Urtzi Urrutikoetxea

Midterms, edo agintaldi erdia baino gehiago egotea jokoan

Bi urte izango dira datorren astean Donald Trumpen garaipenetik. Era berean, bi urte faltako dira presidente berria hautatzeko bozetarako. Agintaldi erdiko bozak hauteskunde legislatiboak dira; botere legegilea berritzeak berebiziko eragina izan dezake, bai Washingtonen bai herrialde osoan.

Trumpek abiatu du hahuteskunde kanpaina, irudian Rock Hillen.
Trumpek abiatu du hahuteskunde kanpaina, irudian Rock Hillen. (KENT NISHIMURA | AFP)

Itzuli dira globoak, taula gaineko besarkadak, musika ozena eta bandera erraldoiak, eta Estatu Batuetako kanpainak munduko besteengandik bereizten dituen -eta besteengan nabarmen eragiten duen - ikuskizunaren ezaugarri guztiak. Eta hala ere, badago sentipen bat azken hamarkadetako agintaldi erdiko hauteskunderik garrantzitsuenak izan daitezkeela. 

Asteazkenean Donald Trumpek jarraituko du Etxe Zurian. Baina astearteko hauteskundeak asko du AEBko presidenteari buruzko erreferendumetik. Alde bateko eta besteko hauagaiek eta kanpainek berehala ulertu dute hori. Are gehiago, demokraten eraso-lerro nagusietako Trumpekiko otzantasuna den gisa berean, hautagai errepublikano gehienen estrategia balizko autonomia erakustea izan da, oreka ezinezko batekin: diskurtso trumpista erasokorra demokraten aurka, administrazioaren edo Kongresuan egindako lanaren defentsa baino gehiago, erakusteko askorik ez daukatela jakitun. 

Aurkariaren deshumanizazioa, buloak eta gezurrak aspaldiko estrategia dira, gerra kulturalera mugituz markoa: Abdul El Sayed Michiganeko hautagai demokrata jihadista beldurgarri beldurtzeko asmoa, edo James Texasen lehiatzen den James Talarico, seminarista eta oso erlijiosoa izanda ere, ‘Al Qaedaren’ jarraitzaile izatea leporatu diote eta, batez ere, trans agenda bultzatzea. Trump, Obamarekin saiatu zen bezala, Barack ostean daukan Hutsein bigarrena izena azpimarratuz, El Sayeden ‘Mohamed’ izenean zentratu da, Abdul lehen izenak ere jatorri musulmana argi adierazi arren. Talaricoren kasuan, «weirdo», tipo arraroa izatea da errepublikanoek osatu ahal izan den akusazioa larriena. 

Helburua eztabaidaren markoa ezartzea da, eta demokratek aurpegiratzen dizkieten datu zehatzetatik desbideratzea: Trumpek 2024an Bideni eta errepublikanoei prezio altuak eta inflazioa leporatu zizkien gisan, demokraten argudio nagusia poltsikoan dago. Laburbilduta, gasolinaren eta bestelako produktu batzuen prezioa, eta Trumpek muga-zergak eta, batez ere, Iranen aurkako gerra izaten ari diren ondorioak.

Inkestak eta joerak

Azken inkestetan demokratek errepublikanoek baino hamar puntu gehiago dituzte, eta Donald Trumpen onarpen maila %33raino jaitsi da. Ikuspegi horretan, figura toxiko bihurtu da hautagai errepublikano askorentzat, Senatuan, Ordezkarien Ganbera edo beren estatuetako gobernadorerako lehian aurrera egiteko. 

Arretarik handiena Washingtoneko Kongresuko Senatuan dago jarrita. Ordezkarien Ganberak herrialdeko hirugarren figura indartsuena dauka, Ganberako Speaker edo presidentea presidentearen eta presidenteordearen ostean dagoen botere gorenena da, AEBko konstituzioaren arabera. Baina Senatua da erabaki sakonenean azken hitza izaten duena. Tira, azken-aurrekoa, presidentearen beto-eskubidea aintzat hartzen bada.

Senatua da erabaki sakonenean azken hitza izaten duena. Tira, azken-aurrekoa, presidentearen beto-eskubidea aintzat hartzen bada.

