Kazetaria / Periodista

Errepublikanoak, izuak hartuta

Inkesta guztiek azken urteotako porrot handienetakoa iragartzen diete hautagai errepublikanoei. Donald Trumpek erabateko kontrolpean hartu duen alderdiak testuinguru berri batean egongo da ziurrenik asteazkenetik aurrera, etorkizun hurbilerako erabakiak hartzera behartuta.

AEBeko presidentea, Donald Trump.
AEBeko presidentea, Donald Trump. (Brendan SMIALOWSKI | AFP)

Estatu Batuetako politikara Europatik begiratzean, badago ohikoa den akats bat: alderdi demokrata eta errepublikanoa ohiko alderdien ikuspegitik ulertu nahi izatea. Demokratek oraindik gutxieneko egitura bati eusten diote, baina okerra litzateke joera edo ildo nagusiak markatzen edo eztabaidatzen dituen batzorde edo zuzendaritza bat irudikatzea. Organu zentral horren pisua eta indarra hutsaren ondorengoa da alderdiko hautetsi eta izen nagusien ondoan. Eta ezin ahaztu finantziazioa, hauteskunde kanpainetan horren garrantzitsua bihurtzen den diru-bilketaren elementua. Hortik ere, lobby handietatik eta haien milioietatik eta eraginetik apartean demokrata sozialistek milaka herritarren babesarekin eratu dituzten plataformak.

Demokraten artean alderdi egitura oso oinarrizkoa baldin bada, errepublikanoetan hori ere ez dago. Aspaldi utzi zion herritar kontserbadoreen hautu arduratsua izateari, nazioartean hegemonia inperialista eta barruan ekonomia aurreratuena izateko helburuak batutako alderdiari. Geroz eta pitzatuago eta muturrekoago ageri diren pertsonaia arrazista, ultra-kristau eta lotsarik gabeko oligarka ustelen erakundea da, beti ere Donald Trumpen dementziaren itzalean.

Horrek, Elon Musk eta Silicon Valleyko beste buruzagien bultzada lotsagabearekin, Etxe Zurira eraman zuen Trump duela urte bi. Orain ere, Elon Muskek ehun milioi dolar baino gehiago xahutu ditu gorroto-mezuak zabaltzen, trans jendearen aurka nagusiki, baita musulmanen edo kanpainan boto-emateko balio dezakeela iritzi dion beste edozein gerra kulturaletan. Floridan, Ocasio-Cortez, Mamdani eta Bernie Sandersen demokrata sozialisten taldeko Angie Nixon hautagaiarii «AEB gorrotatzen duen eta askatasunean sinesten ez duen komunista» izatea leporatzen diote antzeko iragarkiek.

Giro toxikoa

Michiganen egunotan telebista piztuta etengabe agertuko da iragarkiren bat Abdul El Sayed hautagai demokrata 'terrorista' edo 'jihadista' dela salatzen. Senatarigai demokratak zuzen azpimarratu du hipokrisia errepublikanoa: «ironia hauxe da: Donald Trump Qatarreko gobernuarekin hizketan eta milioika dolarreko jet pribatu luxuzko bat lortzen ari dela ikusten dugu. Bere suhia, Jared Kushner, eta bere semeak Saudi Arabiako gobernuarekin milioika dolarreko akordioak egiten ari dira. Baina gero AEBn, estatubatuar musulmanei eta arabiarrei buruz hitz egiteko duten modua nazkagarria da». 2024an demokratei bizkar eman zieten Michiganeko arabiar eta musulman askok, Bidenen administrazioak Israelekin zeukan jarreraz nazkatuta. Orain, euretako bat bidali nahi dute Senatura; errepublikanoen gorroto-mezuek hauspotuta.

Errepublikanoa, Donald Trumpen irudiekin lepokoan eta kamisetan, Floridako mitin batean. (Brendan SMIALOWKSI/AFP)

Giroa ahalik toxikoen bihurtzea izan da estrategia errepublikanoa aspaldian. Oposizioan diharduzunean, manipulazioa eta nahasmena baliagarria izan daiteke Gobernua egurtzeko.

