Andoni Arabaolaza
Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

Lara Neumeierrek historia egin du ‘Rhapsody’ ibilbidearekin

Eskalatzaile alemana trad britainiarreko lerro enblematiko hori (E11 7a, 8c+) egiten lehen emakumea bihurtu da. Denera, bi bidaiatan banatuta, 16 eguneko lana behar izan du arrakasta lortzeko.

Lara Neumeier alemanak historia egin du eskalada tradizionalean.
Lara Neumeier alemanak historia egin du eskalada tradizionalean. (Chris Prescott/Red Bull Content Pool)

Lara Neumeierren izena erabat txertatuta dago munduko eskalatzaileen komunitatean. Batez ere, gogor estutzen ikusi dugu horma luzeetan eta eskalada tradizionalean. Azken urteotan ekarpen oso garrantzitsuak egin ditu. Azkena, hilabete honetan bertan Eskozian sinatu du.

Aura berezia du aukeratutako erronkak. Hain zuzen ere, duela 20 urte Dave Mac Leoden ‘Rhapsody’ bidea (E11, 7a). Eskalatzaile eskoziarrak lerro horren lehen igoera egin zuen, eta, horri esker, trad britainiarrak lehen E11 ezagutu zuen. Bi hamarraldi igaro dira eta marra horrek oso igoera gutxi jaso ditu: soilik hamaika.

Bada, joan den 7an, Neumeier ‘Rhapsody’-rekin egin zen. Emakumezko baten lehen igoera da, eta, hortaz, 28 urteko eskalatzaileak historia egin du: «Bikaina da lehen emakumea izatea, batez ere ibilbideak 20 urte daramatzalako hor. Harrotasunez betetzen nau». 

Bi bidaiatan banatuta, alemanak lan eskerga egin behar izan du arrakasta hori lortzeko. Astebete igaro zuen lehenbiziko bisitan; bigarrenean, berriz, bederatzi egun. Prozesu horretan ondo kudeatu behar izan ditu bide horrek dituen ezaugarri guzti-guztiak. Trad-eko eskalada bat denez, gogoratu behar dugu ez duela paraboltik eta igoera guztia trabagailuekin babestu behar dela. 20 metroko balizko erorikoak ditu; hortaz, oso garrantzitsua da faktore hori kontuan hartzea. Alemanak eroriko luze batzuk izan zituen, baina ez zuen minik hartu. Zailtasun teknikoari dagokionez, 8c+ gainditu zuen.

«Inspiratu»

Neumeierrek Eskoziako lerro horretan izan zuen prozesuari dagokionez, aurreratu behar dugu iaz Austrian eskalatu zuen ‘Psychogramm’ ibilbideak (8b+, trad estiloa) motibatu zuela helburu gogor batean gogor saiatzeko: «Bide zailago bat aurkitu nahi nuen, antzeko erronka bat planteatzeko. `Rhapsody´ nire buruan zegoen Jacopo Larcherrek 2016an eskalatu zuenetik, eta proiektu interesgarria izan zitekeela pentsatu nuen».

Joan den apirilean lehen bisita egin zion ‘Rhapsody’-ri. Astebete igaro zuen mugimenduak ezagutzen eta trabagailuak non jarri ikasten. Ez zuen lan samurrik izan, besteak beste, eguraldiak ez zion batere lagundu. 

Udaran zehar ‘Trilogia Alpinoa’ xedearekin amaitu bezain laster, irailean berriro zegoen Eskoziako helburuaren aurrean. Soka goitik jarrita, sekuentzia batzuk perfekzionatu eta behetik saialdi batzuk egin ondoren, Neumeier prest zegoen behin betiko ekinaldiari egiteko. Bazekien hormaren goialdean dagoen 8a mailako boulderreko giltzak asko eskatuko ziola, batez ere eroriko luze-luze baten aurrean zegoelako; azken trabagailua oso urruti zuen. 

Hain zuzen ere, eskalatzaile gazteak eite horri azpimarra egin dio: «Fisikoki oso zaila da, baina mentalki ere oso gogorra, bidearen giltza gailurretik gertu dagoelako. Funtsean, beti eskalatu behar duzu behetik haraino iristeko eta ahalik eta ahalegin handiena egiteko. Eta gero klima dago, beste faktore garrantzitsu bat da. Baldintza egokiak behar dituzu, eta Eskozian hori lortzea zaila izan daiteke».

Saialdi batzuk egin, bi eguneko atsedena hartu eta arrakastaren eguna heldu zen. Nahiz eta ezustean sekzio txiki bat heze aurkitu, Neumeier aurrera egin eta joan den 7an ‘Rhapsody’-ren amaierara erorikorik gabe iritsi zen: «Azken heldulekua harrapatu eta ertza gainditzea sekulako sentsazioa izan zen. Gailurrean egoteak izugarri zoriontsu eta harro sentiarazi ninduen. Energia, ahalegin eta determinazio asko inbertitu nuen bide honetan, aurreko beste edozeinetan baino».

Alemanaren lorpen pertsonalaz gain, Neumeierrek espero du bere igoerak emakume gehiago animatzea asmo handiko proiektuei ekitera eta tradizioz gizonak nagusi diren eskalada eremuetan aurrera egiteko gaitasunean konfiantza izatera: «Funtsezkoa da emakumeok konfiantza izatea benetan zailak diren gauzak egiten saiatzeko. Azkenean, ikusten dugu dena ondo doala. Hori zoragarria da».