
Bat-batean, emakume bat alabaren etxean agertu da, familiaren iragana hankaz gora jarriko duen egia bat aitortzeko. Duela urte asko, ezezagun batekin egindako itun batek baldintzatu zuen familia horren patua. Orain, luzaroan ezkutuan gordetako sekretua azaleratu da, eta haren ondorioek familiaren itxurazko oreka hautsiko dute.
Hori da Paolo Strippoli zuzendari italiarraren ‘L’estranea’ filmaren abiapuntua. Premisa horretatik abiatuta, beldurra ezustekoak eragiteko mekanismo huts gisa erabili beharrean, familiaren loturak, amaren kontrol-nahia eta errespetagarritasunaren prezioa auzitan jartzeko tresna bihurtzen saiatzen da zuzendaria.
Strippolik azaldu duenez, Salvatore De Chirico gidoilariarekin aspalditik lantzen ari zen proiektu batetik sortu zen filma. Erronka, zuzendariaren hitzetan, «familia-melodrama klasiko batetik abiatu eta thriller psikologikoaren zein beldurrezko zinemaren eremuan sartzen den istorio bat kontatzea zen, aldi berean Italiako testuinguru sozial eta kulturalari eutsiz. Horregatik, Bariko burgesiaren giroak eta haren ohiturek pisu berezia dute kontakizunean: familia ez da soilik harreman afektiboen esparrua, baita itxurak, itxaropen sozialak eta isilpeko akordioak zaintzen dituen erakunde modu bat ere».
Ideia nagusiaren indarra aitortu behar zaio filmari, baina Strippolik gehiegi azpimarratzen ditu haren esanahiak. Ikuslearen inteligentziaz fidatzen ez den film bat da, ideiak behin eta berriz azaltzen baititu. Sinboloak eta egoera dramatikoak, berez nahikoa adierazgarriak izan daitezkeen arren, gehiegizko azalpenen zama hartzen dute, eta horrek kontakizunaren anbiguotasuna murrizten du. Beldurrak ez du beti lortzen berezkoa duen ezinegon hori piztea; batzuetan, hain agerikoak diren asmoen erakusgarri bihurtzen da.
Filmaren formaren eta edukiaren arteko desoreka nabarmena da: irudiek eta giroak indar handia dute, baina horien bidez eraiki nahi den metafora ahula da. Strippolik gai interesgarriak jartzen ditu mahai gainean, baina ez du behar adina sakontzen.
Familiaren barruko botere-harremanak eta maitasunaren izenean justifikatutako kontrola aztertzeko aukera ematen duen premisak indarra galtzen du, gehiegizko dramatizazioaren eta azalpenen artean.
Euskal film laburrak
Euskal film laburren sailean, euskal zinemagileek askotariko gaiak landuko dituzte, formatu laburrean istorio handiak kontatzeko. Zortzi film ikusteko aukera izango da.
Lehenengoa ‘Azpian’ (Danel Garay eta Laura Barquín) izango da. Bertan, bi ahizpa kondaira ilun bat ezkutatzen duen laku batean bainatuko dira. Beldurrezko zinemaren baliabide formalak erabiliz, filmak familia baten haustura eta bi alaben egoera emozionala ditu ardatz, kontakizun intimo baten bidez.
Ane Contrerasek, berriz, ‘Crisálida’ aurkeztuko du, Ana eta haren ama Elisaren istorioa. Biak landetxe batean bizi dira, bakartuta, eta Elisak obsesiboki kontrolatzen du alabaren haurdunaldi aurreratuaren xehetasun oro. Hasieran gehiegizko babes gisa agertzen dena, ordea, mendekotasunean eta mesfidantzan oinarritutako amesgaizto itogarri bihurtuko da.
‘Hambre’ filmarekin (Imanol Ortiz), animazioaren munduan murgilduko gara. Víctor Basallotek, aldiz, ‘Happy’ aurkeztuko du. Amonaren etxera egindako bisita aspergarri batean, Carolek panpina berezi bat aurkituko du denbora-pasa gisa. Laster ohartuko da, ordea, etxe hartan ez dela bera bakarrik dibertitzen dakiena.
Egitaraua osatzeko, beste hiru film ere izango dira ikusgai: Axel Casasen ‘Línea Espectral’, Roberto San Sebastianen ‘Mal fario’ eta Xanti Rodriguezen ‘Mermelada’.
Lehiaz kanpo, irekiera ekitaldian ‘Antxumeak’ laburra ere eman zuten, euskal ekoizpenen artean. Imanol Olalde donostiarrak ‘Oihua!’ sorkuntza egitasmoaren laugarren edizioa irabazi zuen film labur horren proiektuarekin. Eneritz Sanchez aktorea da protagonistetako bat. Amaiaren rola jokatzen du, semearekin basoan barneratzen den emakumearena. Halako batean, ordea, haurra galduko du, eta tentsioa nagusituko da.
Filmaren abiapuntua drama psikologiko klasiko bat bada ere, egitura hori gai sakonago bati heltzeko baliatzen du egileak: naturaren oreka eta gizakiok haren lege aldaezinei behin eta berriz egiten diegun desafioa, beti gehiago. Berehalakotasuna eta norberekeria nagusi diren garaiotan, ‘Antxumeak’ filmak gogorarazten du ekintza orok dituela ondorioak, eta ondorio horiek mingarriak edo deserosoak izan daitezkeela.
Gogoeta hori pantailara eramateko, Olaldek Euskal Herriko mitologiako elementuak baliatu ditu, hala nola akerra, atsoa edo sorgina eta basoko indarrak. Ez ditu, ordea, ikuspegi folkloriko edo nostalgiko batetik lantzen. Mito horiek bizirik mantentzea eta gaurkotzea du helburu, egungo gizartean txertatuz eta antzinako sinboloek gaur egungo errealitatea ulertzeko eta azaltzeko duten gaitasuna agerian utziz.

EGI disfraza a Otegi y Aizpurua de guardias civiles y le responden con su denuncia de torturas

GARA eta Gu ere bai batu egin dira, Euskal Herriko selekzioen aldarria kalera ateratzeko xedez

EH Bildu refuerza su acción política con la aportación de David Fernàndez

