«Finalaurrekoen bi itzuli daudenez, batean ganbarakoak egongo dira eta bestean ez»
Lehen fasea amaituta, finalaurrekoetan sartuko da txapelketa. Bi itzulira jokatuko diren zazpi saio, abenduaren 20an Nafarroa Arenako oholtzara igoko direnen izenak ezagutzeko.

Finalaurrekoen eskailerara igoko da asteburu honetan Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa. Dagoeneko finalaren argia piztuta suma daiteke, begiak luzatuz gero. Batzuk iritsiko dira, beste batzuk bidean geratuko dira. Estua da finalerako atea, zazpi bertsolari baino ez dira kabitzen. Talde antolatzaileko Ainhoa Urien eta Udane Mugerzarekin eseri gara pixka batean, egindakoari begiratu eta egin beharrekoa irudikatzeko.
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Hazparnen abiatu zen irailaren 19an. Bezperan, Zinemaldian, Donostia saria jaso berritan, bertsolaritzaren aldarri eder bat egin zuen Werner Herzog zinemagile alemaniarrak. Euskal Herria poeten herria dela esan eta finala Youtuben jarraitu izan duela kontatu zuen. Miresmena agertu zuen bertsolaritzarekin.
AINHOA URIEN: Justu txapelketako lehenengo saioaren bezpera gauean gertatu zen eta, hurrengo egunean, Hazparnen, gure arteko hizketagai izan zen. Nik pertsonalki sorpresaz hartu nuen eta orokorrean ilusioz jaso genuen.
Gero, lehendakaritza taldean dezente luzatu ginen gai horrekin eta gogoeta egin genuen. Herzogek bere diskurtsoan esaten zuen Euskal Herria poeten herria dela eta hori bertsolaritzarekin lotzen zuen eta berak ezagutzen duen txapelketen formatuarekin. Guretzat interesgarria izan da bertsolaritzari aitortza egiteaz haratago eta horrelako zinemagile batek bertsolaritzaren jarraipena egiteaz haratago, sorkuntza artistiko gisa identifikatu izana.
Batzuetan sentipena genuen guk geuk, geure konplexuetatik, Euskal Herrian bertan edo bertso komunitatean bertan, hedabideetan, kultur politiketan edo bestelako herri eragileetan askotan bertsolaritza ez dela hartzen arte izaeradun diziplinatzat. Guk elkarte bezala geure burua kulturgintzan kokatzeko saltoa eman genuen eta Herzogen hitzak horri lotuta zeuden. Bertsolaritzari daukan izaera artistiko hori aitortu zion, hortik ekarpena egin zuen eta gure artean aipatu genuen ekarpen ederra izan zela. Batzuetan gure egia propioak ikusteko kanpoko begiak behar ditugu. Sentipena izan zen batzuetan nola behar izaten dugun kanpotik norbait etortzea eta etxean daukaguna baloratzea.
Eta abenduaren 20ko Iruñeko finalera gonbidatu zenuten.
Bai. Zinemaldian hitz horiek esan eta gero, erabaki genuen esker on gutun bat idaztea Herzogi, euskaraz eta ingelesez. Aitortza bat egin eta gonbidapen pare bat bidaltzea finalera etorri nahiko balu, itzulpen zerbitzuarekin. Nahiko azkar erantzun zuen berak, esanez asko eskertzen zuela baina beste konpromiso bat zuela egun horretan. Hala ere, gonbidapenak eta esker ona jasota geratzen zirela eta sare sozialen bidez segituko zuela finala.
Gatozen finalaurrekoetara. Gaur bertan hasiko da fase berria Larraun-Lekunberrin. Sarrerak agortuta. Eta aurreko saio askotan ere sarrerak agortu dira. Nola iristen da txapelketa fase honetara?
UDANE MUGERZA: Lehenengo fasean saio bat gehitu zaio txapelketari, zazpi saio izatera pasatu gara eta saio guztiak jendetsuagoak izan dira. Erantzuna oso ona izan da, hainbat herritako sarrerak agortu egin dira.
Lehenengo fasean erantzun ona egon izana guretzat bada azpimarratzekoa. Finalean, erpinean, jende asko izatea ondo, baina lehen fasean jende gehiago egon izana nabarmentzekoa da guretzat, balioa ematen diogun zerbait da.
Edukiera ez da parekoa izan saio guztietan. Kirol instalazioetara joatearen hautua beste herri batzuetara iristeko ahaleginetik dator. Ez genuen nahi aretoetan soilik mugituko zen txapelketa bat, horrek herriak eta eremuak errepikatzea ekarriko zuelako. Orduan, modu batean, bestelako instalazioetara ere joan behar izan dugu eta edukierak ez dira hain parekoak izan.
Finalaurrekoetara begira ere aurreikuspenak onak dira. Lekunberriko sarrerak agortu dira eta besteak ere martxa onean ari dira saltzen. Erantzuna ona izango dela aurreikusten da. Edukiera ere handiagoa izango da finalaurrekoetan.

