
61. Durangoko Azokaren iruditeria aurkeztu dute asteazken honetan Durangoko Landako Gunean. Andoni Beristain egileak eman ditu azalpenak, baita azokaren koordinatzaile Beñat Gaztelurrutiak ere. Gerediaga Elkarteko eta azokaren guneetako arduradunez gainera, erakunde babesle eta kolaboratzaileetako ordezkariak ere egon dira.
Gaztelurrutiak adierazi du «buru belarri» ari direla lanean eta datozen asteetan zabalduko dutela informazio gehiago. Momentuz, aurreratu du ikasle goiza abenduaren 4ean egingo dutela, nahiz eta bitartean azoka zabalik egongo den edonorentzat. Era berean, BADA! unitate didaktikoa sortu dute, Durangoko Azoka ikasgeletara eramateko. Horrez gain, abenduaren 5ean ‘Gazte Eztanda’ egingo dute, hots, gazteria erdigunean jarriko duen eguna, «sortzaile, hartzaile zein parte hartzaile gisa» aitortuko baitituzte gazteak.
Abenduaren 4tik 8ra egingo da 61. Durangoko Azoka, iazkoak baino egun bat gehiago izango du, beraz. Aurten, gainera, sorkuntzaren balioa eta sortzaileen lana nabarmendu nahi izan dituzte. Ideia horretatik abiatu da 61. edizioko iruditeria, kulturaren aniztasuna eta sorkuntzaren atzean dagoen lana irudikatzeko.
Iaz erabili zuten ‘DA! Kulturaren Jaialdia’ izendapenari eutsiko diote, Gaztelurrutiaren hitzetan, azoka «ez delako diziplina bakarrera mugatzen». Gaineratu du kultura «aisialdia baino gehiago» dela, hots, «pentsaera eta nortasuna» ere badela. Bertaratzera deitu ditu inoiz Durangoko Azokan izan direnak, baina baita hura ezagutzen ez dutenak ere: «Ez gara kulturzale gutxi, baina gehiago izan gaitezke». «Kultura ez da bakarrik erakusten edo jasotzen den zerbait, sortu egin behar da lehendabizi», azaldu du azokaren koordinatzaileak. Adierazi du, halaber, Andoni Beristainek sortutako iruditegian nabarituko dela hori.
Diseinatzaile, argazkilari eta arte zuzendariak sortu du Durangoko Azokaren 61. edizioko iruditeria, bi ideiatatik abiatuta: euskal kulturaren aberastasunetik eta sorkuntza analogikoaren balioa aldarrikatzetik. Artistak sorkuntza goraipatu du, adimen artifizialaren gainetik. Azaldu du kontzeptua objektuen bidez landu nahi izan dutela, bodegoiak sortuz. Horrela, kartelek kolore bateko hondo bat dute, eta gainean, garai bateko mikrofonoak, kaseteak eta margotzeko paletak.
Aurtengo proposamenak, beraz, Durangoko Azokaren aniztasuna erakusteaz gain, sorkuntzaren atzean dagoen giza-lana aldarrikatzen du.

Cargas de la Ertzaintza para desahuciar en Arrigorriaga a Carmen y a su hija de 11 años

EH Bildu, primera fuerza en intención de voto en la CAV, confirmaría el sorpaso en Bizkaia

Blocus, la ‘mano negra’ violenta que confunde a los Mossos y lanza mensajes en Euskal Herria

La reivindicación de la República Vasca responde a la visita de Felipe de Borbón a Mondragon

