
1.800 lagun Eibarko Ipurua kiroldegian. Aretoa galako trajez, finalaurreko usain sarkorrez. Zozketaren aginduz osatu dute ilara: Alaia Martin, Oihana Iguaran, Nerea Ibarzabal, Miren Artetxe, Asier Azpiroz, Nerea Elustondo. Igo dira oholtzara eta majo astindu dute plaza, hitzak eta argudioak artez tolestuz. Txapelketa da eta puntuek asko agintzen dute. Baina Eibarren kantatu duten sei bertsolariek lortu dute plaza gora ekartzea uneren batean. Eta batzuek, behin eta berriz.
Badira belarriekin bakarrik entzun ezin diren bertsoak, baimenik eskatu gabe gorputzean sartzen direnak. Horrelako asko lehertu dira. Nerea Ibarzabalen bakarkakoa izan da une magiko horietako bat. Gaiak, lehen begiratuan, ez zuen xarma handirik: Egunero ordu erditik gora gidatu behar izaten duzu lanera joateko. Gaur ere bidean zoazela istripu larri bat izan dela ikusi duzu. Ibarzabalek puntadaz puntada, sekulako distira atera dio, orratzarekin zizta eginez Ipuruako entzuleen azaletan.
Euskal Herrian barna ordezkapenak egiten dabilen irakasle gazte prekarioaren ahotik aritu da. «Heriotzak gidatzen du nire ondoko karriletik», amaitu du lehena. Bigarrena, markoa jartzekoa: «Anbulantzia hor dago ta trafikoa geldoa/ mediku pare bat dabil lanean erdi eroa/ ta izara baten azpian pertsona baten beroa/ agian albisteetan bihurtzear numeroa/ irakasleen sistema sailarentzat hain sendoa/ baina gazte prekario bat berriz kaminoan doa/ eta ez banaiz iristen gaur klaustrora lehenengoa/ azkar bidaliko dute zerrendako hurrengoa». Eta, hirugarrenean, errematea: «...heren triste bat jornadan ta halere zorte itzela/ amari idatzi diot goiz guztietan bezela/ euria ari duen arren ondo iritsi naizela». Bakarkakoa Ibarzabalen saioaren lagin bat baino ez da, aparteko mailan aritu baita ariketa guztietan.
Alaia Martin, zorrotz
Puntutan bigarrena Alaia Martin izan da. Oiartzuarra oso zorrotz eta fin aritu da saio osoan zehar. Oihana Iguaran eta biek abiatu dute saio puntuagarria zortziko handian. Eta hor eman dute abixu nola zetorren bertso arratsaldea. Lehen olatuak altxa dituzte eskuz esku. Hauxe zuten gaia: Lagunak zarete. Umerik ez izateko hautua egin zenuten aspaldi. Oraindik ere umeak noiz izan behar dituzuen galdetzen dizuete askotan.
Martinek ireki du bidea: «...hementxe gaude zutik ta harro nahiz ta den mila esames/ gu emakume osoak gara haurrak eduki ala ez». Eta Iguaranek jarraitu, «...arroza pasa behar zaidala datozkit haur bat sustatzen/ ta ia ez dakit nola azaldu ez zait arroza gustatzen».
Bakarkakoan doinu berria atera du Martinek, oso doinu berezia. Azken aurreko puntuan hirutan egiten du errepika eta azkenerako bertsozaleak ere ikasi du. Doinu berria ateratzeak dakarren arriskua gora-behera, oiartzuarrak oso goitik josi du bakarkakoa. Gaiak egoera berezian jarri du. Hildakoak makillatzea eta prestatzea izan da bere lana. Eguneko hirugarren gorputzaren aurrean jarri du gai-emaileak Alaia Martin. Berezkoa duen begiratu berezi horrekin, lehena honela amaitu du: «...denei hitz egiten diet bizirik baleude gixa/ beraiengan pentsatzen dut bizitzak babestu ditzan/ señora ezpain gorriez zeinen dotore zabiltzan/ guapa-guapa egon zaitezen (hirutan) zure hurrengo bizitzan».
Hirugarrena Miren Artetxe izan da. Saio guztian zehar behin eta berriz asmatu du bere begiratua eta ahotsa ekartzen eta plazak majo eskertu dio. Zortziko txikian, adibidez, Nerea Elustondok eta biek ofizio bikaina josi dute. Artetxe medikua zen eta Elustondo Interneten sintomak bilatu eta bere diagnostiko propioa egiten duen gaixoa. Elustondok bota dio Artetxeri: «Internet bihurtu zait egizko aukera/ beti baitzabiltzate greba eta greba». Eta Artetxek erantzun, «Larrutan bazabiltza beti amarruka / ta BDMS latigoa hartuta/ ta baldin badauzkazu pezoiak lehertuta/ Nerea ba ez da izango ba grebaren kulpa».
Laugarrena puntutan, Oihana Iguaran. Bakarkakoan plaza zeharkatu du bere hitzekin. Gaia, hauxe: «Euskaltzalea zara. Zure herriko plazan pintada bat agertu da gaur: etorkin gehiegi euskararentzat». Iguaranen lehenengoa: «zein izan leike herri bat definitzeko kabida/ euskara hiztunok gara ta euskara hain handi da/ gerturatzeko prest dauden guztiak kabitzen dira».
Bosgarrena, Nerea Elustondo. Behin eta berriz astindu du plazak bere ironia zorrotzez, mundua zirikatzeko bere arte berezi horrekin. Oso puntuazio ona lortu du. Orokorrean, jendeak barre dezente egin du saioan eta hori seikotearen meritua da.
Eta seigarrena Asier Azpiroz izan da. Bere marka utzi du saioan zehar eta azkeneko ofizioan, Nerea Ibarzabalekin batera, goian amaitu du saioa hamarreko txikiko ariketa bikain batekin.

70 mobilizazio baino gehiago izanen dira Euskal Herrian azaroaren 11ko greba orokorrean

Manifiesto plural contra el fascismo con llamada a la marcha de EH Bildu y a votar

Un hombre es trasladado al hospital tras ser arrollado por el metro en Portugalete