Duela bi urte, trifecta perfektua lortu zuten errepublikanoek, Etxe Zuriaz gain Kongresuko bi ganberetako kontrola lortuta. Senatutako ehun ordezkarietatik (bi, estatu bakoitzeko) 53 dira errepublikanoak; lehenago 49 zituzten. Behe-ganberako agintaldia bi urterako baino ez da, hau da, bi urterik behin berritu egiten dira 435 aulkiak. Egia da eremu honetan ere lehia barruti gutxi batzuetara mugatzen dela, gehienetan alderdi batek edo besteak nagusitasun argia baitauka. Trumpen ‘gerrymandering’ edo mapa-aldaketa tranpatiek babes demokrata sakabanatu eta errepublikanoa metatzeko helburua daukate, baina zail izango dute errepublikanoek ganberari eustea. Hurrengo speaker-a, itxura guztien arabera, demokrata izango da.

Senatuaren kasuan, alabaina, aulkien herenak baino ez dira berritzen. 35 zehazki aurten. Edonola ere, kanpaina estatu gehienetara doala esan nahi du horrek, estatu bakoitzeko bi senatari daudenez; berrogeita hamar estatuetatik hamabost baino ez dira Senatuari buruz bozkatuko ez duenak. 

Beste behin ere, oro har gehiengoak argi samar egon ohi direnez, Senatuko lehia ere estatu gutxi batzuetara mugatzea espero zen. Mainek demokrata bozkatu du urte askotan, baina senatari errepublikanoa dauka, lortuko ote du aulkiari eustea? Michiganek tradizio demokrata izan arren, Trumpen alde bozkatu zuen 2024an (eta 2016an), zein jarrera izango du? Are gehiago, primario demokratek demokraten zatiketa agerian utzi zutenean, eta AIPAC eta Israelen aurkako lobby guztia Abdul El Sayeden aurka bildu direnean? 

Bizpahiru estatutara mugatzea espero zen lehia udara artean. Herritar askoren haserrea handia izan arren muga-zergen ondorioekin, eguneroko ziurgabetasunarekin (2025etik kaleratu diren milaka funtzionarioen artean demokratak eta errepublikanoak daude, noski) eta Irango gerrak ekarri duen erregaiaren prezioekin, historikoki ‘gorriak’ (errepublikanoak) izan diren estatuetan aldaketarik izateak demokraten amets zirudien benetan helburu lorgarri baino gehiago. Atzean aldaketa soziologiko eta demografikoa adieraziko luke, azken batean, eta horrelako prozesuek bi urte baino gehiago behar izaten dituzte. 

Azken txanpa

Maine eta, oro har, mugaldeari laguntzeko (Michigan, esaterako), Kanadarekiko muga-zergak arindu ditu egunotan Trumpek. Mugako komunitateentzat astindu gogorra izan dira presidentearen erabakiak. Baina olatu demokrata zabalduz doa. Duela hiru aste, errepublikanoen PACak (Trumpen agintaldi absolutuan, alderdi baten itxuratik hurbilen dagoena da PAC, dirua nola banatu erabakitzeko batzordea), Ipar Carolinako kanpainarako dirua Kansasera bideratzea erabaki zuen. 

Mugako komunitateentzat astindu gogorra izan dira presidentearen erabakiak. Baina olatu demokrata zabalduz doa.

Detaile txiki horrek agerian uzten du zein den egoera. Ipar Carolina galdutzat jo dute errepublikanoek; presidentearekin errebelde izan den senatari bat daukate egun, primarioetan kanporatu eta hautagai otzanagoa hobetsi zuten, eta inkesta guztien arabera, demokratek garaipen handia izango dute Ipar Carolinan. Baina Kansas indartu beharrak ematen du atentzioa. 1932an duela ia mende bat hautatu zuen azken aldiz Kansasek senatari demokrata bat. 

Duela hilabete pare bat, demokratek gora eta errepublikanoek behera egingo zutela esatea haratago, inork ez lituzke zalantzan jarriko senatari errepublikanoa hautatuko zutela Kansasek, Alaskak, Iowak, Ohiok edo Texasen. Nebraska eta Hego Carolina kontserbadoreak ere sartu dituzte ekuazioan asteon, eta izan da Mississippiko boto beltzak ezustekoa eman dezakeela iradoki duenik. Egungo 53-47 egoera iraultzeko, lau senatari kendu behar dizkiete demokratek errepublikanoei (berdinketa dagoen legealdietan, presidenteordeak, Senatuko buru bezala, bozketa gobernuko alderdiaren alde ekarri ohi du). Ipar Carolina eta Maine irabaztea eta Michigani eustea ziren, berriki arte, demokraten aldeko panorama errealista bakarra. Gehiengo errepublikanoa zertxobait estutzea. Orain, Ganberen kontrolak eskueran dirudi. 

