
‘Celedon’ lerroarekin (9a, Ilarduia) bederatzigarren esferan sartu zen Jon Barrutia. Aurretik oinarri sendoa zuen jauzi hori egiteko, eta badirudi 9a mailari neurria hartu diola. Eta hori diogu joan den igandean, azaroaren lehenbizikoan, zailtasun horretako bere bigarren helburuarekin egin zelako. Baltzolan dagoen ‘Il domani’ enblematikoari buruz ari gara.
‘Celedon’ kateatu zuenean, aipatzen zigun udaberrian Dimako kobazuloan ekinaldiak egiten izan zela ‘Il Domani’-n. Baina bisita horiek bertan behera uztera behartuta egon zen kondizio oso txarrak iritsi zirelako; hots, bero sargoria. Halere, gehitu zigun marra hori oso gertu izan zuela.
Hortaz, udara iritsi zenean, Barrutia xede hori aparkatu eta itzala eta freskotasunaren bila joan zen beste eskalada eremu batzuetara. La Lezen (Ilarduia) izan zuen hurrengo geltokia, eta, aurreratu dugun bezala, ‘Celedon’-ek zabaldu zion bederatzigarren esferako atea.
Udazkena heldu bezain laster, tenperaturak freskatu ziren, eta, besteak beste, Araotz bisitatu zuen. Erronken artean, ‘Honky Mix’ (8c+) zuen, eta ibilbide hori ere patrikan sartu zuen. Baina udaberrian zintzilik utzitako xedea zain zuen: ‘Il domani’. Eta soilik bi egunetan 9a hori egin zuen erorikorik gabe.
Baltzolako bide horren inguruan, eskalatzaile gazte honek adierazi digu helburu oso erakargarria zela: «Historia handia duen lerroa da. Patxi Usobiagak ekipatu eta lehen igoera egin zuen. Ondoren, euskal eskalatzaile oso sasoikok. Eta, gainera, Adam Ondra gai izan zen bistan egiteko. Ederra da oso; hurbildu eta lehen segundotik harrapatu zidan. Hortaz gain, Baltzolan bide pixka bat samurragoak egin eta gero, oso agerikoa zen ‘Il Domani’-n saiatzea».
«Ezustean»
Bilbotarrak bide horretan izan duen prozesuari dagokionez, aurreratu dugu lehen bisita udaberrian egin zuela. ‘Il donuska’ (8c/+) sinatu ondoren, ‘Il domani’ probatzen hasi zen: «Nahiko azkar egokitu nintzen. Giltza den blokea ondo atera zitzaidan, baina oropeekin arazo batzuk izan nituen. Nahiz eta oso gertu nuen, beroa heldu eta xede hori udazken honetarako utzi nuen. ‘Celedon’ eta ‘Honky Mix’ iritsi ziren udaran zehar. Urriaren 30ean berriro itzuli nintzen Baltzolara. Ekinaldi bat egin nuen mugimenduak gogoratzeko. Baina hatz batean sentsazio arraroa sentitu nuen; bazirudien min hartu nuela. Izutu nintzen, baina susto bat baino ez zen izan».
Behin betiko ekinaldia joan den igandean egin eta arrakasta erdietsi zuen. Nahiz eta oso indartsu zegoen, igoera horrek ezustean harrapatu zuen; izan ere, ez zuen hain azkar kateatzea espero: «Egun perfektua izan zen. Aitortu behar dizut ekinaldia hasi aurretik pixka bat beldurtuta nengoela; izan ere, orpoetan min nuen. Egun lainotua zen, eta, topera joan ondoren, kateatu nuen».
Irakurtzen den bezala, eskalatzaile gazteak ‘Il domani«-n izan duen agerraldiak ez du «misterio» berezirik. Protagonista honek ondo kudeatu behar izan ditu kondizioak. Hortaz, udako beroa saihestu eta udazkenera arte itxaron behar izan du arrakasta hori lortzeko. Ibilbideak duen giltzak, hots, blokeak, ez dio buruhauste berezirik eman. Eta atsedenaldiak ere ondo baino hobeto aprobetxatu ditu. Batez ere blokearen ostean dagoen batean belaunaren teknikarekin hamar minutu egon zen atseden hartzen.
‘Il domani’-n izan duen eskarmentuaren inguruan, azken balorazioa eskatu diogu Barrutiari: «Arestian aipatu dudan bezala, ibilbide ederra da. Ondo egokitu naiz estilo horretara. Adibidez, ‘Honky Mix’ zailtasun teknikoan samurragoa bada ere, gehiago eskatu dit. ‘Celedon’, berriz, nire estilokoa da: erregeletak eta erresistentzia. Ondorioz, oso gustura nago estilo ezberdinetan ondo moldatu naizelako. Eta berriro diot: ‘Il domani’ hain azkar egitea ezustea izan da».
Irakurtzen den bezala, eskalatzaile bizkaitarrak 9a mailako bi lerro ditu. Horrek, jakina, motibazioa eman dio helburu gogorragoak egiteko: «Baltzola ondo ezagutzen dudanez, agerikoa den hurrengo erronka ‘Iñi Ameriketan’ (9a+) izango da. Etxetik kanpo ere beste proiektu batzuk ditut, baina horretarako denbora behar dut».

Feijóo emplea una ikurriña mal dibujada para «evitar que Bildu tenga más fuerza en Madrid»

40.000 personas alzan la voz para «convertir nuestros sueños» en «las pesadillas» del fascismo

El vasco más rico del mundo vive en Suiza y basó su fortuna en el petróleo y el zinc

El empujón del ertzaina a una huelguista el 11N que causa indignación en redes

