
‘Bidean bat gara’ leloarekin, batasunaren alde egin du Nafarroa Oinezek. Hasteko, Zizur Nagusian ospatzen ari den besta hau, Nafarroan euskararen inguruan egiten den handiena, bi ikastolaren artean prestatu dute. Vianako Erentzun ikastola ttipiak Zizur Txikiko San Fermin ikastola handiari laguntza eskatu, eta honek eskua luzatu zion berehala. Ondorioz, elkarlan ederra sortu da bien artean eta bideak berak merezi izan duela baieztatu dute Garbiñe Zulaika keta Uxue Lazkanok, Erentzuneko eta San Fermineko zuzendariek, hurrenez hurren.
Goizean goizetik, udazken honetako lehenbiziko ipar haize hotza aurpegian sentituz, lanean ikusi ditugu petodunak, ekitaldietan agintariak eta Nafarroako 15 ikastoletako ordezkariak, eta elkarrekin euskararen bidea egiten hainbat jende. «Milaka lagun bildu dira giro ezin hobean», antolatzaileek balorazioan agertu dutenez. «Elkarlan eta elkartasun ariketa kolektiboa» balioetsi dute, eta «mugarri garrantzitsutzat» jo dute aurtengo besta, Nafarroako ikastolen elkartasun sarea are gehiago indartu duelako. Oinez honen helburua Vianako ikastolaren bideragarritasun ekonomikoa bermatzea zen, eta igande honetan bildutako diruari esker, xede hori «lorgarriagoa» da.
Hiru gunetan barna, adin guztietarako prestatutako jarduera programa zabala izan da egun osoan: kontzertuak, ikuskizunak, dantzak, herri kirolak, ginkana eta tailerrak, baita erronka ere.
Oinezen bidea egiten ari diren batzuk euskara ikasten ari dira, Deikazteluko Amaia bezala. June 2 urteko iloba besoetan ikusi dugu dinosauroen puzgarrietako ilaran. AEK-ko ikasle dela kontatu digu. Junek, berriz, Lizarrako Ikastolan ikasten du. Haren familiari tokatuko zaio, hortaz, heldu den urteko Oineza antolatzea. Haurraren aita ikastolan ikasia da eta amatxi, Vianako ikastolako irakasle izan zen. Hainbat aldetatik lotuta daude, hortaz, Nafarroako ikastolek osatzen duten sarearekin.
Egunpasa egitera etorri dira Zizur Nagusira, musikarekin dantzatzera eta, batez ere, aunitz jostatzera. Haurrek hamaika aukera dituzte horretarako, bereziki Ardoiko lehenengo gunean.
Euskara, bizikidetza elementu gisa
Hain zuzen ere, lehenbiziko gunean, bertako Luis Ibero parkean, egin dute hasiera ekitaldia, eta bertatik mezu argi bat helarazi nahi izan diote euskal jendarteari: «Euskararen normalizazioa eta etorkizuna erronka kolektiboa da, eta guztiok ekarpena egitea ezinbestekoa da». Horixe irudikatu dute jendarteko hainbat lagun publiko artetik atera direnean, bakoitzak bere sektoretik euskarari egiten dion ekarpena objektu baten bidez erakutsiz. Bertan ordezkatuta egon dira kultura, osasungintza, hezkuntza, musika, kirola eta bertze alor ugari.
Lehenbiziko hitzartzeak Eider Sagastibeltza eta Marta Tejada San Fermin eta Erentzun ikastoletako lehendakariek egin dituzte eta urte osoan bien artean egindako auzolan erraldoia baloratu dute. Horrez gain, euskararen ofizialtasunaren aldeko mezua ere igorri dute: «Gaurkoa, euskaraz gozatzeko topagunea izateaz gain, euskararen eta hizkuntz eskubideen aldeko eguna ere bada. Mugarik eta oztoporik gabe, Nafarroa osoan euskaraz ikasteko eta bizitzeko eskubidea aldarrikatzeko eguna».
Ildo beretik, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko lehendakariordeak Oinezen abestiaren hitzak ekarri ditu: «Hegotik iparrera, lau haizetara. Euskaraz bidean bat gara!», eta Nafarroa euskalduna aldarrikatu du, lerro artifizialen gainetik. Euskara bizikidetza elementu ere badela goraipatu du, batzen gaituen hizkuntza, Oineza horren adibide.
Konpromisoa eta komunitatea
Oier Sanjurjo Nafarroako Ikastolen Elkarteko lehendakaria zurezko objektu batekin goititu da oholtzara. Juan Gorriti artista nafarrarena da eta txalaparta garaikide bat irudikatzen du. Eta, honen bidez, baita hainbat balore ere: euskara eta euskal kultura, aniztasuna, komunitatea, komunikazioa eta natura bera.
Eskerrak emanez hasi da Sanjurjo, konpromisoa eta komunitatea balioan jarriz, «Oineza ez baitu erakunde batek eraiki, herri batek baizik. Komunitatea gara, ez ikastetxe soilak. Eta indibidualismoa sustatzen den garaiotan, batasuna jarri nahi dut erdigunean. Kohesioa, errespetua, enpatia, elkarlana. Horiek dira gure motorra, gure bereizgarria», azpimarratu du.
«Ikastolak gara eta oso harro gaude, bide onetik goazela barru-barrutik sentitzen dugulako», gaineratu du NIEko lehendakariak.