Lehen fasean, Euskal Herriko zazpi herrialdeetan izan dira zazpi saioak. Apustu bat izan da.
A.U.: Saioak zazpi probintzietan izan dira. Hori bada elkarteak zaintzen duen zerbait, edukieretatik eta jende olde handiak mugitzetik haratago. Hori bai, baina baita Euskal Herri osoan saioak bermatzea ere. Hor lehenengo fasean bertsogintzatik sekulako ekarpena egin dela uste dut. Fase honetan ere, edukierak gorabehera, horrek markatuko du iparra; bertsolaritza eta euskara herri eta eremu desberdinetara eramateko helburuak.
Areto handiagoak, finala gertuago, epaile taldearen aldaketa, ariketen aldaketa. Txapelketak koska bat gora egingo du. Antolatzaile taldean ere presioak gora egiten du?
A.U.: Ez nuke esango presioa dela. Niretzat gehiago da txapelketaren beraren intentsitatea areagotzen dela. Saioek jende kopuruan hartzen duten dimentsioagatik, hedabideetan hartzen duten dimentsioagatik, bertsolari batzuek finala hor ikusten dutelako… horrek intentsitatea igotzen du eta ardura dakar. Hortik bizi dut nik.
U.M.: Lehenengo fasea ere mimo berarekin prestatu dugu, baina egia da koska bat gora egingo duela orain txapelketak. Aipatu duzu aldaketak egongo direla. Gai jartzaile taldean hamalau lagun ari dira lanean, eta, guztira, hamalau aurkezletza ikusiko ditugu txapelketan. Beraz, aurkezleak ere aldatuko dira fase honetan.
Era berean, guztira, 21 epaile daude taldean. Lehen fasean zazpi aritu dira, fase honetan beste zazpi sartuko dira eta finalaurrekoen bigarren itzulian -azken hiru saioetan-, beste zazpi. Finalean bederatzi epaileko taldea arituko da, aurretik aritu direnen arteko hautaketa bat.
Epaileen kasuan, gainera, beste lau epaile dabiltza bidelagun modura. Epaile taldeari bide laguntza edo gidaritza eskaintzeko modu bat da.
Orduan, esango nuke saio aurkezletzan edo epaile taldean aldaketak egotea badela kolektibo horietan dagoen potentzialtasuna baliatzeko modu bat, eta badela, era berean, horiek indartzeko modu bat. Txapelketak ekosistema osoari egiten dio mesede.
Epaile taldetik kanpo dauden lau epaile bidelagun aipatu dituzu.
U.M.: Lau bidelagun horien egitekoa izango da txapelketan ikuspegi orokorra edukitzea epailetzari dagokionez. Lau horiek ez dute puntuatzen. Horien egitekoa da saioetan epaileen sentipenak entzutea, kezka piztu dieten bertsoaldiak aipatzea, deigarriak iruditu zaizkienak… Bestetik, kuantitatiboki ere puntuazioen jarraipena egiten dute. Fase batetik bestera balorazioa egitea, hurrengo zazpikoteari kontuan hartu beharrekoak aipatzea…. hori da lau epaile horien egitekoa. Lau horiek pertsona berak dira txapelketa osoan zehar eta Euskal Herrikoan esperientzia handia dutenak: Eneritz Azkue, Joseba Beltza, Mikel Lersundi eta Eneko Bidegain.