Hondamendi errepublikanoaren -eta garaipen demokrataren- sinbolo agerikoena Texasek senatari demokrata hautatzea litzateke, James Talarico bidaltzea Washingtonera. Era berean, Trumpen porrot eta kalkulu erraldoia adieraziko luke. John Cornynek, oraindik senatari den errepublikanoak, ia beti bozkatu du Trumpek nahi izan duen bezala. Baina otzantasun nahikorik ez zelakoan, Texaseko errepublikanoek ere ustelkeriagatik gaitzetsi duten Ken Paxton fiskala inposatu zuen presidenteak hautagai izateko. Karguan dagoenak beti izan ohi du abantaila, elementu hori galtzeaz gain, Texasko balore konserbadoreetan ere jasangaitza zen hautagai ustel bat ezarri du. Eta mende erdian, lehen aldiz, Texasek senatari demokrata bat izan dezake.

Pertzepzioa

Hauteskundeak ez dira soilik boto gehiago edo gutxiago izatea. Hautetsontzi eta instituzio asko daudenean jokoan, errazagoa da ondorioa ere norberak nahi duenaren arabera argudiatzea. Midterm hauetan, Washingtoneko Kongresua berritzeaz gain, hainbat estatutako gobernadoreak ere hautatzen dira. 

Hondamendi errepublikanoaren -eta garaipen demokrataren- sinbolo agerikoena Texasek senatari demokrata hautatzea litzateke, James Talarico bidaltzea Washingtonera

Uste orokortua da Etxe Zurian dagoen alderdiarentzako zigor-botoa izan ohi direla hauteskunde hauek. Agintaldiko lehen bi urteetan nekez lortzen da presidentzia irabaztera eraman zituen promesak betetzea, eta bi urte lehenago galdutakoa baliatu izan ohi du oposizoko alderdiak bozketa. 

Arazoa da, baina, uste hori horren zabalduta egonik, balizko garaipen edo porrota ere espektatiba horien arabera uler litekeela. Duela lau urte, Joe Bidenen gobernuarentzat zigor gogorra espero zen. Azkenean, demokratek Ordezkarien Ganbera galdu zuten, baina Senatuko lehia oso ondo irten zitzaien: Pennsylvaniako aulkia kendu zieten errepublikanoei (gainerako senatari-aulki guztiek ordura arteko alderdien esku jarraitu zuten), eta ondorioz, agintaldiko lehen bi urteko berdinketa apurtzea lortu zuten, 51-49 gehiengoa lortuz. 

Errepublikanoek bi ganberetako baten kontrola lortu zuten, baina espektatiba askoz handiagoa izanik, porrot itxura izan zuen. Eta demokraten artean, ustez legealdi bakarrerako etorri zen Joe Biden bigarren agintaldi batera lehiatzeko animatu zuen. Hortik aurrerakoa, ezaguna da.

Asteartean gertatuko dena ez dago idatzita oraindik, baina inkestek eta pronostikoek demokraten garaipen handia eta errepublikanoen porrot historikoa iragartzen dute. Litekeena da Ordezkarien Ganbera demokraten esku geratzea, egun ere oso txikia da errepublikanoen gehiengoa. Baina Senatua eskuratzeko erabat hondoratu beharko da alderdi errepublikanoa. 

Logikoena, duela oso gutxi arte, demokratek behe-ganbera eskuratzea eta senatuan, asko jota, errepublikanoen gehiengoa gutxitzea litzateke, Maine edo Ipar Carolina eskuratuta. Orain, pronostikoa eta jende askoren itxaropena askoz gorago dago jarrita. Eta horrek badu arriskurik ere, noski. Atzo goizera arte erabateko garaipena zirudienak emaitza pattalaren irudia har lezake, Trumpek eta errepublikanoek bi ganberen kontrola galdu ezean, egungo 53-47 gehiengo gutxiengoan geratu ezean.