NAIZ

AEBen ordezkari diren Sorozabal anaiek Euskal Selekzioa menderatu dute

Munduko Txapelketaren hirugarren jardunaldia ez da aurrekoak bezain oparoa izan Euskal Selekzioarentzat. Hiru partida irabazi eta hiru galdu ditu, tartean binakako zestarena, Biarritzen jaiotako Sorozabal anaien aurka, Amerikako Estatu Batuen ordezkariak.

Parapelotan aritzen den euskal taldea; Argentina hartu du mendean jardunaldi honetan.
Parapelotan aritzen den euskal taldea; Argentina hartu du mendean jardunaldi honetan. (EEPF)

Euskal Pilota Selekzioak hiru garaipen lortu ditu sei partidatan, Argentinan eta Uruguai jokatzen ari den XX. Munduko Txapelketako hirugarren jardunaldian. 

Egun honen lehia ikusgarrienetarikoa Uruguaiko frontoi luzean jokatu da. Bertan, parez pare Johan eta Gorka Sorozabal biarrotak (Amerikar Estatu Batuak ordezkatuz) eta Eñaut Urreisti eta Jon Ibarluzea Euskal Selekzioaren elastikoarekin. Sorozabal anaiek partida bikaina egin dute eta merezimendu osoz eraman dute garaipena (15-8, 15-11). 

36 metroko pilotalekuan (Buenos Airesen) jokatutako banakako zesta lehiaketetan, Mexiko izan dute aurkari bai Aritz Erkiagak baita Maialen Aldazabal euskal ordezkariek. Zailtasun handirik gabe eraman dute garaipena; 15-7 eta 15-4 ispastertarrak, eta 15-6 eta 15-7 berriatuarrak.

 

Hirugarren garaipena parapilotan heldu da: Sergio Rodriguezek eta Edorta De Antak aise menderatu dituzte Herrera eta Irazusta argentinarrak, 15-2 eta 15-1.

Gizonezkoen frontballean, Mikel Aurrekoetxeak 6-10 eta 5-10 galdu du Niño Abraham mexikarraren aurka. Mexiko da txapelketako faborito nagusia sail honetan. 

Gizonezkoen gomazko paletan, 30 metroko frontoian, heldu da hirugarren porrota. Unai Sagarzazuk 10-15, 15-13 eta 8-10 galdu du Frantziaren ordezkariaren aurka, hau ere itxuraz urrezko domina lortzeko hautagai nagusia.

Mugartegi bai, Bailo ez

Euskal Selekzioaren norgehiagokak alde batera utzi, euskal pilotariez osaturiko beste selekzioen arteko partidak nabarmendu behar dira. Esaterako, zestan Erika Mugartegi eta Oihana Sorozabal nor baino nor aritu dira Espainia eta Frantzia ordezkatuz: markinarra nagusitu da 15-2 eta 15-14ko emaitzaz.

Norgehiagoka bera eman da gizonezkoetan. Espainia ordezkatuz gertu izan du garaipena Ruben Bailo noaindarrak, lehen jokuan 15-14 irabazi ostean, baina Paueko Jean Olheranek gainerako biak eskuratu ditu (15-11 eta 10-6). Gizonezko binakako zestan ere frantziar ordezkariak espainiarrak mendean hartu dituzte (15-4 eta 15-8). Emakumezkoetan, ordea, espainarrentzat izan da garaipena, 15-4 eta 15-7ko emaitzaz.