Finalaurrekoen lehen itzulian ez da ganbararik izango. Bakarka arituko dira bertsolariak gaia emanda, bakoitzari berea, eta ofizioka bukatuko da saioa, hamarreko txikian.
A.U.: Hor badago bertsolaritza talde bat txapelketa guztietan oso modu aktiboan ari dena, bertsogintzari lotutako gaiak lantzen dituena eta hor hartzen dira erabaki horiek. Nik ulertzen dut kanpora begira ganbara kentzea deigarria dela, baina ez da txapelketa batean egiten den lehen aldia. Probatu izan da.
U.M.: Zergatik egin den? Ez dakit arrazoi konkretu bat ote dagoen. Merezi du nabarmentzea abiapuntua eta oinarria beti aurreko txapelketen balorazioa dela. Antolakuntzan ere, urteak aurrera joan ahala, egokitzen ari gara, aurreko esperientziatik edaten ari garelako. Eta ariketena hortik dator.
Badakigu entzuleriari ganbarako ariketa gustatzen zaiola. Azkenean, lehia batean gaudela kontuan hartuta eta konparaketak egitera jotzen dugula jakinda, ganbarak horretarako aukera ematen du. Era berean, bakarkakoak gai zehatzetan jartzen ditugunean egoera bestelakoa da eta emaitza desberdina. Txapelketaren barnean ganbarakoak egongo dira, baina baita bestelako bakarkakoak ere.
Finalaurrekoen bi itzuli daudenez, batean ganbarakoak egongo dira eta bestean bakarkakoak. Bakarkakoetan entzuleak sei gai desberdini buruzkoak entzuteko aukera izango du.
Bertsolariekin aipatzen dira erabaki horiek?
A.U.: Bai noski. Bertsogintzako Taldean bertsolariak daude. Jakinekoa da bertsolarien artean ere iritzi, zaletasun, bertsokera, estilo, joera… desberdinak daudela.
Iritsiko zitzaizuen bertsolarien iritziren bat… denak ez dira kontentu egongo.
A.U.: Nik uste dut batzuei ondo irudituko zaiela eta beste batzuei ez hain ondo. Askotan «bertsolariak» esaten dugu, baina oso modu, izaera eta gogo desberdineko bertsolariak daude. Aurreko txapelketako balorazioan oinarritzen gara eta hor bai jasotzen da bertsolarien iritzia ariketen inguruan.
Baina, noski, batzuei gehiago gustatzen zaie ganbarakoa, beste batzuek nahiago dute bakarkako formatua; hamarreko txikiarekin amaitzeak deskoadratu egingo ditu batzuk…
Izan ere, finalaurrekoen lehen itzulian saioa ez da bakarkakoarekin bukatzen, hamarreko txikiarekin baizik, binaka eta ofizioka. Plazako saioetara gerturatzeko saiakera bat al da?
A.U.: Plaza esaten dugunean, askotarikoa da plaza. Egia da txapelketak eta plazak elkarri eragiten diotela une oro, hor badago elkarreragin bat. Baina «plazara hurbiltze nahia»… zer da plaza? Askotariko plazak daude bertsokeran, gaitegian, formatuetan… Horiek denak txapelketari ekarpena egiten diote, baina plaza esatea gauza oso anbiguoa da.
U.M.: Hori guztia jasoko dugu bukaerako balorazioan, ikusiko dugu saioetan nola funtzionatzen duen. Bakarkakoekin bilatzen dena da sei gai desberdin eskaintzea. Egia da plaza mota asko daudela, baina plazetan orokorrean badago joera bat ofizioetan bukatzekoa. Eta alde horretatik badago keinu bat. Plazan bezala, ofiziotan bukatu nahi izan da.
Abenduaren 5ean, arratsaldez, azken finalaurrekoa Bilbon, Durangoko Azoka betean. Esango nuke lehen aldia dela Durangoko Azokak eta Euskal Herriko Txapelketak bat egiten dutena egun berean.
U.M.: Normalean ez da gertatu. Durangoko Gerediaga Elkartearekin bilera bat izan genuen hori aipatzeko. Mugatuta gaude, finalaren datak mugatzen gaitu. Gainera, txapelketari saio bat gehiago jarri diogu, finalaurrekoen bi itzulien artean ez dago atsedenik, finalaren aurretik atseden bat behar da… Horrela erabaki behar izan da. Bilbo eta Durango gertu daude… baina egia da gauza bat edo bestea aukeratu beharko duela jendeak larunbat arratsalde horretan.
A.U.: Egia da agenda aldetik bateraezintasun bat sortzen dela: arratsalde horretan gauza bat edo bestea aukeratu behar da. Baina, era berean, pozgarria da euskarazko eta euskal kulturgintzako bi ekitaldi hain indartsu aldi berean gertatzea. Uste dut badela gure ekosistema osoarentzat oso aberasgarria den gauza bat.

Blocus, la ‘mano negra’ violenta que confunde a los Mossos y lanza mensajes en Euskal Herria

Pradales y EH Bildu rechazan los graves ataques y Zupiria habla de «grupos organizados vascos»

La reivindicación de la República Vasca responde a la visita de Felipe de Borbón a Mondragon

69 fallecidos ya en Toledo por otro accidente en el AVE atribuido a un error humano

