitz agertzeko joera bat. Kontsumitzen genuen musika ere halakoa zen. Baina amodioari eskainitako kapituluan aipatzen den desira ere sartzen da hor. Ikuspegi sozial hori izatea ongi dago: heterosexualitatea nagusiki erabiltzen da patriarkatua zedarritzeko eta sistema horren hanka inportanteenetako bat da, onartzen den desira sexual nagusia. Baina beste eremu nabarrago batzuk ere badaude, ez hain argiak, nahasiagoak; bat da zer desiratzen dugun, zeren grina dugun. Hori ez dakit hainbeste zuzendu edo moldatu daitekeen. Ni saiatu naiz modu aktibo batean aztertzen ea zer sentitzen dudan gizon batekiko. Liburuan aipatzen ditut esperientzia batzuk zeinetan galdetu diodan nire buruari: egon daiteke aukerarik zerbaitetarako? Hau desiratzen dut? 

Erran izan da gizonen desira ezin dela kontrolatu. Zuk garbi diozu baietz.

Nahiz eta kontrakoa pentsarazi diguten gizonezkooi. Hau da, gure desira kontrolaezina da eta, gainera, besteek ase beharrekoa. Ez hanka ez buru ez duen kontu bat da. Hori kontrola daitekeela uste dudan bezala, ez dakit zenbateraino moldatu edo behartu daitekeen zer desiratu eta zer ez. Maitasunaz eta nahi baduzu sexualitateaz ari gara, baina bizitzako gainerako kontuetara zabal dezakegu.

Hori ez da txarra ere.

Ez da txarra desioarena lurralde anbiguoa eta nahasia izatea, ez garbi jakitea zer den, noraino, nola hausnartu horren gainean. Heterosexualtasuna ere berez beste aukera bat da. Txarra da aukera bakar bezala inposatzea eta patriarkatuaren oinarrietako bat izatea. Eta, ondorioz, txarra da heterosexualitate patriarkatuzale bat, txarra den bezala homosexualitate patriarkatuzale bat, edo emakume patriarkatuzale bat, eta horiek ere existitzen dira. Nire ustez, arazoa sistema da eta sistema da erasotu beharrekoa. 

Edozein gairekin beti puntu horretara ailegatzen gara, ezta?

Bai, eta horrek ere pixka bat etsitzen gaitu. Pentsatzen dugu ezin dela ezer egin. Sistema oso baten kontra zer egingo dut nahiz eta beste gizabanako batzuekin antolatu? Baina askotan aldaketa norberegandik dator. Ariketa hau bezalako gauza xume bat egiteak jada hausnarketa bat dakar eta aldaketak ekar ditzake. Egiten den gauza txikienak ere badu bere garrantzia aldaketaren bidean. Hortik liburu honen argitalpena, zalantzak zalantza eta beste norbaiti lekua kentzen ari natzaion sentimendua gorabehera.