Uneotan baina, Administrazioa errepublikanoa da, eta Kongresua bera estu hartuta dauka Donald Trumpek. Aurkari leporatzen dioten giro toxiko hori etxeraino sartu du Trumpek, horratik, eta horrek ekarriko die porrotik handiena.

Leialtasuna baino gehiago, erabateko sumisio itsua exijitu die Trumpek hautetsi errepublikanoei. Eta hori ere ez da beti aski izan: Ipar Carolinako Tom Tillis errepublikano errebeldea baztertu, umiliatu eta zapaldu zuen, alderdi barruko autonomiak barruti lehiatuetan izan dezakeen balioa usaindu ezinik. Orain, galdutzat jo dute errepublikanoek Ipar Carolina, kanpaina horretako sosak ustez ziurrak ziren eta kolokan ikusten dituzten estatu batzuetara bideratzeko.

Texasekoa Donald Trumpen porrotik handienetakoa izan liteke. Arazo handirik gabe irabaz zezakeen John Cornyn senatari otzana zeukan bertan, Senatuko bozketen ia ehuneko ehunean Trumpen agindutakoa betetzen. Baina duela urte batzuk ez zen horren Trump zale agertu, 2021ko Kapitolioaren aurkako erasoa kritikatu zuen, eta hori barkaezina zitzaion. Ustelkeria alde guztietatik darion Ken Paxton Texasko fiskal naugsia inposatu zuen Trumpek. Ordurako, Texasko kongresu errepublikanoak impeachment-kargugabetze-saioa bozkatu zuen gehiengo handiz ustelkeriagatik. Moralki, Paxtonen emazte kristau sutsuak publikoki salatu zuen senarra: «38 urteko ezkontzaren ondoren, dibortzioa eskatu dut arrazoi biblikoetan oinarrituta»; estatuko fiskalaren adulterio kasuak publikoak ziren ordurako.

Itsu-itsuan

Trumpen alderdiak, gainbehera betean eta hauteskundeetako porrotera zuzenean, ez du norabidea aldatzeko edo mezua modulatzeko ahaleginik egin. Lokatzean sakonago hondoratzerik ezinezkoa zirudienean, Vivek Ramaswamy presidentegai ohi eta Trumpen DOGE sail ez-ofizialeko aldi bateko buruari (Elon Muskekin batera), otu zitzaion ideia ona izan zitekeela irudimen perbertsoenak ere irudikatu ez dezakeen iragarki nazkagarri bat egitea: alaba bortxatu zutenean senar bortxatzailearen alde lerrokatu zen ama baten mezuarekin kanpaina egitea, alegia. Amy Acton, Ohioko gobernadore izateko hautagai demokrata eta Ramaswamyren aurkariak, haurtzaro izugarria izan zuen. Aitaordeak hiru urtez bortxatu zuen, egun hautagai eta orduan neskatoa zenak hamabi urte zituenean atxilotu zuten arte. Epaiketa baino lehen gizonak ihes egin zuen, ordea, eta Amy Actonen haurren zaintza galdu zuen. 1978tik ez dute harremanik izan ama-alabek. Bada, Ramaswamyk oniritzia eman zion amak hautagai demokratari gezurti deitzen zion iragarkia aireratzeari. Eta Trumpek? Oso ondo iritzi dio iragarkiari. Baten batek ohartarazi die
errepublikanoei ezetz, hautagai demokrata baino errepublikanoa uzten duela nabarmen, eta botoak uxatzen dizkiela. Dagoeneko erretiratu dute.

