Asier Aiestaran
Kazetaria

Javier Zabalak oso sendo jarraitzen du eta finalerdietan da jadanik

Lehen erdi oso parekatu baten ondoren, errioxarra nagusitu egin da Jon Ander Peñaren aurkako lehia gogorrean. Tolosarrak kale edo bale jokatuko du datorren asteburuan Jokin Altunaren kontra.

Zabala, aurreko jardunaldiko partidan.
Zabala, aurreko jardunaldiko partidan. (Endika PORTILLO | FOKU)

Javier Zabala Lau eta Erdiko Txapelketaren finalerdietan da. Errioxarrak 17-22 menderatu du Jon Ander Peña Logroñoko Adarraga pilotalekuan eta emaitza horri esker hurrengo faserako txartela ziurtatu du. Era berean, Unai Laso aukerarik gabe geratu da jardunaldi baten faltan.

Orain arte itxura onena emana zuten bi pilotarien arteko partida oso parekatua izan da lehen erdian (12-13), baina hortik aurrera Zabalaren kolpea eta fisikoa nagusitzen joan da 327 pilotakada izan dituen neurketa gogorrean.

Tolosarrak hasiera bikaina eman dio norgehiagokari. Bere joko elektrikoari zukua atera dio lehen jokalditik hasita. Sake-rematearekin egin du lehen tantoa eta sakez zuzenean hirugarrena (3-0). Horma-biko ikusgarriak ere jo ditu: boleaz jotako eder batekin 5-2 aurreratu da.

Baina aurreko astean Altunaren kontra erakutsi zuen bezalaxe, Zabalak ez dio muzin egin lanari. Ahal izan duenean pilota aldatu eta Peña zigortzen saiatu da behin eta berriz. Botilero lanetan izaten duen bere aitak zabala eta Peñaren eskuina bilatzeko eskatzen zion arren, setati jarraitu du Zabalak paretean pilota luzatzen, eta tanto oso gogorrak jokatu dituzte.

Peñak abantailari eusten zion arren (7-4, 9-6 eta 11-9), neurketa ikaragarri gogortu da eta tolosarrari oso nekatuta antzeman zaio zenbait unetan. Zabala nagusitzen hasia zen piloteoan, baina errioxarra ere oso urduri ikusi dugu, etengabe epaileari aurkariaren atxikiak eskatzen, bere ustez bigarren botean eramandako pilota bat eskatzen...

Demak nonbaitetik apurtu behar bazuen, zigor fisikoaren erruz Zabalaren alde erori dela pentsa daiteke. Errioxarra fisikoki oso indartsua da eta pilotak gastatzen joan ahala bere kolpea eta abiadura nagusitzen hasten dira. Antzekoa pasa zen aurreko astean Gasteizen Altunaren aurkakoan, eta halaxe izan da gaurkoan ere.

Gantxo aparta joz lortu du 12-13koa Peñak, baina Zabalaren erantzuna zazpi tantoko partziala izan da, zuzenean 12-20ra alde eginez. Errioxarrak oso sendo jokatu du –abantailak ematen duen lasaitasunak ere lagundu dio jokaldi zail batzuetan arriskatzen– eta Peña huts batzuk pilatzen hasi da nekearen ondorioz.

Gipuzkoarrak azken esfortzu bat eginda 17-21era hurbiltzea lortu du, baina Zabalak azken horma-biko bikain batekin itxi du garaipena eta finalerdietarako txartela. «Helburua txapela da, eta hau beste urrats bat izan da bide horretan. Oraindik asko falta da, bidearen erdia baino ez dugu egin, eta orain entrenatzen jarraitu behar dut», adierazi du Zabalak garaipenarekin pozarren.

Partidaren bere analisia, hauxe: «Deseroso aritu naiz ia partida guztian. Hasieran Peñak erritmo handian jokatu du, tanto oso gogorrak izan dira, baina lortu dut agonia horretan gozatzea. Partida erditik aurrera abiadura sartu diot pilotari eskubiz eta nagusitu egin naiz. Partida oso landua izan da, oso fisikoa, eta hor egon da agian gakoa».

Jon Ander Peñak, bere aldetik, ez du aitzakia handirik jarri. «Gehiago izan da. Abiadura gehiago eman dio pilotari eta nik baino opari gutxiago egin ditu. Ezker paretarekin borrokan ibili naiz, ez nion antzematen pilotari nola aterako zen, eta alde horretatik oso deseroso aritu naiz».

Altunaren kontrako neurketa erabakigarriaz hauxe gehitu du: «Lau eta erdian espezialista handia da, baina ongi nago eta irabazteko gai naiz». Eta enpresako arduradunei mezutxo bat ere bai, uda osoan bigarren mailan jokatzen aritu ostean aukerekin jarraitzen duen Baikoko pilotari bakarra delako: «Kuriosoa da, agian beste norbaiti ere kuriosoa egingo zaio». 

Zubizarreta III.a, sailkatuta

Jaialdiko lehen partidan, B Serieko txapelketari zegokiona, Iraitz Zubizarretak 22-17 menderatu du Xabi Rekalde. Garaipen horrri esker, ataundarra jada finalerdietara sailkatuta dago eta Rekaldek kale edo bale jokatuko du bigarren postua datorren asteburuan Iker Salaberriaren kontra.

Rekaldek neurketa hasiera ona egin du, markagailuan ere aurretik jarriz, baina bigarren erdian Zubizarreta gehiago izan da. Sendoago jokatu du eta opari gutxiago egin. 300 pilotakada jo dituzte 62 minutuko deman.