NAIZ

Mende laurdena bete du Euskarazko Wikipediak

2001ean sortu zen euskarazko entziklopedia askea. Mende laurden geroago, 500.000 artikuluren langara hurbiltzen ari da, milaka ekarpenen eta boluntarioen lanari esker. Euskarazko Wikipediaren urteurrena ospatzeko ekitaldia egin dute Bilboko Euskal Museoan.

Ekitaldia egin dute Bilboko Euskal Museoan.
Ekitaldia egin dute Bilboko Euskal Museoan. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Euskarazko Wikipediak 25 urte bete ditu gaur. 2001ean abiatutako proiektuak bide luzea egin du ordutik, hasierako artikulu gutxi haietatik, ia milioi erdi artikulu biltzen dituen entziklopedia izatera igaro da. Bilboko Euskal Museoan egin dute ospakizuna.

Hazkunde horren atzean, ordea, ez dago enpresa handi baten erredakziorik, ezta soldatapeko artikulugile talde bat ere. Wikilariak daude, hots, beren denbora eta ezagutzak borondatez eskaintzen dituzten pertsonak. Batzuek artikulu berriak sortzen dituzte; beste batzuek informazioa eguneratu, akatsak zuzendu edo erreferentziak gehitzen dituzte.

Ekarpen horien guztien emaitza da gaur egungo euskarazko Wikipedia. 25 urteotan, Wikipedia euskarazko ezagutza librearen erreferentziazko guneetako bat bihurtu da. Askotariko jakintza-arloetako informazioa euskaraz eskaintzeaz gain, hizkuntzaren presentzia digitalean ere ekarpen garrantzitsua egin du.

Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak urteurreneko ekitaldi berezi bat antolatu du gaur bertan, Bilboko Euskal Museoan. 18.00etan hasi da ospakizuna, eta wikilariak, kolaboratzaileak eta erakundeetako ordezkariak elkartu dira bertan. Hitzaldiak, ikus-entzunezkoak eta emanaldi artistiko bat izan dira, 25 urteko ibilbidea gogoratzeko eta proiektua aurrera eraman duten pertsonen lana aitortzeko.

500.000 artikuluren langara iristea hurrengo mugarri handia izango dela aurreratu du EWKEk, baina, zehaztu dutenez, «erronka ez da kopurua handitzea soilik». «Edukien kalitatea hobetzea, jakintza-arlo berriak lantzea eta wikilari berrien parte hartzea sustatzea ere funtsezkoak izango dira», adierazi dute.