Asier Aiestaran
Kazetaria

Jokin Altuna gailendu da Lasoren aurkako borroka gogorrean

Amezketarrak gehiago asmatu du une erabakigarrietan eta garaipen garrantzitsua lortu du Donostiako Atano III.a pilotalekuan (22-13). Lasori asko zaildu zaio finalerdietarako bidea.

Altuna eta Laso, partida amaieran elkar besarkatzen.
Altuna eta Laso, partida amaieran elkar besarkatzen. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Jokin Altunak garaipen garrantzitsua lortu du Donostiako Atano III.a pilotalekuan Unai Lasoren aurka jokatutako izarren arteko partidan. Amezketarrak gehiago asmatu du une erabakigarrietan eta 22-13 irabazi du, Lau eta Erdiko Txapelketan bizi-bizirik jarraitzeko. Lasori asko zaildu zaio finalerdietarako bidea.

Zehazki, igandean Logroñon jokatuko den B multzoko beste partidan Zabalak irabazten baldin badu, errioxarra matematikoki sailkatuta egongo da eta Unai Laso kanporatuta. Aldiz, Jon Ander Peñak irabazten baldin badu, Lasok oraindik ere aukeratxoren bat izango luke. 

Gaurkora etorrita, Atanokoa tentsio handiko neurketa izan da, eta Altunak urduritasunak hobeto kudeatzen jakin duela esan daiteke. Lasok piloteoa dominatu du norgehiagokaren zati handi batean, baina kosta egin zaio markagailuan takadak egitea. Altunak, aldiz, une askotan defentsan aritu behar izan badu ere, ez du inoiz markagailuan agintea galdu eta oso ongi kudeatu ditu une zail horiek.

Gogorra hasieratik

Hasiera-hasieratik ikusi da partida oso gogorra izango zela. Pilotak aurreko jardunaldikoak baino bizixeagoak izan arren, bi pilotariak botera jokatuz ekin diote neurketari, eta bigarren tantoa jada 35 pilotakadakoa izan da, bien hauspoak ederki berotuta. Hori bai, Altunak oso inspiratuta ekin dio lehiari eta 3-0 aurreratu da, horma-bikoz bi tanto eginda.

Eta are nabarmenagoa izan da bigarren partziala, Lasok 3-1ekoa gantxo eder batekin lortu ostean, amezketarra 7-1 aurreratik jarri delako markagailuan. Sakez min handia egin du gipuzkoarrak tarte horretan eta Laso urduritzen hasi da.

Nafarrak garesti ordaindu du hasierako desabantaila hori. Hortik aurrera partida asko gogortu da, asko parekatu da, eta orokorrean Laso nagusitzen joan da piloteoak luzatu ahala, baina ez du lortu tanto takada handirik eta beti atzetik ibili behar izan du.

Urduritasuna eta tentsioa 10-4koaren ondoren hasi da kantxan are gehiago nabarmentzen, epaileek Lasoren alde eroritako tanto batean buelta eman dutelako, nafarrak Altunari traba egin diola ulertuta. Egia esan, Laso apur bat kexatu da baina erabakiak nahiko argia zirudien.

Baina egoera handik apur batera lehertu da, Jokin Altunak 13-6koa egin duenean. Tanto horretan Altuna izan da nabarmen samar Lasori traba egin diona nafarra airez sartzera joan denean, baina kasu honetan epaileek ez dute buelta eman. Haien ustez Lasok ez du pilota jotzeko keinurik egin eta horregatik ezin zen bueltarik eman.

Jokaldi horrek zalaparta handia sortu du. Jon Mariezkurrena zuzen-zuzenean joan da epailearengana kontuak eskatzera, eta Lasoren aldeko jarraitzaileek ere ozen salatu dute erabakia. Aurrenekoan buelta emanez gero agian bigarrenean ere egokiagoa zen irizpidea mantentzea.

Jokaldi horrek beste une aipagarri bat ere ekarri du. Altuna sakatzera joan denean txistuak entzun behar izan ditu, eta amezketarrak itxarotea erabaki du. Lasok, gizalegez, errespetua eskatu die bere zaleei eta aurkariari txisturik ez jotzeko. Altunak eskertu egin du Lasoren jarrera partida amaieran.

Azken saiakera

Dena kontran jartzen ari zitzaion Lasori, baina Baikokoak azken saiakera bat egin du partidan sartu eta markagailua parekatzeko. Tantoak landuz eta errematean pauso bat aurrera eginez, aurrelari nafarra 15-11 gerturatu da. Sakearekin gehiago asmatu du tarte horretan, eta gantxoak ere ongi funtzionatu dio.

Baina gaurkoa ez zen bere eguna. Erremate bat zabalera joan zaio eta berriz ere Altunak hartu du jokoaren ekimena 16-11koarekin. Eta amezketarrak ez du barkatu: bi horma-biko jarraian, dejada txokoan eta sake bikain batekin 21-12 hurbildu da garaipenera. Lasok beste tantio bat egin arren, garaipena 22-13 argi batekin itxi du Altunak eta bizi-bizirik jarraitzen du txapelketan.

«Niretzat partida oso garrantzitsua zen. Udan nahi baino gutxiago jokatu dut, ongi prestatu dut txapelketa, baina aurreko astean Zabalak egurtu egin zidan. Nahi gabe ere buruari bueltaka hasten zara. Oraindik zer esana badudala erakutsi nahi nuen eta eskerrak eman nahi dizkiet aurreko astetik errekuperatzen lagundu didaten guztiei», eskertu du Jokin Altunak.

Unai Laso, bere aldetik «haserre» azaldu da partida amaieran. «Ongi sentitzen nintzen, jokatzeko nengoen, baina ez dut asmatu tantoak amaitzen. Horregatik noa haserre. Ez dut uste 22-13koak kantxan ikusi dena islatzen duenik. Partida gogorra izan da baina sakearekin eta errematean berak asmatu egin du eta nik ez», esan du.

Elordi nagusi Labriten

Arratsaldeko beste partida Labriten jokatu da, eta bertan Aitor Elordik 20-22 menderatu du Joseba Ezkurdia. Gora-behera handiko neurketa izan da: Ezkurdia 11-6 aurretik ibili da lehen zatian eta Elordik ere izan du 14-17an abantaila polita. Azken txanpan, ordea, asko parekatu da lehia eta garaipena bizkaitarrarentzat izan da.

Emaitza horrekin, A multzoan oraindik ez dago inor matematikoki kanpoan. Ezkurdiak ez du punturik lortu lehen bi jardunaldietan, baina tanteoa ona izan denez azken partidara aukera txiki batekin iritsiko da.