Cowboy kapeladun gizon bat, Ken Paxton Senaturako hautagai errepublikanoaren mitin batean. (Ricardo ARDUENGO /AFP)

Kasuak agerian uzten du errepublikanoen itsukeria, horratik. Astearteko galeraren psikosiak gorantz egin ahala, ia ehun urtez errepublikano bozkatu duten nekazarien estatuetako inkestak ikusita (Kansasen, Iowan zein Nebraskan orain ulertu dute Irango gerrak beren traktoreetako dieselean izan duen eragina), Trumpek kanpainako esaldi nagusietakoa bota zien: «bozka ezazue, boto-paperean ni banengo bezala». «Ni, Trump», alderdiaren ukabil itxi eta bateratzaile legez, inork artaldetik irten gabe.

Demokratek berehala egin dute bere Trumpen leloa: «bozka ezazue boto-paperean Trump balego bezala». Eta Trumpekin batera, Maine eta Michigan ito dituen Kanadarekiko muga-zergak edo nekazari-estatuak etorkinen lan-eskurik gabe utzi dituen ICEren politikak. Eta nola ez, auto-gidari, laborari zein beste edozein eremutako prezioak legealdiko une gorenera igo dituen Iranekiko gerra, Ormuzeko itsasartearen itxiera eta erregaien salneurria etengabeko igoera.

Argudio gutxi dute errepublikanoek defentsarako, administrazioaren neurrien alde egiteko boto-emaileen aurrean. Neurri batean, midterm hauteskunde guztietan dauka arazo hori gobernuan dagoen alderdiak. Horren aurrean, estatua zuzen ordezkatu duela agintzea izan ohi da hautagaiaren estrategia. Baina marko hori kendu die Trumpek, eta aurkari demokratari irain eta iseka egitea baino ez zaie geratu, horrek euren burua ere nabarmen utzi arren. Proposatzekorik ez, eta gezurrez eta irainez betetzea argudioa, sekula demokrata bozkatzerik pentsatuko ez zuenengan eraginik izango dutelakoan.

Azken itxaropena

Ez da ahaztu behar egun 53-47ko gehiengoa daukatela errepublikanoek Senatuan. Duela hiruzpalau hilabete, errazagoa zirudien Michiganen 54. aulkia lortzea, demokrata zentrista eta ezkertiarren arteko zatiketa baliatuta, beren ohiko gotorlekuetan hondamendia gertatzea baino. Ipar Carolina gal zezaketen, agian Maine ere bai, baina gehiengo errepublikanoak ziurra zirudien horrela ere.

Hori dute itxaropen nagusi oraindik ere errepublikanoek. Batzuk ohartzen dira, hala ere, Ordezkarien Ganbera galduta eta Senatuari doi-doi eustea, boto-galera handia izan arren, garaipen gisa saldu ahalko dutela errepublikanoek… eta Trumpek berak. Eta hortxe dago inkognita: 80 urte ditu Trumpek, gainbehera fisikoa nabarmena da, eta agintean bi urte geratzen zaizkio gehienez ere. Garaipen gisa sal dezakeen porrot batek on egingo lioke presidenteari, baina ez derrigor errepublikanoei.

Bestea, inkestak bete-betean asmatzea eta errepublikanoen porrot handia gauzatzea litzateke. Ipar Carolina, Maine, Texas, Ohio galtzea, edo are gehiago, Iowa, Kansas, Nebraska eta ezinezko zirudien beste barruti batzuk (Trump hasi da balizko porroterako aitzakia eta erantzule bila, noski, bera ez beste edonor).

Ontzia hondorantza doala, leialtasun itsuari eusteak ontziarekin batera hondoratzeko baino ez du balio. Interesgarria izango da ikustea JD Vance, Marco Rubio, Vivek Ramaswamy eta gainerako errepublikanoen taldea, Trumpengandik noiz eta nola hasten diren bereizten ikustea, azken urteotan denon aurrean egin dutena egin dutela ukatuz. Eta jakinda, euretako inork ez daukala lotsagabeki hauspotu duten liderraren indar edo erakartzeko gaitasun ultraren laurdenik ere.