Eragile sozialei eta erakunde publikoei dei egin die ikastolak babes ditzaten, beren ekarpena funtsezkoa delako eta Nafarroa osoan izan behar dutelako lekua, zonifikazioaren gainetik.
Aurten Carlos Garaikoetxea hil da eta bera eta berekin batera ikastolen lehenengo ateak ireki zituztenak oroitu ditu Sanjurjok. Haien testigua hartuta, bidean bat dira Nafarroako 15 ikastolak.
Aurreskua eta gero, zinta moztu dute Oihane eta Aritz ikasleek, eta besta handia hasi da.Ardoi eta Gazolatz arteko paraje honetan. Kantuak dioen bezala, garizko algara, harrizko bide eta labanda usainezko egunsentian barna.
Omenaldia eta lekukoaren pasatzea
Hasiera ekitalditik, gaiteroen kalejirak lagundurik joan dira agintariak eta ikastoletako ordezkariak Zizur Nagusiko Kultur Etxera, han egin baitira 11.30ak aldera omenaldia eta lekukoaren pasatzea, Martxelo Sotes kazetaria aurkezle zela. Bitxikeria gisa kontatu duenez, Zintzur ttipia eta Zintzur Handia erraten omen zitzaien garai batean Zizur Txikiari eta Zizur Handiari, eta zintzur afinatuak izan ditu ekitaldiak, Beltxaren taldearekin hasita. San Fermin Ikastolarekin lotura handia duen taldea, bide batez. Xabier Irujo Amezagaren letra du kantuak, Ana Telletxeak moldatua. «Sena dugula gako», hasten da.
Josu Reparaz Nafarroako Ikastolen Elkarteko zuzendariak lehenago Sanjurjok aurkeztutako Juan Gorritiren eskultura eman dio Haizea Lizarbe Errigorako ordezkariari. «Gauzak egiteko modu bat aitortzen, eskertzen eta balioesten dugu, agian egunerokoa delako errekonozimendua jasotzen ez duena. Errigoraz ari gara. Aitortza hau Nafarroako 15 ikastolen izenean egiten dugu. Euskara biziberritzeko duen konpromisoa aitortzen dugu eta, horrekin batera, gure herriekin eta egunero bertan lan egiten dutenekin duen lotura. Konpromisoa balioesten dugu. Kanpaina, saski eta lankidetza bakoitzak etiketa batean sartu ezin den eta zifra batean esan ezin den zerbait dauka», adierazi du.
Horregatik, ikastolak belaunaldi berriak hazten ahalegintzen direla azaldu du, komunitate bateko kide izaten ikas dezaten, beren erabakiek besteengan ondorioak dituela uler dezaten. Elkartasuna, ekonomia, lurraldea eta hizkuntza artikulatzen ditu Errigorak, eta, ikastolek bezala, komunitatea egiten du.
Lizarbek erran duenez, ohorea da Errigoraren komunitatearentzat omenaldi hau jasotzea. Auzolanean errotutako komunitate erraldoia da eta aurki abiatuko du bere kanpaina berria, dokumental bat aurkeztearekin batera. Parte hartzera gonbidatu du kideak.
Lizarrako ikastolari lekukoa
Publiko artetik eskuz esku pasa ondotik, Eider Sagastibeltza eta Marta Tajada San Fermin eta Erentzungo lehendakariek ekarri diote lekukoa Joseba Tristan Lizarrako ikastolako ordezkariari.
«Orain dela urtebete jaso genuen lekukoa Paz de Ziganda ikastolaren eskutik, ezin dut hitzez azaldu une hartan sentitutako zirrara eta ilusioa. Iritsi da egun handia, gaur amaituko dugu urte osoan egindako bidea», erran du batek.
Eta bertzeak: «Harrotasunez bizi izan dut antolakuntza, muga administratiboen eta hizkuntza oztopoen gainetik erakutsi dugu sarea garela. Bideak jarraitu eginen du, Lizarraraino oraingoan. Zorionak Lizarra ikastolari!».
Ilusio eta ardura osoz gorde dute lekukoa urte osoan, ez delako egur puska bat soilik, gogoaren eta euskararen aldeko konpromiso kolektiboaren sinboloa da eta indarra emanen die Lizarrakoei. «Zuen txanda da orain. Bidelagun izanen gaituzue».
Tristanek bi ikastolak zoriondu, eta NIE eskertu du lekukoa beren esku uzteagatik. Bosgarren aldiz hartu ardura eta ohore hau Lizarrako ikastolak, suposatzen duenaz jakitun. «1985ean denok bat egin genuen euskaraz, 1990ean ezina ekinez egin genuen, 2004an Lizarran euskara bizitzeko hautua berretsi genuen, eta 2020-21ean espero gabeko haizeei aurre eginez, hegan oinez egin genuen. Gaur, ilusio berarekin eta indar berrituekin ekingo diogu bideari, plazak eta kaleak euskaraz eta auzolanean bete nahi ditugulako, elkarrekin lan egin eta gozatu».
Musikarekin bukatu da ekitaldia. Bi kanta eskaini ditu 50 urte bete dituen San Fermin abesbatzak: ‘Euskal Herria’ eta ‘Kontrapas’.

La Ertzaintza desahucia con extrema violencia a una familia con seis menores en Gasteiz

Ansola tiró de consultora y descartó a Bengoetxea para Bilbo porque «no ilusiona»

Astelehenean Bilbon Vito Quilesen agerraldiaren aurka mobilizatzera deitu dute

Exkixu eszenatokietara bueltatuko da, 2027ko apirilean, Gatibu eta Ken Zazpiko musikarien eskuz

